Gizon bati zazpi urteko kartzela zigorra ezarri diote, pisukideak biluzik grabatzeagatik, Tuteran

Gizon bati zazpi urteko kartzela zigorra ezarri diote, pisukideak biluzik grabatzeagatik, Tuteran

23 urteko gizon batek kamera txikiak jarri zituen Tuterako (Nafarroa) etxe batean, eta berarekin etxea partekatzen zuten lau emakume grabatu zituen biluzik, besteak beste, dutxatzen zirenean. Gainera, komunean ateratako 103 irudi eta bideo bat partekatu egin zituen, berehalako mezularitza aplikazio baten bitartez. Nafarroako Auzitegiko bigarren atalak zazpi urteko kartzela zigorra ezarri dio. 

Zigorrari buruzko akordioa lortu dute fiskaltzak, akusazio partikularrak eta defentsak. Zigortua ez da espetxean sartuko, zenbait baldintza betetzen baditu: bost urtean deliturik ez egitea, hilabete batean kalte ordainak ordaintzea eta sexu heziketako ikastaro batean parte hartzea. Bost urtean ezingo du pisua partekatzen zuen emakumeengandik 200 metro baino gutxiagora hurbildu. Eragindako kalte moralarengatik 23.000 euro eman beharko dizkie hiru emakumeri, eta 33.000 euro laugarrenari.

Auzitegiak intimitatearen kontrako lau delitu jarraiturengatik zigortu du gizona. Urtebete eta bederatzi hilabeteko zigorra ezarri dio delitu bakoitzarengatik. Astungarri bat aplikatu dio: konfiantza abusua. Baita hiru aringarri ere: kaltea konpontzea —epaiketaren aurretik 54.000 euro utzi zituen auzitegiaren esku—, egindakoa aitortzea eta nahasmendu psikikoa. Sententziak dio gizonak, delituak egin zituenean, nahasmendu bat zuela «jokabide sexual konpultsiboagatik».

Irudiak partekatu zituen

Gizonak etxea parteku zuen lau emakumerekin 2021 eta 2022ko urria bitartean. Komunean eta etxeko beste zenbait gelatan atera zizkien argazkiak eta grabatu zizkien bideoak, ezkutuan. Poliziak 160 bideo eta 966 irudi atzeman zizkion.

Sententziaren arabera, gizonak emakumeen 85 irudi bidali zizkion beste pertsona bati, irudi horiek editatzeko eta «izaera sexualeko elementu eta eduki umiliagarriak gehitzeko». 103 irudi eta bideo bat partekatu zituen 11 pertsonarekin, berehalako mezularitza aplikazio baten bitartez.