«Modernitatearen ateak zabaldu zituen ‘Fiesta’ liburuak»

«Modernitatearen ateak zabaldu zituen ‘Fiesta’ liburuak»

Duela bost urte Fiesta, eguzkia jaikitzen da eleberria argitaratu zuen Erein-Igelak. Ernest Hemingwayren narrazio zinematografiko, eliptiko eta sinplea ederki ekarri zuen euskarara Koro Navarrok (Donostia, 1955), eta Itzulpengintzako Euskadi saria jaso zuen 2022an. Estimu berezia dio horregatik. 

Hemingwayren lehen eleberria izan zen Fiesta. Haren eleberri erreferenteetako bat da. Zerk eman zizun atentzioa?

Andu Lertxundik egin zidan hitzaurrea, labur-laburra. Liburuaz esan daitekeena ezin da esan Lertxundik esaten duen baino hobeto. Oso ona iruditzen zait. Zer esaten duen? Esaten dena baino inportanteagoa da nola kontatzen den. Mende bat pasatu da, denbora asko. Gauza asko gertatu dira, aldaketa asko, eta literaturan ere bai. Zer du berezia? Oso modernoa da. Modernitatearen ateak zabaldu zituen.

Zertan islatzen da modernitate hori?

Lertxundik aipatzen du, arrazoi osoz, XIX. mendeko literaturan eta lehenagokoan deskribapenetan akzioa gelditu egiten zela: kontatzen zen lekua nolakoa den, jantzia nolakoa den, pertsonak nolakoak diren. Aldiz, hemengo deskribapenek ekintzari laguntzen diote, ekintza bultzatzen dute.

Zinematografikoa, neurri batean?

Bai, oso. Idazteko makina, batetik; kamera, bestetik. Honek kamera batek bezala ikusten ditu gauzak, mugimendu eta guzti.

Iñaki Sagarnak kontatzen du Hemingwayk Iruñean entzierroaren irudiak hartu zituela, bai eta kameraz grabatu ere. Dena den, ez da topatu film hori.

Hori nabaritzen da testuan. Nola mugitzen den behatzailea, kontalariaren begirada nola mugitzen den. Kamera bat bezala. Bestalde, kontatzen dena 1920ko urte eroetan kontatzen da. Gerra arteko tarte zoro horretan. Protagonistak amerikanoak dira, eta parrandan bizi dira. Ematen du helburua zela parranda luzatzea ahal zen guztia. Harrigarria da zenbat edaten duten. Parranda, parranda eta parranda.

Agertokia Euskal Herria da. Liburu erditik aurrera, hor ageri dira Iruñea, Donostia, Auritz, Irati, Baiona, Tafalla…

Batez ere Donostia eta Irati zoragarri daude sartuta liburuan. Deskantsua dira pertsonaientzat, eta irakurlearentzat ere bai. Iruditzen zait. Iruñeko bestetan, lehenbizi Iratikoa eta gero Donostiakoa. Festen eromenaren zarata, iskanbila, zezenak eta ardoa, abiadura; eta horren guztiaren ondoren, bakea. Niri, Donostian egonik, inbidia ematen zidan itzultzen ari nintzenean [barrez]. Beti jendez beteta eta inguratuta egonik, nola bainatzen den bera bakarrik Donostian.

Natura iraunkorra eta finkoa da; aldiz, festa eta gizadia mugimenduan daude etengabe.

Bai, Iratikoa ere zoragarria da. Azkenean, paisaia hori, giro hori, ezin hobeto agertzen ditu. Garai bateko Donostia, igual. Existitu omen zen Donostia lasai eta eder bat. Kontraste ikaragarria gertaeretan estiloan eta denean. Eta gero, entzierroan hildako gizona agertzen da; Tafallakoa dela esaten du, eta nola daramaten gorpua Tafallara. Zati hori ere zoragarria da, kontatzen duenean nola doan bagoi merke batean, eta atzeko bagoian emaztea eta umeak, umezurtzak. Oso polita da kontakizun hori.