«Jakinarazten dizugu jabeak ez duela zure alokairu kontratua berritzeko borondaterik». «Ez zaizu kontratua luzatuko». «Kontratua berritzean esango dizugu zenbat igoko den errenta». Azken hilabeteetan horrelako gutunak jaso dituzte Ezkabako edo Sarrigurengo babes ofizialeko etxebizitzetan errentan bizi diren familiek. Legez, aurten 317 familiaren etxeei amaitzen zaie babes ofizialaren kalifikazioa, eta etxe horien jabeek —gehienetan putre funtsak—, merkatuaren baldintzak aplikatu nahi dizkiete.
Nafarroako Parlamentuko osoko bilkuran 2010eko Etxebizitzaren Defentsarako legearen aldaketa eztabaidatu dute gaur, egoera horri aurre egiteko asmoz. PSNk, EH Bilduk eta Zurekin Nafarroak bultzatu dute aldaketa, eta Geroa Baik bat egin du. Funtsean onartu egin da babes ofizialeko etxebizitzek ez dutela galduko babes izaera, eta, hortaz, ezin izango zaizkiela merkatuko baldintzak ezarri bertan alokairuan bizi diren pertsonei. Eztabaida bertatik bertara jarraitu dute gonbidatuen harmailetan egoera horretan bizi diren hainbat herritarrek.
2022tik mugagabea
Luzarotik dator arazoa. UPNren agintaldietan bultzatutako sustapen ofizialeko etxebizitzei 30 urtez ezartzen zitzaien babes berezia. 2010ean Etxebizitza Defentsarako lege bat onartu zen. 30 urteko epemugari eutsi zion bi kasutan —etxeak erosten dituztenei edo erosteko aukera izaten duten alokairuei—; aldiz, hamabost urteko epea ezarri zuen alokairuetarako. Gerora, 30 urteko epe hori zabaldu egin zen 60 urtera, eta 2022an onartutako lege batek ezarri zuen izaera mugagabea izango zuela. Alta, lege horrek kanpoan utzi ditu aurreko egoerak, eta ondorioz, babes gabe utzi ditu babestutako alokairuan bizi direnak, haientzat hamabost urteko epea ezartzen baitzuen legediak.
Zurekin Nafarroako Daniel Lopezi egokitu zaio proposamena azaltzea. «Batzuetan, oso gutxitan, hemen egiten dugunak balio du herritarren bizitza aldatzeko». Gogora ekarri duenez, Nafarroan 2.248 familia ziurgabetasun egoeran bizi dira, euren kontrolpetik kanpo dauden baldintzen menpe. «Babes ofizialaren kalifikazioak ez luke iraungitze datarik izan behar, ez salerosketan ez eta alokairuan ere. Arlo pribatuak ezin du etxebizitzarik sustatu baldin eta gero espekulaziorako erabiltzen bada. Eta hori ari da gertatzen». Bere hitzetan, sendien drama hori konpontzea bilatu du lege aldaketak.
Interes gatazka
Eskuineko oposizioak proposamenaren kontra bozkatu du, atzerako eragina debekatuta dagoela eta ziurgabetasun juridikoa eragingo duela argudiatuz. PSNko Kevin Luzeroren arabera, auzia ez da juridikoa, politikoa baizik. «Noren alde zaudete: herritarren alde edo etxebizitza horiek merkatura atera nahi dituztenen alde?». Bere ustez, alor publikoek esfortzu handia egin duen etxebizitza sustapenek ezin dute amaitu «espekulazioaren jokoan».
Argudio bera erabili du EH Bilduko MIkel Zabaletak. Bere esanetan, bi interesen arteko gatazka islatzen du aferak, eta ziurrenik epaitegietan amaituko du atzean interes ekonomiko handiak daudelako. «Hemen aukeratu egin behar da. Etxebizitza jabeen segurtasun juridikoak milaka herritarren egoera ekonomikoari eta bizimoduari kalte handia eragiten die». Gainera, azaldu du jurisprudentziak ahalbidetu egiten duela horrelako kasuetan atzerako eragina aplikatzea. «Auzi hau politikoa da. Ezin dira etxebizitza babestuak espekulaziorako erabili». Argudiatu du etxebizitza horiek merkatura ateratzeak «prezioak berotu» egingo lituzkeela etxebizitza merkatuak eta horregatik uste du interes orokorraren aldeko neurria ere badela aldaketa.
Mehatxupean dauden etxe kopurua. Berez, 2.248 sendi daude Nafarroan arrisku egoeran, euren baldintzak nabarmen okertu eta etxebizitza galtzeko beldurrez. Etxebizitza bakoitzean batez beste 2,5 lagun bizi direla kontua harturik 5.600 herritarri eragiten die egoerak.
Geroa Baiko Itxaso Sotoren arabera, neurriak galarazi egingo die putre funtsei «nahieran» jardutea.
Aldiz, UPNko Juan Luis Sanchez de Muniainen arabera, «konponbidea aldendu» egingo da. Bere esanetan, arlo horretan aritzen diren enpresei «oso larriki» kalte egingo die neurriak. «Hamarkadak daramatzate lanean alokairua eskuragarri egite, eta orain ustekabean arazo bat eragin diezue. Enpresa hauek ez dituzte pertsonak etxetik kanporatzen, eta irabazten duten diruren zati handi bat alokairurako etxebizitza gehiago egiteko erabiltzen dute».
PPko Isabel Garcia Maloren esanetan, «ziurgabetasun juridiko handia» eragingo du aldaketak. «Ez soilik enpresentzat, baita familientzat ere, honek auzitegietan amaituko baitu», ziurtatu du.
Kaltetutako sendiek eskertu egin dute aldaketa, behin neurria onartu ostean. IÑIGO URIZ / FOKU
