Mihurak beti mihura

Mihurak beti mihura

Mende erdi baino gehiago urtero Iruñera etortzen, entzierroaren hitzorduari izkin egin gabe. Mihura ganadutegiko zezenen entzierroetan emozioa izan ohi da nagusi eta zezenek aurrera jo ohi dute, eraso egiteko imintziorik egin gabe. Historian salbuespenak egoten dira, noski, baina aurtengo lasterketan ospe horri ohore egin diote. 

Aurrekoak bezala, lasterketa bizia izan da. Hasiera batean, zezenetako bat aurrean jarri bada ere, joaldunari egin dio tokia eta atzetik joan dira sei zezen beltzak, anaiturik. Hain izan da erritmo azkarra, beste idiak atzean geratu dira.

Udaletxe plazatik Mercaderesko bihurgunera bidean, zezenetako batek irrist egin du, eta hark ere ezin izan die jarraitu beste bostei; bakarrik geratu da atzean, baina aurrera egin du hark ere eta Estafetan berriz ere bost anaiak harrapatzeko gai izan da. 

Asteburuaren ostean, nabari zen gaurkoan jende gutxiago zegoela lasterketan. Hutsunea aurkituta zezenen aurrean korrika egiteko lehia handia izan bada ere, aurreko bi egunetan baino aukera gehiago sortu dira bederen. Erorikoak izan dira eta lasterkariren bat zezenaren aurrean bertan erori da. 

Amaiera aldera, zezenen adarrek lasterkariak kolpatu dituzte, baina lasterketaren beraren abiaduraren eta inertziaren ondorioz gertatu da hori. Zezenek ez dute adarkatzeko keinurik egin. Plazara iritsita, harea oin azpian nabaritzean, arriskua sortu da. Sei zezenek buelta bat eman dute zezen plazan baina ukuilurantz egin dute segidan.

Bi minutu eta 34 segundo behar izan dituzte entzierroa osatzeko. Azken itzuli horrek luzatu egin du apur bat iraupena. Gurutze Gorriaren lehen informazioaren arabera, sei lagun artatu dituzte jasotako kolpeen ondorioz —horietarik bi zezen plazan bertan—. Oraingoz, bederen, hiru lagun ospitaleratu dituzte.