Txibitek zehaztu du Foru Hobekuntzak euskara hizkuntz propiotzat jo behar duela, baina zonifikazioa kendu gabe

Txibitek zehaztu du Foru Hobekuntzak euskara hizkuntz propiotzat jo behar duela, baina zonifikazioa kendu gabe

Bere hitzak zehaztu ditu. Aurreko astean Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak ontzat jo zuen Foru Hobekuntzaren 9. artikulua aldatzea eta euskara lurralde osoan hizkuntz propiotzat jotzea. Gaur ideia hori berretsi du, baina argi utzi du aldaketa horrek ez duela zonifikazioaren amaiera ekarriko. Bere hitzetan, euskara bizirik izan eta aurrera egiteko egungo bidetik jo behar du, aldi berean politikoki tentuz jokatuz, bazterketa sentipenik eragin gabe. «Hizkuntza batek elkarbizitzari lagun behar dio, eta ez du balio behar bi talde elkar bereizteko».

[articles:2159923]

Foru Hobekuntzaren lantaldeko azken agerraldia izan da Maria Txibiterena. Aurretik, 60 aditu inguruk hausnartu egin dute Nafarroako estatus juridiko politikoa zehazten duen lege nagusian egin beharreko aldaketez. Txibitek ere bere gogoeta plazaratu nahi izan du, eta arreta berezia eman dio euskararen gaiari. Aurreko asteko aipuak oihartzun zabala izan du, eta horrek sortutako ikusminaren jakitun, bere ikuspegia azaldu du.

Txibiteren ustez, Nafarroako gizartean «normalizatzen» ari da euskara, eta gainditzen ari da «ideologia zehatz batzuei lotutako hizkuntza den irudipena». Bere irudiko, D eredua eremu euskaldunetik harago zabaltzeak euskara irisgarri egin du nafar guztientzat. Argudiatu du hezkuntzaren bidez egin behar duela aurrera euskarak eta horren arabera egokitu errealitate juridikoa. «Euskararen ezagutzan asko aurreratu bada ere, ez dago euskaraz hitz egiten duen gehiengo zabalik. Ondorioz, zenbait proposamenekin, aukeren desberdintasuna sor dezakegu. Bazterketa eragin dezake, ez hizkuntzagatik beragatik, baizik eta bereizkeria eragiten duen hesi gisa ikusten delako». 

Hala, txarretsi egin du zonifikazioarekin amaitzea; aldiz, bere ustez, Foru Hobekuntzan 9. artikulua alda daiteke eta euskara Nafarroako hizkuntza propiotzat jo, gazteleraren maila berean. Modu horretan, euskarak gizartean izan duen onarpena aitortu daiteke. 

Txibiteren iritziz, euskararen bilakaera bultzatzeko politikak bultzatzen jarraitu daiteke, bi zentzutan. Alde batetik, «desiragarria da ahalik eta nafar gehienek ezagutzea hizkuntza», eta horretarako uste du hezkuntza sistema dela erremintarik egokiena. Bestetik, azpimarratu du  administrazioa euskaldundu behar dela, «eremu euskaldunetik harago eta ahal den neurrian». 

Proposamen gehiago

Duela 44 urte, Foru Hobekuntzaren negoziazioetatik kanpo utzi ziren indar abertzaleak eta ez zen erreferendumik deitu. Abiapuntu horrek eztabaida politiko franko eragin ditu lau hamarkadatan, eta, lantaldean ere auzia bizirik egon da. Txibiteren ustez, galdeketarik egin ez izanak ez dio zilegitasunik kentzen, «gaur egun babes sozial, politiko eta instituzionala baitu». Aurrera begira, «ez da derrigorrezkoa» erreferendum bat egitea Foru Hobekuntzaren aldaketa bati buruz galdetzeko.

Lehendakariak egoki ikusten du Foru Hobekuntza berritzea, «2026ko gizartea ez baita 1982ko hura» eta egungo errealitatearen parte diren auziak jaso beharko lituzkeelako Nafarroako lege nagusiak: hala nola, berdintasuna, eskubide sozialak, euskara eta bizikidetza.

Testuinguru politikoari erreparatuta ere, asmo zentralizatzaileei aurre egiteko asmoz, aldaketak egiteko «une egokia» dela uste du. «Hainbat alderdiren bide orrian dago ongizate estatua eta autonomien estatua desagerraraztea». Hala, bere ustez, eskubideak eta autogobernua bera blindatu behar dira. Alta, ez du zehaztu zer mekanismoren bidez babestu daitekeen hori.

Izan ere, gogora ekarri diote estatuak azken lau hamarkadatan oinarrizko legedi bidez edo Auzitegi Konstituzionalaren epaien bidez autogobernua apurka higatu duela eta berezko eskumenak ere mugatu. 

Hauteskundeak aurreratzeko mugak malgutzeko ere eskatu du. Gaur egun, lehendakariak hori egiteko ahalmena du, baina hauteskundeak deitu aurreko urtean ezin du botoi hori sakatu. Txibitek eskatu du Espainian aplikatzen den irizpidea aintzat hartu behar litzatekeela eta muga bakarra izatea zentzura mozio baten prozedura abian izatea edo hauteskunde ondorengo urtebetean ez deitzea. 

Halaber, defenditu du lehendakaria izendatzeko egungo baldintzei eutsi behar zaiela eta hautagaia parlamentarietako bat izan —legebiltzarkide ez diren pertsonak izendatzeko aukera ukatuz—. Halaber, uste du Nafarroako Arartekoa edo Europako Batasuneko partaidetza jaso behar lukeela testuak.

lantaldea azken txanpan sartu da

Behin agerraldien txanda amaituta, Foru Hobekuntzari buruzko lantaldea azken txanpan sartu da. Batzordeak epea ireki du alderdiek lantaldearen ondorioei buruzko proposamenak aurkez ditzaten, irailaren 29ko eguerdirako. Lantaldearen hurrengo bilera urriaren 2an egingo da. Beste kontu bat da Foru Hobekuntza noiz berrituko den. Izan ere, parlamentuak ez du eskumenik Foru Hobekuntza aldatzeko, negoziazioa Espainiako eta Nafarroako gobernuen artekoa baita. Hala, lantaldean hitzartzen diren proposamenen arabera eta ondorengo hilabeteetako testuinguru politikoaren arabera, has daitezke elkarrizketak.

.