Larrialdiak kudeatzeko Txibitek Madrilekin adostutako sistema gogor kritikatu du Geroa Baik

Larrialdiak kudeatzeko Txibitek Madrilekin adostutako sistema gogor kritikatu du Geroa Baik

Geroa Baik kritikatu egin du atzoko Espainiako Gobernuaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko akordioa. Nahiz eta Nafarroak beste 400 foruzain izateko aukera izango duen, Geroa Baik kaleratutako prentsa oharrean ez dio erreferentziarik egin erabaki horri; aldiz, irmo gaitzetsi du bi gobernuek adostutako beste kontu nagusia: larrialdi zerbitzuak kudeatzeko sistema berria.

[articles:2161890]

Koalizioak argudiatzen du de facto eskumenetan «amore eman» duela Nafarroako Gobernuak, Foruzaingoak «erreferentziazko Polizia izateari utziko diolako». Izan ere, hitzartutako akordioan jasotzen denez, plataforma bakarra eratuko da. Akordioaren arabera, Poliziarekin lotutako larrialdietako deiak modu automatikoan banatuko dituzte, patruilak dauden lekuaren eta horien prestutasunaren arabera. 

Ez diete abisatu

«Erabaki horrek polizia ereduari eragiten dio zuzenean», dio Geroa Baik, baina kritika politikoa ez da hor geratzen. Salatu dutenez, gobernu barruan negoziazio horri buruzko informaziorik ez zaie bazkideei aldez aurretik abisatu: «Hain garrantzitsua den erabakiari buruzko informaziorik ez du aldez aurretik jaso Geroa Baik».

Agerikoa da Geroa Bairen ezinegona eta ikusi beharko da kritikaren tonu hori noraino goratzen duten. Hasteko, Nafarroako Parlamentura deituko ditu Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta Inma Jurio Barne kontseilaria. «Azaldu dezatela akordioaren edukia, zer txostenetan oinarritzen diren eta zer arrazoik bultzatu dituen horrelako garrantzia duen erabakia hartzea koalizioari informaziorik eman gabe eta eztabaidari aurre egin gabe». 

Geroa Bairen ustez, autogobernua ez da sendotzen soilik eskumen gehiago lotuta, «baizik horiek ere modu eraginkorrean gauzatuta». Bere ustez, segurtasun arloko eskumenen kudeaketan «aldaketa esanguratsua» egin du, eta eztabaida hori «saihestu» nahi izan du PSNk.