Gorantz doa San Domingoko aldapatik zezen plazara arteko tartean biltzen den jende kopurua, eta horrek ezinbestean arriskua handitzen du. Are, baldin eta laugarren entzierroaren modura, zezenek abiada bizian egiten badute korrika. Alvaro Nuñez ganadutegiko zezenek berezitasun bat izan dute. Joaldunen gida alboraturik aurretik jarri dira eta oso azkar egin dute lasterka.
Bi minutu eta 31 segundo behar izan dituzte entzierroa osatzeko. Alta, hamar bat segundo atzeratu da; gaztain kolore eta eper begiko zezen bat trabatuta geratu da amaieran jende pilaketa batean, eta alborantz egin du. Bertan zirenei begira jarri da, baina une horretan idi talde bat iritsi da. Zezena babestu dute, eta hark aurrera jotzea erabaki du. Bakarrik geratzeko aukera eragotzi dute, hortaz, joaldun horiek.
Guztira, bederatzi lagun artatu dituzte osasun zerbitzuek. Horietarik bost ospitaleratu dituzte. Guztiek dituzte kolpeak beso, zango eta buruan. Beste lau lagun zezen plazan artatu dituzte, eta lehen balorazioa egiten ari zaizkie bertako medikuak. Ez da adarkaturik izan.
