Irakurri serie honetako artikulu guztiak
Sexu eraso bat gertatu berritan, biktimaren kontakizuna zalantzan jartzea; erasotzailea ezaguna edo aberatsa bada, hari eragindako kaltearen inguruan ardaztea albistea—«bizitza hondatu zaio»—; erasotzailea pobrea edo arrazializatua bada, berriz, haren gizatasuna ukatzea eta munstro baten erara aurkeztea —besteak beste, jatorri etnikoa azpimarratuz—; kontrastatutako informaziorik ezean, zurrumurruetara edo bizilagunen iritzietara jotzea; alarmismoa eta sentsazionalismoa hauspotzea; biktimaren jokabidean jartzea arreta —batzuetan haren intimitatea urratuz ere bai—, horrek erasoa justifikatuko balu bezala; xehetasun morboso edo ezohikoei lehentasuna ematea, indarkeria matxistaren egiturazko izaera ezkutatuz… Sexu eraso bati buruz aritzean, luzea da kazetari eta hedabide askoren praktika okerren zerrenda; eta, normalean, topikoak betikotzea eta biktimari sufrimendua eranstea baino ez dakar horrek.
Hain zuzen, lista horren puntu ia guztiak bete ziren 2016ko sanferminetako talde bortxaketaren auzian, hala erasoaren ondorengo egunetan nola bi urte geroago, epaiketak iraun zuen bitartean. Urte hartan hedabideek festa giroko sexu erasoei emaniko trataerak kezka piztu zuen Iruñeko Udalean, eta hark horri buruzko ikerketa bat egiteko eskatu zion Pandora Mirabiliari, generoan eta komunikazioan espezializatutako aholkularitza enpresa bati.
«Udalak erasoei buruzko informazioa zentralizatu nahi izan du, baina agerkari gehienek beste iturri batzuk bilatu dituzte»
PANDORA MIRABILIA AHOLKULARITZA TALDEAK SANFERMINETAKO ALBISTEEI BURUZ EGINIKO AZTERKETA
Icebergaren azpian
2018ko ekainean aurkeztu zuten txostena, Sanferminetako edukien eta informazio estalduraren azterketa izenburupean. Bertan, Pandora Mirabiliako adituek zenbait jokabide oker identifikatu zituzten komunikabideen eguneroko jardunean. Batetik, kezka agertu zuten, Iruñeko Udalak sexu erasoei buruzko informazio ofiziala zentralizatzen duen arren hedabide gehienek «izkin» egiten diotelako prozedura horri, eta «bestelako iturriak lehenesten dituztelako». Bestalde, ikerlariek nabarmendu zuten hedabide askok —agerkari digitalek, batez ere— beharra dutela une oro edukiak ekoizteko eta interakzioak lortzeko: klik gehiago, ikustaldi gehiago, iruzkin gehiago… Horientzat, informazio ofiziala ez da nahikoa etenik gabeko eduki jarioa elikatzeko, eta beste edonon bilatzen dituzte albisteak: zurrumurruetan, sare sozialetan eta kontrastatu gabeko testigantzetan, besteak beste.
Halakoak eragozte aldera, egunean eguneko gertakari zehatz eta anekdotikoez harago, «arnasa luzeko eta ikuspegi zabalagoko erreportajeak» egiteko gomendioa jasota dago Pandora Mirabiliaren txostenean, indarkeria matxistako kasuen arteko loturak aztertzeko eta gertakari horiek guztiak indarkeria matxistaren testuinguruan kokatzeko.
«
Ikusgarritasuna, morboa eta sentsazionalismoa dituzte helburu, sexu indarkeria ezohiko zerbait balitz bezala»
ANA BURGOS Antropologoa eta kazetaria
Ikuspegi horrekin bat dator Ana Burgos. Antropologoa eta kazetaria da Burgos, eta Bartzelonako Noctambulas behatokiko kidea. Aisialdian eta festa giroan gertatutako indakeria matxista du aztergai, eta uste du «ezohikotasunaren logika bat» gailendu dela komunikabide askotan. «Komunikabide jeneralista eta hegemonikoetan, oro har, sexu indarkeriari heltzen zaio ezohiko gertakari bat balitz bezala, eta ikusgarritasuna dute helburu: morboa eta sentsazionalismoa lehenesten dira, beharrezkoak ez diren xehetasunak nabarmendu… Icebergaren tontorrean dauden kasuak aipatzen dituzte batez ere».
Antropologoaren ustez, gaiaren trataera horrek lausotu egiten du indarkeria matxistaren erroko izaera: «Espektakularizazioa bilatzen dutenek, normalean, ez dute aintzat hartzen matxismoa erabat txertatua dagoela gizarte harremanetan eta arauetan».
Hain zuzen, hedabideek indarkeria matxistaren inguruan egiten duten kontakizuna hizpide izan zuten iragan ekainaren 12an Iruñeko Civivox Pompelo udal aretoan, Astelehen Lilak elkarteak antolatutako mahai inguruan. Han, indarkeria matxistaz solasean aritu ziren nazioarteko zenbait kazetari eta komunikatzaile; hala nola Luciana Peker (Argentina), Marisa Kohan (Argentina), Sarah Santaolalla (Espainia), Cristina Fallaras (Espainia), Laura Arroyo (Peru) eta Sagrario Zabaleta (Euskal Herria).
Solasaldi hartan, Fallaras ezkor mintzatu zen hedabideen rolaz. Esan zuen, besteak beste, indarkeria matxistari buruzko piezak «desagertzeko bidean» direla mundu osoko komunikabide digitaletatik: «2025a izan da, hamarkada honetan, indarkeria matxistari buruzko albiste gutxien argitaratu den urtea». Kazetariaren ustez, datu hori ez da kasualitatea, estrategia baten ondorio baizik: «Hedabide askok kontakizun desitxuratua eta nazkagarria egin dute feminismoaren inguruan».
Aisialdia kriminalizatzen
Hedabide hegemonikoei kritika egin die Burgosek ere. Indakreria matxistari buruzko albisteen «kutsu beldurgarri eta moralizatzailea» kritikatu du, batez ere: «Ikusgarritasuna eta alarmismoa eransten diote gertatutakoari. Halako kontakizunek atzera ere etxe barruan itxita egotera bultzatzen dituzte emakumeak, edo gauez ateratzen diren aldiro beldurrez ibiltzera». Emakumeen aisia bera «kriminalizatzeko» joera bat antzeman du antropologoak.
Adibidetzat hartu ditu zenbait komunikabidek 2016ko talde bortxaketaren biktimari buruz argitaratutakoak. «Gogoan dut erreportaje bat, bereziki. Sanferminetan bortxatutako emakumearen bizimodu normala: unibertsitatea, bidaiak eta lagunak; horixe zen lerroburua. Etikarik gabeko kazetaritzaren adibide bat izan zen hura».
Izan ere, Burgosen irudiko, biktima baten jokabidea auzitan jartzea eta albisteak horren inguruan ardaztea «oker izugarria» da: «Pertsona bakoitzak bere erara egiten dio aurre indarkeriari, eta milaka modu daude sexu eraso baten ostean erreakzionatzeko. Biktima batzuek erresilientziarako izugarrizko ahalmena dute, baina horrek ez du indarkeria ukatzen. Sexu eraso bat indarkeria da, gauza objektiboa da hori; eta biktima batek bere egunerokoan ongi pasatzeak edo jarrera bat ala bestea izateak ez du gertatutakoa aldatzen».
Biktima «onak» eta «txarrak»
Are, Burgosek uste du hedabide askok joera dutela «biktima onen eta txarren artean bereizteko». Horren adibidetzat jo ditu sumisio kimikoaren bidezko bortxaketak: «Geure borondatearen aurka drogatzen bagaituzte, biktima ontzat joko gaituzte; baina demagun, adibidez, nahita edan dugula alkohola, era jakin batean jantzi garela, edo zenbait eremu okupatu ditugula: orduan hasiko dira esaten, nolabait, indarkeriari bide eman diogula, edo, gutxienez, ez dugula behar besteko ahalegina egin hura eragozteko».
Halako diskurtsoak tranpatiak direla gaineratu du Noctambulas behatokiko adituak, patriarkatuak beti topatuko baitu indarkeria justifikatzeko eta biktima epaitzeko bideren bat: «Autodefentsa feminista oso estigmatizatua dago, eta hura praktikara eramaten duten emakumeez esaten da gizonei bizitza hondatu dietela. Baina, era berean, sexu erasoen biktima gehienei leporatzen zaie ez dutela beren burua behar bezala defendatu. Nire ondorioa da, funtsean, patriarkatuaren begietara ez dagoela biktima onik. Ez da halakorik existitzen».
«2025a izan da, hamarkada honetan, mundu osoan indarkeria matxistari buruzko albiste gutxien argitaratu den urtea»
CRISTINA FALLARAS Kazetaria, idazlea eta analista
Ez da berdin gertatzen erasotzaileekin. Oro har, sexu erasoen egileak «ikusezin» bihurtzeko joera dagoela nabarmendu du Burgosek: «Komunikabideetan esaten da neska bat ‘bortxatua izan’ dela, edo ‘hilik topatu’ dutela. Gisa horretako lerroburuen bidez, indarkeria bera despertsonalizatzen da, berez gertatu balitz bezala».
Aldiz, kontakizunean erasotzailea agertzen denean, «beste jazarpen egitura batzuk betikotzeko» izan ohi da, antropologoaren ustez: «Diskurtso arrazistak edo klasistak hauspotzeko, alegia».
Hala, erasotzailea aberatsa edo boteretsua bada, hura «biktimizatzeko» eta «erromantizatzeko» joera dute komunikabide askok: «Dani Alves futbol jokalariaren auzian ikusi genuen hori: futbol izar baten gainbeheraz hitz egiten zuten egunkariek. Arazoaren fokua desbideratzen du horrek».
Aldiz, sexu erasoa egin duena pobrea, arrazializatua edo atzerrian jaioa bada, gizatasuna erauzteko joera dago: «Kanpotik gure emakumeak bortxatzera etorri den gizon kaputxaduna. Eskuin muturraren ikuspegiarekin bat egiten duen kontakizun mota da hori», azaldu du. Generoan eta komunikazioan aditu direnen arabera, ikusmolde horiek arazoa «desitxuratzen» dute, eta ez diote erreparatzen indarkeria matxistaren erroari. «Kaputxadun bortxatzaile ezezagunaren irudia da hedabideetan zabalduen dagoena, baina errealitatetik urrun dago hori», laburbildu du Burgosek: «Sexu indarkeria sistemikoa da, eta edonon gerta daiteke. Are, etxe barruan gertatutako indarkeria da ohikoena, eta erasotzaile gehienak, berriz, biktimaren hurbileko gizonak izan ohi dira. Bortxatzaileak, gehienetan, ez dira kanpotik datozen munstroak edo sistematik kanpo dauden sagar ustelak».
Bestelako kazetaritza ereduak galdegin dituzte adituek; besteak beste, indarkeria matxista «testuinguruan» kokatzen lagunduko dutenak. Uste dute, dena den, aurrera urrats batzuk ere egin direla azken urteetan. Dena ez dela txarra, alegia. «Komunikabide batzuetan genero editoreak eta kazetari feministak sartu dira, eta lagundu dute kontakizuna aldatzen». Kostako da, hala ere, urteetako ibilitako bidean atzera egitea, eta «oldarraldi erreakzionarioari» aurre egitea.
