Nahiz eta azkenaldian entzierroak nahiko errepikakorrak diren, inoiz ez dago jakiterik nolakoa izango den hurrengo lasterketa. Ustez, Cebada Gago ganadutegiko zezenek arrisku gehigarri bat izan ohi dute, gatz eta piper dosi bat. Alta, oso lasterketa azkarra izan da. Sei zezenek batuta eta anaiturik egin dute ibilbidea. Bi minutu eta 26 segundo behar izan dituzte 875 metroak burutzeko.
Entzierroa hasi aurreko uneetan sei zezenak lasai antzean zeuden San Domingoko ukuiluan, baina zortzietan suziriak Iruñeko zerurantz jo duenean, ke handi baten erdian atera dira korrika, joaldunen atzetik. Elkarrekin korrika egitera ohiturik eta anaien arrastoa galdu nahi gabe, zeharka begiratuz egin dute gorantz. Joaldunek ireki dute bidea, eta atzetik, sei zezenak. 565 kilo eta 590 kilo arteko sei zezen, indar betean.
Hasierako tarte horretan, korrikalari batzuk gai izan dira metro bakan batzuetan erritmoari eutsi eta bazter batera egiteko, arrapaladan multzoak euren gainetik pasa aurretik. Nahiko garbi zegoen tarte hori. Zaila da %6ko batez bestekoa duen aldapen gora egitea. Udaletxera iritsi aurretik, korrikalari batzuk erori dira, baina zezenek ezer gertatu izan ez balitz bezala jo dute aurrera.
Berriro ere estualdiren bat Mercaderesko bihurgunean, baina hara bakarrik heldu da zezen multzoa. Hortik aurrera, arriskua areagotu egin da jendetzaren ondorioz. Estafetako eskuin aldera, jende pilaketa handi bat sortu da, baina lasterkariak han trabaturik geratuagatik, zezenek aurrera jo dute. Idia, talde buru, eta atzetik zezenak eta gainerako joaldunak, guztiak ere elkarturik; batzuek ezkerretik, besteak eskuinetik. Ez dira baldintza hoberenak korrikalarientzat, eta ondorioz adar artean korrika egiteko lehia handitu egin da.
Lehia handia
Bultzadak eta kolpeak nagusitu dira Estafetako ibilbide aurrean. Zezenen aurrean jartzeko borroka handien poderioz, eroriko ugari izan dira, eta oztopo lasterketa bihurtu da. Hesiak bailiran eroritakoen gainetik jauzi egin behar izan dute zezenek. Ez beti. Gazte bat adar artean erori da eta ondoren hainbat zezen gainetik pasa zaizkio. Apurka zezenak erritmoa galtzen joan dira eta jendetzaren erdian egin behar izan dute aurrera, gainerakoei segika, eta inoren kontra egiteko borondaterik gabe.
Kalearen amaiera aldera, korrikalari batek beso batean adarkada izan du. Zehazki adar ukitua izan da. Ez da nabaritu zezenetako batek korrikalarien aurka jo dutenik eta ziurrenik, gertaera hori bere parean topatzearen ondorioz izan da.
Lehen zenbaketaren arabera, kolpeen eta erorikoen ondorioz artatzen dituzten zaurituak salbu, hiru lasterkari artatu dituzte. Horietako bat da adarkatua. Hura eraman dute ospitalera. 23 urteko gazte gipuzkoarra da. Beste bi zaurituak zezen plazan artatu dituzte: batek odol isuria izan du eroriko baten ondorioz, eta besteak kolpe handia jaso du hanketako batean.
