Zezenketen «bekatua» amaitzeko eskatu dute Iruñean

Zezenketen «bekatua» amaitzeko eskatu dute Iruñean

AnimaNaturalis eta PETA erakundeek zezenketak desagerraraztea exijitu zuten atzo Iruñean, animalien eskubideen defentsan. Urtero legez, sanferminen bezperan bildu dira Udaletxe Plazan, «animalien erailketa erritualizatua» salatzeko. Aurten, bereziki, Eliza Katolikoak eta fede kristauak zezenketekin duten lotura ikusarazi nahi izan dute.

11:00en bueltan abiatu zen performancea. Zenbait ekintzaile agertu ziren erdi biluzik, gorputza pintura gorriz zikindurik eta adarrak buruan zituztela. «Zezenketak bekatua dira» eta «Ez duzu hilko» irakur zitekeen zenbait karteletan. Ostean, Jesu Kristoz mozorrotutako gizon bat igo zen gainontzeko ekintzaileekin batera, hura ere odolez zikinduta. Irakurketa egin ostean, «ankerkeriarik gabeko» jaien eta «zezenketen abolizioaren» aldeko oihuak entzun ziren enparantzan.

Daniela Hernandez ekintzaileak azaldu zuen ekintza horrekin dei egin nahi dutela «kontzientzia eta errukia» duten pertsona guztiei «entzierroetan parte hartu ez dezaten».

Jarraian, bozeramaileak enfasia jarri zuen Eliza Katolikoak animalien egoeraren gainean duen arduran. Horixe bera irudikatu nahi izan zuten performancean, Jesu Kristoren inguruan hildako zezenak irudikatuta. Balio kristauak animalien aurkako tratu txarraren kontrakoak direla nabarmendu nahi izan zuten.

Hernandezen arabera, Eliza Katolikoaren doktrinak animaliak torturatzea bekatutzat jo arren, «San Ferminen omenez egiten diren jaietan zezenak aisialdi hutsagatik dira erailak». Emakumearen esanetan, zezenketek «burla egiten diote balio kristauei: errukia, konpasioa eta bizitzarekiko errespetuari», besteak beste. 

Zehazki, zezenketen aurrean, Leon XIV.ari ardura har dezan eskatu diote. Hernandezek adierazi zuenez, Eliza Katolikoak «irmoki gaitzetsi» beharko luke hori guztia, «fede kristaua» lotu ez dadin «aspaldi amaitu beharko zuketen jai arkaikoekin». Animaliak torturatzen dituzten festak «munduan 18.000 baino gehiago» izaten jarraitzen dutela azpimarratu zuten.