Iruñerriko Mugimendu Transfeministak transen «deslegitimizazioa» salatu du

Iruñerriko Mugimendu Transfeministak transen «deslegitimizazioa» salatu du

Iruñeko Udaletxeko enparantzan elkartu da Iruñerriko Mugimendu Transfeminista «beren burua feministatzat duten sektoreek zabaltzen dituzten gorroto diskurtsoak» salatzeko. Diskurtso horiek kalean «ondorio zuzenak» dituztela adierazi dute, «araua betetzen ez duten pertsonen bizitza mehatxatuz». Fokua, transek jasaten dituzten «jipoi, jazarpen, irain eta deslegitimazioan» jarri dute.

Gaur goizean aurkeztu dute Mugimendu Transfeminsitarekin bat egiten duten hogei eragilek sinatutako manifestua. Helburua argia izan da: «Gure kaleetan gertatzen ari diren erasoei erantzun kolektibo bat ematea». Izan ere, eraso transfoboen gorakadaren aurrean, «beharrezkotzat» jotzen dute egoera hau «gizarte osora» hurbiltzea. Hori horrela, «guztioi eragiten digun eskubideen urraketa eta atzerakada» dela azpimarratu dute.

Transen aurkako diskurtso eta erasoak, hein handi batean, TERF moduan izendatzen diren kolektiboetatik datozela azaldu dute. Jatorriz ingelesezkoa bada ere, euskarara itzulita, laburdura horrek Feminista Erradikal Transbaztertzaile esan nahi du. Eraso horien adibideak jarri dituzte; esaterako: «Gizonak ezin dira lesbianak izan leloa duten kartelak itsatsi dituzte kaleetan, emakume transak emakume ez direlakoan». 

Mezu horiek askotan «ezkutukoak» izaten direla gaitzetsi dute, «emakumeen eskubideen aldeko kezka edo haurtzaroa defendatzeko diskurtsoen artean». Gainera, komunikabideetan «abolizionismoaren eta berdintasunaren aitzakiapean» agertzen direla diote. Funtsean, ordea, «diskurtso biologizista ete esentzialista onartezinak» zabaltzen dituztela argudiatu du mugimenduak, «pertsona transen aurkako izu morala sustatuz». 

Ildo horri jarraituz, azaldu dute kolektibo transbaztertzaileak «pertsona osasuntsuen mutilazioaz» mintzatzen direla trans pertsonez hitz egitean; hau da, transen aurkako argudio gisa horiek mutilatu egiten dituztela esaten dute. Iruñerriko Mugimendu Transfeministak argi eta garbi utzi du hori engainagarria iruditzen zaiela, jakinda intersexualek «benetako mutilazioak jasaten» dituztela «binarismo biologiko batean sartu» behar izateko.

Koordinadora propioa

Joan den Martxoaren 8ko mobilizazioekin gertatutakoak ere salatu dituzte. Hain zuzen, transbaztertzaileek koordinadora propioa sortu zuten, «Euskal Herriko mugimendu feministaren 50 urte baino gehiagoko lana zapaldu eta lurraldeko feminismoaren izena bereganatuz». Feminismoaren korronte horrek «sareetan zurrumurruak eta falaziak» hedatzen dituela nabarmendu dute, transen aurkako «eraso eta umiliazioak sustatuz eta bazterkeria dinamikak erreproduzituz».

Iruñerriko egoeraren inguruan ere mintzatu dira, eta transak baztertzen dituzten elkarteek jasotako babesaren aurka agertu. Garenak, Iruñeko elkarte abolizionista eta trasnbaztertzaileak, urtero ekainaren 20an trans legearen aurka antolatzen duen elkarretaratzea gogor salatu dute. Izan ere, aurten, Comfin Berdintasunaren aldeko Nafarroako Emakume edota Feminista Elkarteen Koordinadorak «babestu» dituela adierazi dute, «erakunde horrek Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekin hitzarmen ekonomikoa» duela gehituz.

Elkarte trasnbaztertzaileetatik harago

Transen aurkako eraso horiek ezin dira modu «isolatuan» ulertu, transfeministen esanetan. «Olatu erreakzionario global baten parte dira». Hori horrela, transak, eta bereziki emakume transak, «arazo material eta sozialen erantzule gisa seinalatzen dira, sistema kapitalista eta neoliberala seinalatu beharrean». Gaia, «eztabaida teorikotik» harago, «eztabaida material» gisa katalogatu dute. «Gorrotozko diskurtsoek eta haien jarrera politikoek indarkeria instuzional, zuzen eta politikoaren legitimazioa dakarte, eta indarkeria horiek araua betetzen ez duten pertsonen bizitza mehatxatzen dute».

Mugimendu ultrakatoliko eta ultrakontserbadoreek «aspalditik sustatutako» mezuak direla argi utzi dute, «sexuen binarismoaren defentsa, autodeterminazioa auzitan jartzea eta trans kutsaduraren eraikuntza diskurtsiboa». Eskuineko gobernuek babestuta, mugimendu horiek «beldurra, alarmismoa, krispazioa» hedatzen dituztela azaldu dute. Hala ere, diskurtso horien inkoherentzia salatu dute: «Egiturazko problemei erantzun beharrean, botere kapitalistaren defentsa hutsa dira».