Ezkabarteko sutea kontrolpean dela adierazi du Inma Juriok

Ezkabarteko sutea kontrolpean dela adierazi du Inma Juriok

Ostegunean Ezkabarten (Nafarroa) piztu zen sutea «kontrolpean» dela adierazi du gaur Nafarroako Gobernuko Barne kontseilariak, Inma Juriok. Azaldu duenez, oraindik badaude «puntu bero batzuk», eta, beraz, freskatze eta behaketa lanetan jarraituko dute, sua ez dadin berriro piztu. Suhiltzaileen Zerbitzuko buru Iñaki Eliasek baieztatu duenez, hiru gunetan kea ateratzen da oraindik, baina berretsi du lanean ari direla kontrolpean hartzeko. Iragarri du arratsaldean beste behaketa hegaldi bat egingo dutela, suak itzali direla ziurtatzeko.

[articles:2160345]

Kontseilariak zuhur jokatu dezatela eskatu die herritarrei, eta, puntu bero horiek direla eta, gomendatu die inguru horietara ez joateko oraindik.

Azken astean, nekazaritza lanak eta bestelako jardun batzuk debekatu egin dituzte ordu batzuetan, sute arriskua zela eta; halere, ikusita azken egunetan giroa freskatu dela, atzo Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak adierazi zuen debeku horiek jada ez daudela indarrean.