Nafarroako Ezker Batuak, Batzarrek eta zenbait eragile independentek oinarrizko akordio bat egin dute 2027ko udal eta foru hauteskundeetan Zurekin Nafarroa koalizioa errepikatzeko. Mahai gainean da, baina, orain arteko galdera bera, ea Ahal Dugu-ko kideak ere zerrenda berean egongo ote diren. Gaur akordioa sinatu duten taldeek atea zabalik utzi dute beste eragile batzuk ere koaliziora batzeko, eta alderdi morearekin hitz egiten ari dira. Bada, baina, lehen epemuga bat: irailaren 1a. Orduan buru belarri ekin nahi diote kanpainaurreari.
Zurekin koalizioa errepikatuko dute eragileek agerraldi bateratu bat egin dute Iruñean, eta bertan, Ezker Batuko koordinatzaile eta Zurekin-en Nafarroako Parlamentuko eledun Carlos Guzmanek adierazi du «ilusioa» pizteko modukoa dela ituna.
«Nafarroako gehiengo aurrerakoiaren ezkerreko aingura izan gara», adierazi du Guzmanek, egungo gobernuari erreferentzia eginda. PSNrekin eta Geroa Bairekin batera osatzen du gobernua Zurekin-ek, eta EH Bilduren babesa du. Talde horien arteko egungo indar korrelazioak, baina, «mugak» ezarri dituela uste dute, eta horregatik «ezkerretik» alternatiba bat osatu nahi dute. Hain zuzen, horretarako, «etapa berri baten» hasiera irudikatu dute.
Koalizioaren xedea da «Nafarroaren eraldaketarako motor» bihurtzea, eta horretarako «gehiengo sozialaren, eta herri eta hiri guztietako langile familien ahotsa» izan nahi dute; «ofentsiba sozial bat eraiki». Bide horretan, lehentasun gisa ezarri dituzte hezkuntza, osasun publikoa, ingurumenaren babesa eta «benetako elkarbizitza kulturaniztun bat».
«Aurpegiak», zehazteke
Argitzeke dago, baina, nork gidatuko duen hautagaitza hori. Guzmanen hitzetan, oraindik ez da iritsi «aurpegiak» zehazteko unea, eta «proiektua» da hitzartzen ari direna. «Inork ez dezala zalantzarik izan ahalik eta hautagaitza onenak eraikiko ditugula parlamenturako eta udaletarako».
Azken bozetan Begoña Alfaro egungo Nafarroako Gobernuko hirugarren presidenteordea izan zen zerrendaburua. Orduan, Ahal Dugu-ko burua ere bazen Alfaro, baina iaz alderdia utzi zuen, eta Zurekin koalizioaren aldeko apustua berretsi. Hartaz galdetuta, Guzmanek erantzun du «lagundu dezakeen pertsona orok» duela lekua koalizioan: «Ez dugu dudarik Begoñak eta proiektuan parte hartu nahi duten kide guztiek Nafarroarentzat aurkezten dugun alternatiba eraikitzen laguntzeko euren espazioa aurkituko dutela».
Horri guztiari forma emateko epemugarik ez dute ezarri nahi izan, baina bai nabarmendu dute irailaren 1ean kanpainaurreari ekiteko prest egon beharko direla. Beraz, Ahal Dugu eta Equo taldera batzen saiatzeko negoziazioek ezin dute itxaron. Izatez, Batzarreko Olga Risueñok adierazi du negoziazio «biziak» izaten ari direla bi alderdi horiekin, «bakoitzak dituen espazioak eta denborak errespetatuz». Hain zuzen, duela hilabete inguru, Nafarroako Ahal Dugu-ko koordinatzaile nagusi Neniques Roldanek baieztatu zuen alderdiak negoziatzen ari direla, baina gehitu zuen eurek «ahots propioa» izan behar dutela hurrengo bozetan.
