Entzierroa hasteko ordu erdi baino gehiagoren faltan, Pamplonesa musika bandak azken eguneko dianen ibilbidea amaitu du Burgoen plazan. Gaupasa egin dutenak eta goiz esnatu direnak elkartu dira bertan, eta Tafallako Pilindrosen jota dantzatuz agurtu dituzte mozorrotuta dauden musikariak. Txaloka amaitu dute guztiek.
Santiago plazako hesietan jendea elkartzen ari dira, bertatik azken entzierroa ikusteko. Lasterkariak euren erritualak prestatzen dabiltza, bat-batean oihuak eta irainak entzuten direnean. Hesietatik kanporatu egin dute bultzaka ile berdea duen estatubatuarra, jaietan hain ezagun egin dena. Lehen kantua abestu ostean, lasterkari saldoak Estafetarantz egiten du. Asko dira. Besteak jada prest daude, saltoka, urduri.
Lehertu da azken suziria. Jauziak ugaritu dira. Apurka, urduritasuna handitzen doa, eta behetik datozenen erritmoa ere handituz doa. Burrunba ere ozendu da. Kaskoak entzuten dira kale kantoian. Lurrera bortizki erortzen direnen artean larru beltz batzuk eta adarrak antzematen dira ziztu bizian. Jandilla ganadutegiko zezenak dira. Azken entzierroa begi klisk batean igaro da eta soilik adardunen usain sarkorra geratu da San Domingoko aldapan.
Bi adarkatu
Aurrekoak bezala, oso azkarra izan da Iruñeko sanferminetako azken entzierroa. Jandilla ganadutegiak 25 urtez parte hartu du sanferminetan eta 33 adarkatu utzi ditu. Arriskua ekarri ohi dute, eta gaurkoan ere antzera jokatu dute. Entzierro asko oso antzekoak izanagatik, inoiz ez dago antzematerik zer jokabide izan dezaketen zezenek, eta Jandillaren zezenek oraingo honetan emozioa eta arriskua ekarri dute. Bi adarkatu utzi dituzte.
Bi minutu eta 25 segundo behar izan dituzte ibilbidea osatzeko. Ukuiluetatik atera eta joaldunen atzetik, babesturik, gora egin badute ere, aldapa erditik aurrera zezen beltz bat jarri da taldearen buru, eta beste bat jarri zaio parean. Udaletxe plazara iritsita, lasterketaren inertziaz, zezenetako batek eskuinaldeko hesirantz jo du eta hainbat lasterkari bulkatu ditu. Buruarekin mugimendu bortitz bat egin du; pertsonaren baten gorpua ukitu izan balu, benetan arriskutsua izango zen.
Zezenek erori gabe hartu dute bihurgunea, baina ibilbidea ezagutzen duten joaldunek abantaila hartu eta berriro lasterketa gidatu dute. Taldea sakabanatu egin da zati horretan. Horri esker eta gaurkoan jende gutxiago zegoela baliaturik, korrikalariek abagune gehiago izan dute zezenen aurrean lasterketa egiteko. Dena den, Estafeta erdirantz ailegatuta, zezenak anaitu egin dira berriz eta tarteak desagertu egin dira.
Xabierko karrika igarota, taldea ixten zuen zezen gaztainkarak estropezu egin du beste lasterkari batzuekin eta orduan sortu da beste une arriskutsuetako bat. Aurtengo sanferminetan ez da zezen bakar bat ere bakarrik geratu. Zarabanda izeneko zezena izan zitekeen salbuespena, baina altxatu eta aurrera egin du anaien arrastoari segika.
Aurrera egin du entzierroak, eta zezen plazara iritsita, zezen beltzetako batek albora jotzeko imintzioa egin du, baina, azkenik, ukuilura joan da, gainerako taldekideekin batera.
Bederatzi lasterkari artatu dituzte eta horietarik zazpi ospitaleratu dituzte. Horien artean bi adarkatu daude. Udaletxe plazan izterrean adarkatu du zezenak lasterkari bat eta Telefonica parean, bularraldean. Biak egonkor daude.
