Eskuineko oposizioak tenperatura poltikoa igo nahi du eta, bide batez, Nafarroako Gobernuko bazkideen zalantzak xaxatu. Espainiako Auzitegi Nazionalak erabaki du ustezko irregulartasunen auzian Belateko tunelei buruzko lanen adjudikazioa ere ikertzea. Albiste horren atzean benetako zigor epai bat balego bezala erreakzionatu du UPNk. Atzo Cristina Ibarrola alderdiko presidenteak dimisioa eskatu zuen eta gaur goizean Javier Esparza UPNren parlamentuko bozeramaileak «erantzukizun politikoak» hartzeko exijitu dio Maria Txibite lehendakariari.
UPNk berak hauspotu ditu hasieratik Belateko tunelen adjudikazioaren gaineko susmoak, politikoki zein judizialki. Parlamentuan hamaika agerraldi dira eta Accionari zein Servinabarri esleitutako kontratu publikoei buruzko ikerketa batzordean gai nagusia izan da: hark ez du frogatu esku hartze politikorik egon zenik esleipenean.
Auzibideari dagokionez, 2024ko irailaren 9an eskatu zion Guardia Zibilari auzia ikertu zezala. Iragan urte amaieran, Guardia Zibilaren Unitate Zentral Operatiboak auzia ikertzeko eskaera ofiziala egin zion Auzitegi Gorenari. Gerora Auzitegi Nazionalak hartu zuen instrukzioa bere gain, eta horregatik duela bi aste Ismael Moreno epaileak galdegin zion UCOri ea sarturik al zen esleipena auzi nagusian. Hala, UCOk erantzun zion euren eskaera oraindik erantzuteke zegoela, eta azkenik Morenok atzo agindu zuen Belateko lanak ere ikertzea.
«Askok dakigu zer gertatu den eta orain falta dena da Guardia Zibilak hori frogatzea, baldin eta frogarik badago»
JAVIER ESPARZAUPNko eleduna
Tanto politikoa egin du UPNk. Gaur goizean Esparzak pozarren kazetariei azaldu die halakorik ez dela gertatu «azken 30 urteetan». Zeharka Javier Otano PSNko presidentearen Suitzako kontuen aferari egin dio erreferentzia, ustelkeria kasuak eta alderdi sozialista elkar lotuz. Nahiz eta epaileak ez duen oraindik publiko egin bere erabakiaren oinarria, «oso larritzat» jo du hori Esparzak: «Epaileak eta UCOk uste dute zantzu nahiko eta sendoak daudela sakon ikertzeko adjudikazioa».
Nafarroako Gobernua «noraezean» ikusten du Esparzak, adierazpenen eta errealitatearen arteko kontraesanean. «Hasieran ez zegoen Belate auzirik, ez zen ezer gertatzen eta Cerdan biktima bat zen. Txibitek berak aurreko astean esan zuen sorgin ehiza bat zela. Orain diote pozik daudela ikertuko dutelako». Esparzaren ustez, «iparra galdu dute», eta benetan «oso kezkatuta» daude. «Bazkideen artean ere konfiantza urratu da. Uste dut ondorengo hilabeteak tentsio handiz biziko dituztela gobernu barruan».
Esparzaren ustez, hasieratik ikusten zen Belatek «usain txarra» zuela. «Askok dakigu zer gertatu den eta orain falta dena da Guardia Zibilak frogatzea hori, baldin eta frogarik badago». Zer atera daitekeen galdetuta, Esparzak uste du ez dela sinesgarria Accionak eta Servinabarrek Espainiako beste tokietan komisioak pagatzea eta Nafarroan ez. «Jarduteko modu bat zuten, legez kanpo aberastea bilatzen zuten. Orain arteko audioek eta Whatsapp mezuek hori adierazten dute. Instrukzioa burutuko da eta epaile batek epaia aterako du».
PSN: «Albiste ona da»
Urtarrilaren 9an Nafarroako Parlamentuan Txibitek honakoa esan zion UPNri: «Urte berri honetan nahiko nuke epaileak Belateko tunelak ikertzea. Badakizu zer gertatuko den? Zuek barkamena eskatu beharko diezuela nafarrei». Alta, jada ez da joko erretoriko bat eta errealitate egingo da eskaera.
Komunikatiboki, PSNk baina ideia horri heldu dio, eta Esparzari eskatu dio ez dadila «hainbeste poztu»: «Albiste ona da. Urtarriletik ari gara eskatzen epaile batek iker dezala eta zalantza guztiak argitu daitezela», esan du Ainhoa Unzuk. PSNko parlamentariak «urduri» ikusten ditu eskuineko alderdiak. «Moreno epaileak eskatu du txosten bat egiteko eta hori ikerketari gehitzeko. Ez dago ondoriorik, ez dago epairik, ez dago zigorrik».
«Moreno epaileak eskatu du txosten bat egiteko eta hori ikerketari gehitzeko. Ez dago ondoriorik, ez dago epairik, ez dago zigorrik»
AINHOA UNZUPSNko parlamentaria
EH Bilduko Adolfo Araizek X sarean Ismael Morenok eta UCOk emandako pausoak gogoratu ditu eta amaieran azken txio bat idatzi du: «Orain da ikerketa judizialaren garaia eta ez epai politikoak egiteko garaia».
