Bost urte eta erdiko espetxe zigor eskaria iazko txupinazoko istiluengatik

Bost urte eta erdiko espetxe zigor eskaria iazko txupinazoko istiluengatik

Iaz Iruñeko sanferminetan Poliziaren «errepresio zuzena» jasan zutela salatu dute Mugimendu Sozialistak, Haritu elkarlaguntza sareak, Alde Zaharreko Gazte Mugimenduak eta Indar Gorrik. «Aspaldi gertatzen ez zen egoera bat» izan zela uste dute, eta jakinarazi dute gertakari horiek isunak, kolpatuak, atxilotuak eta auzipetuak ekarri zituztela. Uztailaren 6an Espainiako Poliziarekin izandako istiluen ondorioz auzipetuetako lagun bati bost urte eta erdiko espetxe zigorra, 20.000 euroko isuna eta bost urtez sanferminetan egoteko debekua ezar diezaioketela salatu dute. Hala ere, Iruñeko karriketan propaganda politikoa eginen dutela berretsi dute.

Edurne Abaigarrek hitz egin du eragile guzien izenean, eta esan duenez iaz gertatutakoa «militantzia politikoaren aurkako erasoa» izan zen: «Honen atzean protesta soziala kontrolatzeko eta, bide batez, instituzioetatik at antolatzen diren kolektiboak itotzeko helburua dago». Horren erantzuleak ere seinalatu ditu Abaigarrek: «Alde batetik, Polizia, indar betearazle gisa, eta, beste aldetik, haien defentsan atera ziren instituzioak, ekintzak itxuraldatuz eta euren normalizazioaren alde eginez». Horregatik, mezu zuzena bidali die Iruñeko Udalari eta Nafarroako Gobernuari: «Ez diogu protestatzeari eta defendatzen duzuen sistemaren miseriak salatzeari utziko, ez gaituzue isilduko. Eta aurten ere gertatzen baldin bada, berriz salatuko dugu adierazpen askatasunaren urraketa».

Iazko sanferminetako lehenbiziko egunetan gertatutakoa da salatu dutena. Uztailaren 6an, txupinazoaren egunean, Espainiako Poliziak eta Iruñeko Udaltzaingoak karrikan propaganda politikoa paratzen ari zirenak jazarri zituztela kritikatu dute. Abaigarren arabera, 50 lagun baino gehiago identifikatu zituzten, «beste hainbat» kolpatu, eta pertsona bat atxilotu zuten. Egun horretan 8.000 euroko isunak jaso zituzten, gainera. Orain, beste lagun bat atxilotu dutela salatu dute, eta beste bat deklaratzera deitu dutela. Hain zuzen ere, afera honengatik auzipetuetako bat da zigor eskari gogorrak dituena.

Uztailaren 7an ere izan zen zer salatua. Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideek protesta egin zuten prozesioan. Santua pasatzerakoan, jota aldarrikatzaile bat bota zuten balkoi batetik, etxebizitzaren auziaren egoera salatuz. Ekintza horrengatik 2.400 euroko isuna paratu zieten. Egun horietan poliziek txosna guneko zenbait pankarta kendu zituztela ere esan dute.

Azkenik, uztailaren 9an gertatutakoa salatu dute. Egun hartan kalean saltzen ari ziren hogei lagun identifikatu zituzten foruzainek Karlos III.a etorbidean, eta isunak paratu zizkieten. Abaigarrek salatu du piperbeltz espraiekin eraso egin zietela kale saltzaileei, eta haietako batek arnas krisi bat izan zuela. Foruzaingoak alde egin zuenean udaltzainak bertaratu zirela kontatu du, eta osasun langileen lana oztopatu zutela. «Pertsona horrek ospitalera ez joatea erabaki zuen, atxilotua ez izateko bermerik ez zuelako».

Aurten errepikatuko den beldur

Agerraldian parte hartu duten eragileek uste dute aurten ere halakoak gertatu daitezkeela. Izan ere, «segurtasuna, elkarbizitza eta legezko jardun ekonomikoa hobetzeko» egitasmo bat onartu du Iruñeko Udalak, gainerako taldeen babesarekin. Egitasmo horren arabera, «lehia leiala, segurtasun juridikoa eta eremu publikoaren errespetuaren aldeko neurriak» hartuko dituzte. Horrek piztu du eragileen susmoa. «Instituzioen babesarekin, pertsona arrazializatuek jasaten duten arrazakeria, kriminalizazioa eta errepresio poliziala agerikoa da. Horiei guztiei gure babes osoa adierazten diegu», esan du Abaigarrek.

Egoera horren aurrean, protesta eskubidea aldarrikatu dute, eta argi utzi dute bai sanferminetan, baita gainerako egunetan ere, Iruñerriko karrikak aldarrikapen politikoz beteko dituztela aurrerantzean ere. Ez hori bakarrik, gainerako eragileei gauza bera egiteko eskatu diete: «Jaiak aldarrikapenez eta borrokaz betetzera dei egiten ditugu kolektibo, elkarte eta erakunde guztiak».