Sute bat sortu da Ezkaba mendiaren magalean, Ezkabarten (Nafarroa). 17:42an eman diote sutearen berri SOS Nafarroari. Mendiko lursail batean sortu da, NA-4210 errepidearen 2,4 kilometroaren parean, Makirriainen. Pinudi batera zabaldu da, SOS Nafarroak azaldu duenez. Foruzainek etxetik ateratzeko eskatu diete Makirriaingo goiko aldeko bizilagunei, Noticias de Navarra egunkariaren arabera.
Suhiltzaileak eta helikopteroak lanean ari dira sutea itzaltzeko. Cordovillako, Iruñeko, Lizarrako, Lodosako, Tuterako eta Zangozako suhiltzaileak joan dira bertara. Bi helikoptero ura botatzen ari dira.
Nafarroan beste bi sute izan dira gaur. Goizean Lerinen (Nafarroa) izan da sua. 11:00ak aldera uzta biltzeko makina bat irauli egin da eta sua sortu da lursail horretan. Makina gidatzen zuen gizona aurrena han bertan artatu dute, baina gero ospitalera eraman dute. Foruzaingoak ikerketa abiatu du istripuaren arrazoiak argitzeko. Suhiltzaileek sua itzali dute.
Gero Oritzen izan da sua, Elortzibarren, Garraioaren Hiritik gertu. SOS Nafarroak 14:00ak aldera jaso du abisua. Zerealen lursail batean izan da sua eta nekazari bat zauritu da. Sua herriraino hurbildu da eta Nafarroako Gobernuak zehaztu duenez, kalte txikiak eragin ditu etxe batzuetan. Sua herrira gerturatzen ari zela ikusita, bizilagun batzuk haien etxeetatik atera dira. Noaingo hotel batean hartu dituzte. Sua Garraioaren Hiriraino iritsi da, baina ez du kalterik eragin. 15:45 aldera itzali dute sua.
Galarretako (Araba) sutea egonkortuta dagoela jakinarazi du Arabako Foru Aldundiak. Sute horrek ehun bat hektarea erre ditu. Tximista batek eragin zuen sua, iragan ostiralean. Gaurko egoera askoz ere hobea izan da atzokoarekin alderatuta. Eguraldiaren eta haizearen aldaketak eragina izan du horretan. Sei helikopterok parte hartu dute sutea itzaltzeko lanetan.
