Nafarroak beste 400 foruzain izango ditu, Espainiako Gobernuarekin hala adostuta

Nafarroak beste 400 foruzain izango ditu, Espainiako Gobernuarekin hala adostuta

Nafarroako Gobernuko eta Espainiako Barne Ministerioko ordezkariek bilera egin dute gaur arratsaldean, eta adostu dute gehienezko foruzain kopurua handitzea, 1.600era iritsi arte. Egungo langa, 2009an ezarritakoa, 1.200 poliziakoa da; beraz, igoera %33koa litzateke.

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak eman du erabakiaren berri, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroarekin bildu ostean. Bi gobernuen arteko Segurtasun Batzordea bildu gabe zegoen 2011tik, baina presidenteak uste du gaurkoan autogobernua garatzeko «funtsezkoak» diren zenbait akordio itxi dituztela: «Ezinbestekoak dira segurtasun publikoa eta bestelako oinarrizko zerbitzuak hobetzeko eta Foruzaingoaren etorkizunerako». Inma Jurio Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariaren esanetan, berriz, agente gehiago izateko aukera irekita, «Foruzaingoaren modernizazioan, kokapenean eta aitortzan» aurrera egingo dute.

Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkari Alicia Etxeberriak ere ontzat jo du ituna: «Gure polizia eredua indartzen du, eta baliabide publikoen eraginkortasuna hobetzen». Haren esanetan, Nafarroa eremu «segurua» da, baina «ongi etorria» izango da poliziaren lana «errazteko» neurri oro.

Nafarroako Gobernuko ordezkariek azaldu duenez, bi esparrutan jarriko dituzte laurehun agente berri horiek: 250 herritarren segurtasun arloari lotutako lanetan, eta 150 trafiko eskumenen kudeaketan. Hala, argudiatu dute Foruzaingoa «delinkuentziaren egoerara», «errealitate demografikora» eta egungo «eskaera berrietara» egokitzeko balioko duela horrek.

Espainiako eta Nafarroako gobernuek 2018an adostu zuten trafiko eskumena eskualdatzea, artean Uxue Barkos presidente zela. Ordutik, gorabehera politiko eta judizial ugari izan dira auzi horren inguruan, baina Nafarroako Gobernua hasi da pixkanaka haren kudeaketa bere gain hartzen; hilabete honen hasieran bere gain hartu du trafiko araudia ez betetzeagatik zigorrak ezartzeko eskuduntza.

Hala, Etxeberriaren hitzetan, agerian geratu da Espainiako Gobernuak Nafarroako foru erregimenean duen «konpromisoa»: «Urte hauetan pauso garrantzitsuak eman ditugu Foru Hobekuntzan jasotako eskumenak eskualdatuta, hala nola trafikoarena. Eta akordio hau beste aurrerapen bat da foru erkidego propio eta bereizi baten aldeko apustuan».

Lankidetza «indartu»

Trafiko eskumenari lotutako beste elementu bat ere izan dute hizpide bi gobernuek bileran. 23/2018 Foru Legean xedapen gehigarri bat txertatu zuten, orain arte Nafarroan trafiko arloan aritu diren guardia zibilei Foruzaingora batzeko aukera emateko. Horretarako baldintzen inguruko txosten bat ondu dute, eta jakinarazi dute hura Guardia Zibilari eta Foruzaingoko Mahai Sektorialari helaraziko dietela, aldaketak egiteko tramitazio administratiboari ekin ahal izateko. Etxeberriaren esanetan, behin bi segurtasun indarrek baiezkoa emanda, Segurtasun Batzordearen pean dagoen Polizia Koordinaziorako Batzordeak bide emango dio prozesuari. Horrez gain, bi gobernuek adostu dute «trafiko arloan koordinazio eta kolaborazio egoki bat bermatzeko» batzorde bat sortzea.

Espainiako eta Nafarroako gobernuek segurtasun indarren arteko beste lankidetza mekanismo batzuk ere «indartu» nahi dituzte. Jakinarazi dute mekanismo bat ondu dutela foruzainen eta Espainiako segurtasun indarren arteko lankidetza «eraginkorrago» egiteko. Horretarako, Larrialdietarako Plataforma Bakarra eratuko dute 112 telefonoan; 091 eta 062 telefonoetara egindako deiak ere kudeatuko ditu. Funtsean, Poliziarekin lotutako larrialdiak modu automatikoan banatuko dituzte, patruilak dauden lekuaren eta horien prestutasunaren arabera. «Koordinazioa hobetuko da, eta erantzun denbora eta eraginkortasuna ere bai», azaldu du Txibitek.

Itundutakoaren arabera, aurrerantzean Foruzaingoak sarbidea izango du Espainiako Segurtasun Estatu Idazkaritzaren menpeko Identifikazio Biometrikorako Sistema Automatikora. Horren xedea litzateke foruzainen erantzun gaitasuna areagotzea «bideo edota argazki erregistroak dauden delituak» ikertzean.