Palestina, eskuin muturra eta Donald Trump Iruñeko peñen karteletan

Palestina, eskuin muturra eta Donald Trump Iruñeko peñen karteletan

Zuri eta gorri kolorekoak ez diren arropak janzteko azken egunak iritsi dira Iruñera. Sanferminen usaina gero eta gertuago dago, baina Iruñeko Peñen Federazioak ospakuntza uztailaren 6an hasi beharrean larunbatean hasiko du. Izan ere, larunbatean ospatuko dute Iruñeko Peñen Eguna, eta egun horretan kaleak apainduko dituzten pankartak aurkeztu dituzte gaur, Iruñeko Kondestablearen jauregian.

Urtero bezala, gaurkotasun politikoko gaiak landu dituzte Iruñeko kaleetan barna ibiliko dituzten oihaletan, eta pasa den urteko kezka batzuk berriz ere islatu dituzte. Berriz ere AEBetako presidente Donald Trump irudikatu dute; ilustrazio batean Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin batera ere agertzen da, «Genozidioen jolasa» idatzita duen kutxa batean sartuta, eta bonbak nahieran jaurtitzen. Beste batzuetan deabruaren adarrekin ere irudikatu dituzte. Palestinar herriarekiko elkartasuna irudikatu dute askok: angurri batekin, banderarekin eta genozidioa salatuz. Ertzaintzak Loiuko (Bizkaia) aireportuan Global Sumud Flotillako kideen kontra egin zuen esku hartzea ere salatu dute batzuek: ertzain bat ikus daiteke bere borrarekin angurri bat suntsituz.

Eskuin muturraren kontrako mezuak ere izan dituzte hizpide: «Faxismoa ziztu bizian» kartelarekin ageri da Voxen burua den Santiago Abascal, abiadura handiko tren batean igota. «Faxismoa Iruñetik kanpo!» bezalako mezuak ere ikus daitezke aurtengo karteletan. Gainera, aipatzekoa da Vito Quiles faxista ere irudikatu dutela: Voxen txotxongilo bat balitz bezala irudikatu dute batzuek, besteek Donald Trumpekin batera, Iruñeko kaleetatik ihesean. «Horrelako jarrerarekin datozenak ez dira ongi etorriak», dago idatzita da horietako batean.

Erasoen kontra

Eraso sexisten aurkako eta feminismoaren aldeko mezuak ere ageri dira pankartetan, eta horrekin bat egiten dutela adierazi du Rakel Arjolek, Iruñeko Peñen Federazioko lehendakariak: «Gure jaietan ez dago tokirik eraso sexistentzat, ezta beste edozein indarkeria edo diskriminazio motarentzat ere». Arjolek argitu duenez, peñen federazioan koordinatzeko beharra ikusi dute: «Berretsi nahi dugu gure peña guztiak emakumeentzako gune seguruak direla eta izaten jarraituko dutela, edozein erasoren aurrean arduraz eta erabakitasunez jokatzeko prestatuak, erasoa nork egiten duen kontuan hartu gabe». 

[galleries:horizontal:166]

Kartel horiek guztiak Iruñeko kaleetan ikusteko aukera izango da larunbatean, Iruñeko Peñen Egunean. Urtero bezala, peñek bazkaria prestatuko dute Iruñeko zezen plazaren kanpoaldean goizeko 09:00etan, eta lehiaketa bat ere antolatu dute: Reyno Gourmeten bi lote gastronomiko izango dira lehiaketako sari nagusia. Sanferminei begira jarriko dira 10:30ean antolatutako elkarretaratzean, izan ere, eraso sexistei aurre egiteko protokoloak azalduko dituzte, Arjolek aipatu duenez: «Iruñeko Peñen Federaziotik jai feministak, inklusiboak, irisgarriak eta indarkeriarik gabekoak defendatzen jarraituko dugu». Ondoren, azoka solidarioa hasiko da, eta bertan izango dira BDZ, Yala Nafarroa, Salam Gaza eta Dravet sindromea elkarteak. Azkenik, pankartak aurkeztuko dituzte 12:30etik aurrera, eta bazkaltzeko ordura arte egongo dira ikusgai.