Jende pilaketak eta adarkatu bat, aurtengo entzierrorik luzeenean

Jende pilaketak eta adarkatu bat, aurtengo entzierrorik luzeenean

Aurtengo sanferminetako entzierroen artean luzeena izan da: bi minutu eta 35 segundo. Baita arriskutsuenetako bat ere. Jose Escolar ganadutegiko zezenak bizkor atera dira San Domingoko ukuiluetatik, baina ibilbideko zenbait gunetan pilatutako jendetzak mantsotu egin du lasterketa, eta horrek arrisku handiko uneak eragin ditu.

Zezen saldoak anaituta egin du lasterketaren lehen zatia. Ziztu bizian igo dute San Domingoko aldapa, joaldunak zituztela aurretik, eta abiada bizi horren ondorioz, oreka galdu eta estropezu egin dute zenbait lasterkarik. 

Udaletxe plazara iritsita, baina, beste lasterketa bat hasi da: aurrea hartu du zezen beltz-grisaxka batek, eta Mercaderes karrikako eskuinaldean geldirik zeuden zenbait korrikalariren aurka jo du bete-betean. Tentsio uneak bizi izan dira hor eta baita Mercaderes eta Estafeta kaleen arteko bihurgunean ere, batez ere, kantoietan pilatutako jendetza zela-eta.

Bihurgunean erritmoa mantsotu da une batez, eta zezenek aukera izan dute berriro elkartzeko, eta anaituta egin dute Estafeta karrika osoa. Hain zuzen, kale horren bukaeran eta Telefonicako zatian nabaritu da, batez ere, gaurkoa izan dela asteburuko lehen entzierroa eta jendetza dabilela Iruñeko kaleetan barna. Zenbait pilaketa sortu dira inguru horretan eta hor ere izua nagusitu da, korrikalariak bata bestearen gainean erori direnean zezen plazaren sarbidean.

Hamahiru zauritu

Larrialdietako Zuzendaritzaordeak emaniko behin-behineko datuen arabera, hamahiru zauritu izan dira gaurko entzierroan; horietako bat, aurpegian adarkada jasota. Mercaderes karrikako zatian izan da. Gainerakoak kolpeengatik artatu dituzte: bederatzi lasterkari Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman dituzte, eta beste lau, berriz, ibilbidean bertan artatu dituzte.