Erdira jaitsi dute hainbat neska eta emakume grabatu zituen Zizur Nagusiko irakasleari ezarritako zigorra

Erdira jaitsi dute hainbat neska eta emakume grabatu zituen Zizur Nagusiko irakasleari ezarritako zigorra

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak erdira murriztu du Zizur Nagusiko institutuko irakasle bati ezarritako espetxe zigorra. Joan den apirilean Nafarroako Probintzia Auzitegiak 180 urte eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri zion gizonezkoari 42 emakume —horietatik 31 adingabe— ezkutuan grabatzeagatik, baina orain 90 urte, lau hilabete eta hamabost egunera jaitsi du zigorra. Hala ere, gehienez zazpi urte eta sei hilabete egingo ditu espetxean. Epaia ez da irmoa, eta Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea aurkez daiteke.

Epaiak aintzat hartu du defentsak eskatutako buru nahasmenduaren aringarria. Epaileen esanetan, auzipetuak sexu esparruko «bulkaden kontrolaren nahasmendua» du, eta horrek modu «arin-moderatuan» eragin zien delituak haren gaitasun intelektual eta borondatezkoei.

Irakaslea intimitatearen aurkako delituengatik, intimitatearen aurkako delitu jarraituengatik, haur pornografia edukitzeagatik eta haur pornografia egiteagatik zigortu zuten. Horrez gain, hamar urtez debekatua izango du adingabeekin lotutako edozein lanbide edo jardueratan aritzea.

Auzitegiak bere horretan utzi ditu biktimei ordaindu beharreko kalte ordainak: 3.000 eta 15.000 euro artekoak izango dira, biktima bakoitzaren kasuaren arabera. Epaiketa egin aurretik, akusatuak 273.000 euro utzi zituen epaitegiaren esku kaltea konpontzeko, eta horregatik aplikatu zioten kaltea konpontzearen aringarria.

Buru nahasmenduaren aringarria

Probintzia Auzitegiak baztertu egin zuen buru nahasmenduaren aringarria, iritzita akusatuak ez ziela egia osoa esan hura artatu zuten psikiatrei. Nafarroako Auzitegiak, ordea, ondorioztatu du horrek ez dituela berez baliogabetzen txosten perizialak. Epaileen arabera, ohikoa da psikiatria forentsean pazienteek datuak ezkutatzea edo pixkanaka aitortzea erruduntasuna edo lotsa eragiten dieten jokabideak, eta profesionalek tresna teknikoak dituzte halako egoerak baloratzeko.

Horrenbestez, auzitegiak ontzat jo du Nafarroako Auzitegiko Medikuntza Legalaren Institutuko auzi medikuaren irizpena, bai eta akusatua artatu duten psikiatrena ere. Hiru adituek diagnostiko berbera eman zutela nabarmendu dute magistratuek: zigortuak «bulkaden kontrolaren nahasmendua» duela, voyeurismoarekin lotua, eta nahasmendu horrek lotura duela haren jokabideekin.

2023an hasi zen ikerketa

2023ko urrian abiatu zen ikerketa: zigortuaren eraikin berean bizi zen emakume batek Foruzaingoan salatu zuen norbait bera grabatu nahian ari zela, kamera bat ikusi baitzuen logelako leihoaren kanpoaldean. Foruzaingoak akusatua atxilotu zuen, eta, etxean zituen gailu elektronikoak aztertuta, delitu gehiagoren zantzuak antzeman zituen: dozenaka neska gazteren irudiak topatu zituzten, komunetan eta aldageletan baimenik gabe hartuak. 

Foruzainek grabazioetan identifikatu ahal izan zituzten emakumeen artean zeuden Zizur BHIko ikasle eta ikasle ohi batzuk, ikastetxe berean lan egiten zuten zenbait irakasle, arropa denda baten aldageletan grabatutako emakume batzuk eta akusatuaren bizilagun batzuk. 42 emakume, guztira, eta horietatik 31, adingabeak.

Ikerketak agerian utzi zuen irakasleak Zizur BHIko komunetan eta hainbat saltokitako aldageletan grabatu zituela emakumeak, eta, gainera, ikasleen datu pertsonalak baliatuta, haien posta elektronikoetako eta sare sozialetako pasahitzak eskuratu zituela. Horrela, artxibo eta argazki pribatuak eskuratu eta gordetzen zituen. Poliziak adimen artifiziala erabiltzen zuen programa informatiko bat ere atzeman zuen, nesken irudiak manipulatuz biluzik agerrarazteko eta bere burua haiekin agertzeko.