Negu Gorriak kolektiboak afariak banatu ditu Iruñean, Donostiako debekuaren aurrean

Negu Gorriak kolektiboak afariak banatu ditu Iruñean, Donostiako debekuaren aurrean

«Ceutan eta Donostian gertatu dena segurtasun politika eta migratzaileen aurkako politika berberen emaitza da: kanpoko mugan, Sanchezen gobernuak beroan itzultzen ditu milaka pertsona; Donostiako barne mugan, Insaustiren gobernuak Kaleko Afari Solidarioak taldeari kalean jaten ematea debekatu dio ordenaren eta segurtasunaren aitzakipean». Testuinguruaren irakurketa horrekin eman dio hasiera Negu Gorriak kolektiboak atzo zabaldu zuen oharrari.

Ceutan zein Donostian eman diren gertakarien aurrean, afariak eman zizkieten atzo kale gorrian dauden pertsonei, Iruñeko San Lorentzo kaleko jaietan: «Jendeari jaten ematea bezain iraultzailea den zerbait egingo dugu». Kolektiboaren ustetan, bi kasuak «pobrezia eta migrazioa kriminalizatzen dituen mekanismo beraren parte» dira. Zehazki adierazi dute mekanismo hori perfil konkretu baten kontra aplikatzen dela: langile eta migratzaile gazteak. Eta argi dute, horiek kapitalarentzat «soberako populazioa» direla, «integraezinak».

Alabaina, azpimarratu dute Iruñea ez dagoela egoera hontaz salbu; izan ere Iñigo Asiron alkateak kalean bizi diren pertsonen «huste masiboak» egin dituela salatu dute. Hortaz, azaldu dute egungo testuinguruan ezin dela «erakundeetaz fidatu», eta «klase elkartasuna» herritarren zein kolektiboen esku dagoela.

Horiek horrela, adierazi dute «kolapso egoera» batean bizi garela, horien adierazle baitira Nafarroako hiriburuan kalean bizi diren 200 pertsonak, Ceutan egun bakarrean hil ziren 100 pertsonak edo iaz Mediterraneo itsasoan hil ziren ia 2.000 pertsonak. «Ez muga batek, ez udal ordenantza batek, ez etxegabetze batek ezin du klase elkartasuna geldiarazi».