Nafarroako zenbait herritan aurten ez dituzte igerilekuak irekiko, ez dutelako foru dekretua betetzen

Nafarroako zenbait herritan aurten ez dituzte igerilekuak irekiko, ez dutelako foru dekretua betetzen

Gaur egun, 86/2018 Foru Dekretuak ezartzen ditu Nafarroako igerilekuek bete behar dituzten higiene, osasun eta segurtasun baldintzak. Dekretu horrek bi luzamendu izan zituen, 2022an eta 2025ean, eta, Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Fernando Dominguezen arabera, luzamendu horiek egin zituzten igerilekuak foru dekretu horretara «progresiboki egokitzeko». Luzamendu horiei esker, Nafarroako hainbat herritan azken urteetan igerilekuak ireki dituzte udan; dena den, Dominguezek adierazi duenez, aurten ezin dira luzamendu gehiago ezarri foru dekretua betetzeko, «arauak eragozten» duelako. Hori dela eta, dekretua betetzen ez duten Nafarroako zenbait herritan, hala nola Beran, Garinoainen eta Iguzkitzan, aurtengo udan ez dituzte udal igerilekuak irekiko. Dominguezek nabarmendu du «inolaz ere» ez dituztela igerilekuak itxiko instalazioek dituzten «akatsek» pertsonen osasuna «arriskuan» jartzen ez badute, baina esan du dekretua betetzen ez dutenak zigortuko dituztela. 

2022an eta 2025ean luzamenduak izan baziren ere, igerilekuen arloan luzamenduak 2006tik izan direla aipatu du Marta Garcia NOPLOI Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren Ingurumen Osasunaren ataleko ikuskapen jarduketen programazio unitateko buruak. Horrez gain, Garciak dio iaz ohartarazi zutela ez zirela luzamendu gehiago izango. 

Pare bat datu ere eman ditu: iazko udan, estali gabeko 272 igerileku ireki ziren Nafarroan; uda honetan, berriz, estali gabeko 245 igerilekuk eskatu dute irekitzea —ekainaren 25ean emandako datua—. 

«Mingarria» eta «gogorra»

«Erabaki mingarria eta gogorra izan da, baina azkenean erabaki dugu uda honetan igerilekuak ez irekitzea». Hori adierazi du Berako alkate Aitor Elexpuruk. Araudia betetzeko ahaleginak egin dituztela nabarmendu du Berako Udalak. Aipatu dutenez, azken urteetan igerilekuak berritzeko hainbat proiektu garatu dituzte herrian, baina ez dute diru laguntzarik lortu proiektu horietarako, nahiz eta «urrats guztiak» egin dituzten. Hala ere, Elexpuruk esan du udalak «beste lehentasun batzuk» izan dituela; esaterako, ur hornidurako obra bat egiten ari dira. Alkateak dio Berako udal igerilekuak berritzeak eta araudira egokitzeak ia bi milioi euroko kostua duela, eta merkeagoa dela berriak egitea. 2025. urtean, Berako Udala igerileku berriak egiteko proiektu bat garatzen hasi zen.

«Erabaki mingarria eta gogorra izan da, baina azkenean erabaki dugu uda honetan igerilekuak ez irekitzea»

AITOR ELEXPURU Berako alkatea

Uda honetan udal igerilekuak itxita izango dituzten beste bi herri Iguzkitza eta Garinoain dira. Kexu agertu dira diru laguntzak direla eta. Iguzkitzan ez dute finantzaketarik. Adierazi dute igerilekuak araudira egokitzea eskatzen dietela, horretarako «behar besteko» finantzaketarik eman gabe. Garinoaingo Udalak, berriz, baditu finantzaketa eta proiektua, eta irailean hasiko ditu obrak; dena den, salatu du Nafarroako Gobernuaren diru laguntza bost hilabete berandu heldu dela: «Aurten Tokiko Inbertsio Planeko diru laguntza bat eman digute; horren ebazpena 2025eko abuzturako aurreikusita zegoen hasieran, baina ez zen iritsi 2026ko urtarrilaren 15era arte». Garinoaingo alkate Eva Martinezek uste du diru laguntza berandu iristeak eragina izan duela uda honetan igerilekuak ezin irekitzean. Gainera, esan du Garinoainen urteko udal aurrekontua 100.000 euro ingurukoa dela, udal igerilekuen obrek 500.000 euro inguruko kostua dutela, eta Nafarroako Gobernuaren diru laguntza 180.000 eurokoa izan dela. «Arauak eta legeak inposatzen dizkigute, baina ez dute erraztasunik ematen horiek betetzeko», adierazi du.

«Arauak eta legeak inposatzen dizkigute, baina ez dute erraztasunik ematen horiek betetzeko»

EVA MARTINEZ Garinoaingo alkatea

Marta Garciak adierazi du igerilekuak foru dekretura egokitzeko zailtasun gehien dituztenak aurrekontu txikia duten udal igerilekuak direla. Horrelakoetarako, Garciak dio NOPLOIk ez duela eskumenik gai ekonomikoetarako, baina gomendatu du proposamenak haiei aurkeztea, ziurtatzeko herrien asmoa araudira egokitzen dela. Diru laguntzen atzerapenei dagokionez, Garciak esan du hainbat faktore batzen direla, baina, gehitu duenez, 2006tik bazekiten igerilekuak berritu behar zituztela, eta uste du zenbaitetan, neurri batean, «dena azken ordurako» utzi dutela.

Aldaketa

Nafarroako igerilekuetako arduradunek, hogei etxebizitza baino gutxiagoko jabeen komunitateetako igerileku pribatuen eta familia bakarreko igerileku pribatuen arduradunek izan ezik, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu behar dute igerilekuak ireki ahal izateko. Garciak azaldu duenez, hori sinatuta, besteak beste, instalazioa «indarrean dagoen araudira egokitzen» dela adierazten dute. Dena den, hori azken asteetako aldaketa da; izan ere, Garciak esan duenez, lehen arduradunek instalazioek «araudia betetzen» dutela sinatu behar izaten zuten. Aldaketa horren bitartez, dekretua guztiz betetzen ez badute baina proiektuak idatzita edo abian baldin badauzkate, edo igerilekuetan akatsak izan arren akats horiek pertsonen segurtasuna arriskuan jartzen ez badute, erantzukizunpeko adierazpena sinatu, eta igerilekuak ireki ditzakete. «Ez ditugu igerilekuak itxiko berehalako arriskua eragin dezakeen egoerarik ez badago», adierazi du Garciak.

Aldaketa hori egin badute ere, Martinezek uste du ez dela «funtsezko» aldaketa izan. «Azkenean, gure erantzukizunpean adierazten dugu igerilekuek indarrean dagoen araudia betetzen dutela, eta ez da egia», adierazi du. Gainera, «kontraesankorra» iruditzen zaio igerilekuak irekitzen uztea, baina aldi berean zigorrak jarri ahal izatea. Elexpuruk, berriz, azaldu du ulertu dutela aldaketa hori «proiektu oso garatuak» dituztenentzako dela.

«Ez ditugu igerilekuak itxiko berehalako arriskua eragin dezakeen egoerarik ez badago»

MARTA GARCIA NOPLOIko kidea

Iguzkitza eta Garinoaingo ordezkariak kritikoak izan dira, besteak beste, despopulazioaren inguruan egiten diren diskurtsoen harira. Zera esan du Martinezek: «Oso gogorra da entzutea ahalegina egingo dutela herriak hutsik ez geratzeko, baina gero politika horiek ez dira iristen».