«Hasia zen fiesta egiaz. Gauez eta egunez jarraitu zuen, zazpi egunez. Dantzak jarraitu zuen, edariak jarraitu zuen, zaratak jarraitu zuen. Fiesta batean bakarrik gerta zitezkeen han gertatzen ziren gauzak. Azkenean irreala bihurtzen zen dena, eta ematen zuen ezerk ezin zuela ondoriorik izan. Lekuz kanpoko gauza zirudien fiestak zirauen bitartean ondorioetan pentsatzeak». Halaxe deskribatzen ditu sanferminak Ernest Hemingwayk, Fiesta. Eguzkia jaikitzen da eleberri ezagunean.
Hemingway eta Iruñea. Iruñea eta Hemingway. Bien izenak elkar loturik geratu ziren betirako duela ehun urte idazle estatubatuarrak bere lehen eleberria argitaratu zuenetik. Mende bat geroago, iruditeria kolektiboan Hemingway eta haren Fiesta mitoaren lainopean ageri dira. Nobela jaietara datozenen igarotze erriturako gida gisa saldu da, haren balio literarioaz ahazturik.
Idazlearen irudia ere topikoz beterik ageri da. Iñaki Sagarna ikerlari debarraren arabera, 1950eko hamarkada amaieran frankismoaren bedeinkapenarekin Iruñeratu zen Hemingway ileurdinak «bere irudi publikoa sortu du: gizon zuri, gogorra, ehiztaria, Amerikaren maskulinitatearen ideala. Saltzeko itxura bat da, oso pertsona konplexua baita».
«Harentzat sanferminak zerbait berezia izan ziren. Inauteri moduko bat, non mundu guztia alai eta pozik bizi den»»
IÑAKI SAGARNA Ikerlaria
Josu Jimenez Maia literatur adituari topikoen atzean ezkutatzen den Hemingway interesatzen zaio: «Zurrut zalea, andre zalea eta zezen zalea bazen, baina, hortaz aparte, oso idazle ona eta gizon interesgarria. Oso bizitza berezia izan zuena». Izan ere tipo gogorraren plantak eginagatik, James Joyce idazle irlandarraren ustez «errakuntza hutsa» zen uste hori, «sentsibilitate handiko gizona» baitzen Hemingway. Sagarnak gehitu du «oso sentikorra eta anbibalentea» zela.
Gertrude Steinen gomendioz etorri zen Iruñera lehen aldiz, Hadley Richardson lehen emaztearekin. Lehen Mundu Gerran zauri larriak izandako gaztea zen Hemingway hura. «23-24 urte zituen, ezkondu berri. Mundua esploratzen ari da. Interesatzen bazaio zerbait, saiatzen da asko informatzen, eta harentzat sanferminak zerbait berezia izan ziren. Inauteri moduko bat, non mundu guztia alai eta pozik bizi den. Inpaktu handia eragin zion», dio Sagarnak.
Halaxe jaso zuen gutun batean. «Iruñetik iritsi berriak gara, han gure bizietako asterik hoberena eman ondoren». Hain ondo ibili ziren, ezen 1923 eta 1933 bitartean zortzi aldiz etorri baitzen. Sagarnaren hitzetan, obsesionatu egin zen. Zezenketek piztu zioten arreta, baina ez zen hori soilik, Iruñeko giroa bera atsegin zuen. Haren aholkuei segika etorri ziren Iruñera ondorengo urteetan John Dos Passos idazlea, bai eta bere hainbat lagun eta ezagun ere. Horietan oinarriturik sortu zituen Fiesta-ko pertsonaia nagusiak, bere alter ego modukoa den Jake Barnes protagonista barne.
XX. mendeko eragina
Iruñean eta Euskal Herriko beste hainbat tokitan bizitakoa jaso zuen nolabait Fiesta-k. «Haren esperientzia garrantzitsua da, baina prozesu arraro bat egiten du. Benetako gertaerak erabiltzen ditu hortik kontaera bat sortzeko. Haren fikzioa ez da egia, baina bada». Era berean, garai hartako eraldaketa artistikoaren begirada narrazioan txertatu zuen. Jimenez Maia: «Parisen izan zen. Han zegoen Picasso, han zeuden zinemagile berriak eta hori guztia oso lotuta dago».
Horregatik Fiesta-ren narratiba estiloa mugarritzat du Jimenez Maiak. XIX. mendeko idazle handien erreferentziarekin hautsi, eta kazetaritzan «ederki ikasitako» estilo zuzenaren alde egin zuen. «Fiesta-n ez dago perifrasirik, ez dago menpeko perpausik, estrukturak oso argiak dira. Esaldi labur horietan gauza asko kontatzeari uzten dio, suposatutzat ematen baititu. Irakurle trebatuak nahi ditu».
Estilo moderno eta sinple horrek baditu bi bereizgarri: erritmoa eta natura. Pertsonaien arteko solasaldiak biziak eta freskoak dira, eta harreman horien atzean ezkutatzen diren gatazkak eta sentimenduak lerro artean ageri dira maiz. Parisko pasarteak eta Iruñekoak frenesi betean ematen dira, urte haietako aztoramena islatuz. Kontrastea azpimarraturik, natura arnasgune finko gisa azaltzen du. Ez da kasualitatea Jake protagonista Ivan Turgenev idazlearen Ehiztari baten memoriak irakurtzea, idazle errusiarrari jarraikiz paisaien deskribapen bisual eta zehatzak egiten baititu, apaindurarik gabeak.
Euskal Herria, agertoki
Eta horixe da beste ezaugarri nagusia. Fiesta ez da soilik Iruñea. Agertokia Euskal Herrian kokaturik dago —Baiona, Auritz, Donostia, Irati, Iruñea—. Hala, protagonista Frantziatik Espainiara doala adierazi arren, Sagarnak argi antzematen du gero Baionatik aurrerako paisaia horretan «berdintasun bat».
Halaxe dio pasarte horrek: «Euskaldun asko utzi genuen atzean, idiekin edo ganaduarekin, gurdiei tiraka errepidean eta baserri ederrak, teilatu-baxuak, eta osorik zuriz kareztatuak. Euskal Herrian lur guztiak oso aberatsa eta berdea ematen du, eta etxeek eta herriek aberatsak eta garbiak ematen dute. Herri guztiek dute frontoia». Jimenez Maiaren esanetan, «herriaren xalotasuna eta pasaiak» dira nagusi, eta «galtzen ari den mundu baten begirada» da berea.
«Esaldi labur horietan gauza asko kontatzeari uzten dio, suposatutzat ematen baititu. Irakurle trebatuak nahi ditu»
JOSU JIMENEZ MAIA Idazle eta itzultzailea
Naturaltasunez, paisaiaren parte dira euskaldunak eta Auritzerako autobus bidaian artzainekin hitz egiten dute pertsonaiek. «Primerako jendeak dituk euskaldun hauek», esaten dio haietako batek (Billek) besteari. Ez da anekdota hutsa. Sagarnaren hitzetan, 1923an Euskal Herrian izan zen lehen alditik 1961ean Idahoko Ketchum herrian bere buruari tiro egin arte, euskaldunak Hemingwayren bizitzaren parte garrantzitsu izan ziren. «Ezin da haren figura ulertu euskaldunik gabe», dio irmo Sagarnak.
1933ra bitarte makina bat aldiz izan zen Euskal Herrian; 1936ko gerran ez zen hona etorri, baina euskal militanteekin erlazio handia izan zuen. Behin Kuban, erbesteratutako euskaldunak zituen adiskide onenak, eta Idahon harekin harremana izan zuten euskaldun askoren gutunen berri izan du Sagarnak. 1956an, euskarazko gramatika bat oparitu zioten, eta Bernard Berenson arte kritikariarekin egindako hartu-eman batean euskarazko hitzak erabili zituen. «Aipatzen dio euskara bezain misteriotsua dela eta jarraian, euskaraz, esaten dio ‘zuregatik etorri naiz’».
Hemingwayren topikoez harago, idazle antifaxista izan zela gogora ekarri du Jimenez Maiak, eta haren olerkigintza aldarrikatu du. 88 poema idatzi zituen, eta horien artean Lehen Mundu Gerra osteko olerki antimilitaristak azpimarratu ditu. Hark ondorengo idazle belaunaldietan izandako eragina ere goraipatu du. «Hemingwayren liburuak irakur daitezke inongo arazorik gabe».
Edorta Jimenez idazlea, Joseba Asiron Iruñeko alkatea eta Garbiñe Bueno alkateordea, ostegunean, Cafe Iruñako Hemingwayren txokoan. JESUS DIGES / EFE
Mendeurrena oroitu dute Iruñean
Fiesta nobelaren argitalpenaren mendeurrena aintzat hartua izan da Iruñean. Kondestablearen Civivox aretoan erakusketa bat antolatu dute. Abuztuaren 23ra arte bisitatu ahalko da. Bertan, Fiesta-ri buruzko xehetasunak ezagutarazteaz gain, Hemingwayren gaineko informazio interesgarria dago. Nafar Ateneoarekin lankidetzan egin da.
Ostegunean, Iruñeko Udalak Cafe Iruñako Hemingwayren txokoan ekitaldi bat egin zuen. Liburuko pasarte batzuk irakurri zituzten Edorta Jimenez eta Irati Jimenez idazleek eta Irati Iturritza poetak; gazteleraz, euskaraz eta ingelesez. Joseba Asiron alkateak zapi gorria jarri zion idazlearen figurari.
