Amorrua eta haserre bizia eragin zituen duela 25 urte, eta, mende laurdena joan eta gero, Iruñeko Gazteluko plazako lur azpiko aparkalekua eraikitzeko proiektuak sortutako orbainak erretzen segitzen du. «Hitz gutxitan erranda, espoliazio handi bat izan zen». Horixe nabarmendu dute Pello Iraizozek eta Jesus Arbizuk. Nafarroako Ondarearen Defentsarako Hiritarren Ekimeneko kide izan ziren biak, eta aparkalekuaren kontra sortutako plataforman aritu ziren. Iruñeko Udalak, UPNko Yolanda Barcina buru zuela, 2001eko urtarrilean onartu zuen Gazteluko enparantzan aparkaleku bat egiteko plana, eta urte bereko uztailean hasi zituen lanak: uztailaren 23ko 05:10ean, 54 platano eta Konstantinoplako hogei akazia moztu zituzten plazan. Lurra mugitzen hasi bezain pronto, aztarnak agerian gelditzen hasi ziren, baina udalak ez zuen atzera egin bere asmoetan. «Nafarrok gure ondarea galdu dugu», berretsi dute Iraizozek eta Arbizuk.
Gertatu zenaren memoria jasotzea «inportantea» dela uste dute, eta iritzi berekoa da Edurne Egino ere. Memoria gordetzeko, hain zuzen, Plaza del Castillo. Pamplona-Iruña, 2000-2003. Una lección de democracia ciudadana frente a la destrucción de 2.000 años de patrimonio (Gazteluko plaza. Iruñea, 2000-2003. Herritarren demokrazia lezio bat 2.000 urteko ondarearen suntsipenaren aurrean) izenburuko liburua ondu zuten elkarrekin, bertze hainbat egilerekin batera (Pamiela, 2003).
Iruñeko Gazteluko plaza, 2001eko uztaileko lanak hasi aurretik. JOXE LACALLE
Egino 1984an itzuli zen Iruñeko Alde Zaharrera, hainbat urtez hiritik kanpo egon eta gero, eta auzo elkartean sartu zen, sareak berritzeko eta komunitatea sendotzeko asmoz. Gazteluko plazako plataforman lanean hasi zen, sortu bezain pronto. «Galdu genuen, baina egindako bideak asko irakatsi zigun. Hori ere bada inportantea», erran du. Plataforman egindako lanak politikarako prestatu zuen Egino, hain zuzen, eta, 2011tik 2019ra, Iruñeko Udaleko zinegotzi izan zen Ezkerrarekin.
Iruñeko Udalak 2000. urteko abenduan aurkeztu zuen Gazteluko plazan lur azpiko aparkaleku bat egiteko bere plana, eta 2001eko urtarrilean onartu zuten. Proiektuak UPNren, PSNren eta CDNren aldeko botoak jaso zituela oroitu du Arbizuk: «Ez zen bakarrik UPN izan». Herritarrak eta batez ere Alde Zaharreko bizilagunak berehala hasi ziren aparkalekuaren aurka mobilizatzen. «Elkartasun handiko egunak izan ziren; jende asko atera zen karrikara, gehiengo handi batek ez baitzuen aparkalekua egitea nahi», berretsi du Eginok. Izan ere, Iruñeko Gazteluko plaza enparantza soil bat baino anitzez ere gehiago izan da beti, eta eremu hori itxuraldatzea hiriaren bihotzaren aurkako erasotzat hartu zuten bizilagun anitzek.
«Gure ama duela bi urte hil zen, 95 urterekin; aparkalekua egin eta gero, ez zen Gazteluko plazara itzuli. Hil zenean, haren gauzak biltzen, aparkalekua egin aurreko plazaren irudia zuen postal bat aurkitu genuen, eta atzeko aldean eskuz idatzita utzi zuen zer pentsatzen zuen: eskubiderik ez zegoela», kontatu du Eginok.
Gazteluko plazako kioskoa, behera botatako zuhaitzen artean. JOXE LACALLE
Eginoren amak bezala, Iruñeko Udalak Gazteluko plaza hondatzeko eskubiderik ez zuela uste zuten bertze herritar anitzek ere, eta 2001eko uztailaren 23an, zuhaitzak moztu zituztela jakin zutenean, karrikara atera ziren gertatutakoa salatzera. Egun hartan, Iruñeko Udaltzaingoak zazpi lagun atxilotu zituen aparkalekua egiteko lanak oztopatzen saiatzeagatik. Egun hartakoak «tristuraz» oroitu ditu Arbizuk: «Gauez moztu zituzten zuhaitzak, inolako abisurik gabe. Arbolak lurrean ikusi genituenean, bihotza erori zitzaigun».
Protesta gisa plazan eseri zirenetako bat izan zen Egino. «Izugarria izan zen», berretsi du. Nabarmendu du, halere, plataformak bazuela lotura Iruñeko Udaleko orduko berdeguneen arduradunarekin, eta zerbitzuko langileak kontzientzia eragozle bilakatu zirela: «Ez zituzten zuhaitzak moztu nahi izan; Simon Santamariak, udaltzainen orduko buruak, suhiltzaileak deitu zituen plaza hustera, baina suhiltzaileek ere ezetz esan zuten».
Ondarea, zabortegian
«Erabateko zigorgabetasunaz aritu ziren». Horixe azpimarratu du Iraizozek udaletxeko agintariei buruz. Zuhaitzak moztuta, aparkalekua eraikitzeko lanak hasi zituzten, eta, obrekin batera, «ondarearen espoliazioa».
Aparkalekuaren aurkako plataformako kideek nabarmendu dute «ulertzen zaila» dela Gazteluko enparantzaren azpian aurkitutako aztarnekin gertatutakoa. «Udalak dena suntsitu zuen, eta Vianako Printzea erakundeak ez zuen nafarron ondarea babestu. Hori zen haren egitekoa, baina ez zuen bete».
Jendetza Iruñeko Udaletxe plazan, Gazteluko plazako aparkalekuaren aurka. JOXE LACALLE
Udalak, proiektua aurkeztu zuenean, argi erran zuen «ahal den neurrian» errespetatuko zituela plazan lur azpian ager zitezkeen aztarnak. Gertatu zenak agerian utzi zuen ezerk ez zituela hutsean utziko hiriburuko agintarien aparkalekua eraikitzeko planak. Nekez uler daiteke, bertzela, Beriaingo zabortegian Brontze Aroko eta Burdin Aroko piezak agertu izana. «Bizilagun batek deitu zigun, eta piezen bila joan ginen. Agerraldi bat egin genuen, gure ondarearekin egiten ari zirena salatzeko», gogoratu du Iraizozek.
Ondare horren alde hasi ziren plataformatik: aparkalekua bertan behera uzteko eskatu zuten, eta plaza lur azpian aurkitutako piezak erakusteko museo bihurtzeko. Herritarren iritzia jasotzeko, gainera, erreferendum bat egiten saiatu ziren: «Legez, erroldatutakoen %10ek eskatzea nahikoa zen kontsulta egin ahal izateko, eta, garai hartan, %10 hori 15.000 biztanle inguru ziren. Guk 25.000 sinadura lortu genituen, baina, hala eta guztiz ere, udalak ez zuen erreferendumik antolatu», salatu du Arbizuk.
Ondarearen defentsarako ekimeneko kideek auzitara jo zuten plazan aurkitutako aztarnak salbatzeko asmoz. «Vianako Printzea erakundeko orduko buru Juan Ramon Corpas, Yolanda Barcina alkatea eta beste salatu genituen». Maria Angeles Mezkiriz arkeologoaren kontra ere egin zuten —berriki zendu da—, hark erran baitzuen Gazteluko plazan aurkitutako piezen artean ez zegoela aparkalekua egiteko lanak gelditzea justifikatzen zuen ezer. Herrialdetik kanpoko adituen iritzia bertzelakoa izan zen, eta ondarea babes zezatela eskatu zieten Iruñeko Udaleko eta Nafarroako Gobernuko arduradunei, plataformako kideen eskutik Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldi batean.
Espainiako Polizia, Gazteluko plazako aparkalekuaren aurkako manifestarien aurrean. JOXE LACALLE
«700.000 pieza baino gehiago atera zituzten plazatik, eta biltegi batean gorde. Ondarea suntsitu dute», berretsi du Iraizozek, bertze behin. Epailearen aginduz Aranzadik txosten bat egin zuela oroitu du, eta elkarteko adituek «espoliaziotzat» jo zutela Gazteluko plazan gertatutakoa. «Juantxo Arregi, Paco Etxeberria eta Juan Luis Arsuaga aritu ziren; epailearen aginduz aritu arren, obrako arduradunek ez zieten plazan sartzen utzi. Kanpotik aritu behar izan zuten», erantsi du Arbizuk.
Plataformak ez zuen lortu aparkalekuaren lanak geldiaraztea; epaitegiek ere ez. Lanak amaitu zituzten, eta hiria lur azpian gordetako ondarea ezagutzeko eta gozatzeko aukerarik gabe gelditu zen. «Jende asko batu zen borrokara, eta gogoz saiatu ginen». Esperientziak irakatsitakoari balioa eman behar zaiola erran du Eginok, eta duela 25 urte gertatu zenaren berri ez dutenak memoria lantzera deitu ditu. 2023ko abuztuan, Iruñeko Zabalguneko bizilagunek Gurutzeko plazan egin nahi zuten lur azpiko aparkalekua eraikitzeko lanak geldiaraztea lortu zutenean, duela mende laurdenekoa oroitu zuten batek baino gehiagok.
Kronologia
2000
Abenduak 26. Iruñeko Udalak Gazteluko plazan lur azpiko aparkaleku bat egiteko proiektua aurkeztu zuen.
2001
Urtarrilak 4. Batzarre eta Euskal Herritarrok udal taldeek erreferendum bat egiteko eskatu zuten.
Urtarrilak 10. Alde Zaharreko auzo elkarteak deituta, aparkalekuaren aurkako lehen manifestazioa egin zuten.
Urtarrilak 11. Iruñeko Udalak aparkalekua egiteko proiektua onartu zuen, UPNren, PSNren eta CDNren aldeko botoekin.
Uztailak 23. Gazteluko plazako zuhaitzak moztu zituzten. Protesta eguna izan zen, eta arratsaldez Espainiako Polizia herritarren aurka oldartu zen.
Abuztuak 28. Indusketak hasi zituzten.
Irailak 29. Plataformak erreferenduma egin zuen: 19.639 parte hartzaileetatik 18.462k ezetz erran zioten aparkalekuari.
2002
Urtarrilak 11. Harresi handi baten aztarnak agertu ziren; erromatarren garaiko bi terma handi ere bai.
Urtarrilak 18. Maria Angeles Mezkiriz arkeologoak onartu zuen hiri erromatarra bere ikerketetan jasotakoa baino anitzez ere handiagoa zela.
Otsailak 14. Aranzadik «espoliazioa» salatu zuen.
