Iruñeko Planetarioak izango duen irudi berria aurkeztu dute, eta asmoa da 2027an zabaltzea

Iruñeko Planetarioak izango duen irudi berria aurkeztu dute, eta asmoa da 2027an zabaltzea

2025eko urtarrilaren 14an, Iruñeko Planetarioaren kupulatik kea ateratzen zela ikusi zuen herritar batek. Sutea 07:00ak aldera hasi zen, eta kalte material handiak eragin zituen, eraikineko kupulan bereziki. Harrezkeroztik eraikinaren oinarri sendoak berreraikitzeko lanetan aritu dira, eta gaur Rebeca Esnaola Nafarroako Gobernuko Kultur, Kirol eta Turismo kontseilariak eskainitako prentsaurrekoan iragarri du 2027an ateak irekitzeko asmoa dutela.

Planetarioa berritzeko proiektu arkitektonikoari dagokionez, NICDO enpresak kudeatuko du. Egin dituzten planoen arabera, publikoarentzako espazio erabilgarriaren %30etik publikoari irekitako espazioaren %85era igaroko da. Gainera, kanpoko terraza eta eraikinaren goiko aldean dagoen eraztun formako begiratoki bat ere gehituko dute, baita kafetegi bat ere. Ondoan dagoen Yamaguchi parkearekin batzeko beharra azpimarratu du kontseilariak: «Bere ingurunearekin lotu nahi dugu, hau da, parkea eraikinarekin eta erdigunearekin integratzea. Hiriko birika berde horretara hedatzeko hainbat elementu erabiliko ditugu: besteak beste, terraza, udako zinema edo harmailak».

 Javier Bardon, Rebeca Esnaola, Ramon Urdiain eta Paula Noia Iruñeko aurkezpenean, gaur. IÑIGO URIZ / FOKU

2027. Horixe da berrikuntza guztiak egiteko epemuga, Esnaolak aurreratu duenez, eta hortik aurrera, ia eremu guztiak irekiko dizkie herritarrei. Horietan, programazioa, edukiak eta ekitaldi ezberdinak eskainiko dituzte. Ramon Urdiain NICDOko zuzendari gerenteak ere prentsaurrekoan parte hartu du, eta eraikin berriaren antolaketa azaldu du. Lehen solairuan egin du azpimarra; izan ere, tailerrak eta bestelako jarduerak egiteko gune bat antolatuko dute bertan.

Iruñeko planetarioaren egitura berria. IRUÑEKO PLANETARIOA

Solairu nagusian, bestalde, Tornamira aretoa mantendu egingo dute. Areto horrek 288 eserleku izango ditu, eta 480 lagunentzako edukiera izango du, Paula Noia NICDOko Kultura Azpiegituren zuzendariak azaldu duenez: «Aretoaren berrikuntza nagusia da besaulki guztiak lurrean ezkutatu ahal izango direla, areto horren erabilera aukerak biderkatuz. Europako planetarioen proiekzio aretoen artean bakarra izango da Iruñekoa». Zeru izartsua ikusi ahal izango da bertatik, baina baita kontzertuak ikusi ere.