Nafarroako kazetariek prentsaren aurka Gazan egindako erasoak salatu dituzte

Nafarroako kazetariek prentsaren aurka Gazan egindako erasoak salatu dituzte

Sanferminek nazioarteko begirada asko Iruñean jartzen dituztela baliatuta, Nafarroako kazetariek prentsaren aurka Gazan izandako erasoak gaitzetsi dituzte. Salatu dute gatazka oldartu zenetik 300 kazetari baino gehiago hil dituztela Gazan, Zisjordanian eta Libanon, eta gogorarazi nazioarteko legediaren arabera kazetariak gizarte zibila direla, eta babestuak izan behar dutela.

Ekitaldia Ernest Hemingway kazetari eta idazle estatubatuarraren estatuaren ondoan egin dute, aurten bete baitira ehun urte Fiesta. Eguzkia jaikitzen da eleberri ezaguna idatzi zuenetik. Eleberri hark lagundu zuen Iruñeko Sanferminak nazioartean ezagun egiten.

Gaur, Isabel Egiguren kazetarien bozeramaileak nabarmendu du Hemingwayren ibilbidean eragin handia izan zutela Lehen Mundu Gerrak eta 36ko Gerrak, eta haren jarduna gaur egun Gazan dauden kazetariek egiten dutenarekin alderatu du.

Israeli gerra krimenak egitea egotzi die, eta Europako estatuei kazetariak babesteko inplikazio handiagoa exijitu.

Egigurenek azpimarratu du Gazan ez dagoela nazioarteko kazetaririk, Palestinako kazetariak direla «gure begiak eta gure belarriak eskualdean», eta, horregatik, ezinbestekoa dela haien lana babestea.