Salhaketak eta SOS Arrazakeriak poliziaren «gehiegikeria» arrazistei aurre egiteko gida egin dute

Salhaketak eta SOS Arrazakeriak poliziaren «gehiegikeria» arrazistei aurre egiteko gida egin dute

Poliziaren gehiegizko esku hartzeak, migratzaileei egindako identifikazioak edo horien gaineko kontrol handiagoak. Salhaketa Nafarroa eta SOS Arrazakeria kolektiboek adierazi dutenez, azken urteetan gora egin dute gisako egoerek Iruñean. Sanferminak ate joka diren honetan, kolektibo horiek informazio gida bat egin dute jaietan jarrera arrazisten eta abusuzkoen inguruko aholkuak emateko eta horiek prebenitzeko. Kolektiboek adierazi dutenez, jokabide hori Poliziak izan ohi du batez ere, askotan «arrazoirik gabe eta modu neurrigabean» jokatuz. 

Gaur aurkeztu dute Iruñean Salhaketak eta SOS Arrazakeriak poliziaren gehiegikeria arrazistak saihesteko gida. Talde horiek migratzaileekin zein atxilotutako pertsonekin egiten dute lan, arrazakeriaren aurka. Azaldu dutenez, besteak beste, atxiloketa edo identifikazio polizial baten aurrean nola jokatzeko aholkuak ematen ditu gidak, identifikatuei zein lekukoei: «Haien eskubideak ezagutzea haiek babesteko modu bat delako». Gida sanferminetan argitaratu duten arren, horren erabilera urte osoan zehar «ahalik eta praktikoena eta operatiboena» izatea proposatu dute.

Egoera horien aurrean nola jokatu jakiteko, gida euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, arabieraz eta ingelesez argitaratu dute, hainbat arlotako aholku praktikoekin batera. Sanferminetarako argitaratu duten arren, iragarri dutenez, irailean formakuntza saioak hasiko dira hala eskatzen duten kolektiboentza; «gaur argitaratutakoaren osagarri den gida zabal batekin batera».