Txirrindulari bat hil da Azkoienen, istripu batean

Txirrindulari bat hil da Azkoienen, istripu batean

Iragan asteazkenean 42 urteko gizon bat topatu zuten hilik foruzainek NA-128 errepidean, Azkoien parean (Nafarroa). Errepidetik irten zen eta erorikoan izandako lesioengatik hil zen. Poliziaren aurreneko hipotesiek auto istripu baten ondorioz hil zela adierazten zuten, zauriek hori ematen baitzuten aditzera. Foruzaingoak gaur jakinarazi duenez, autopsiak hipotesi hori baieztatu du: txirrindulariak talka egin zuen auto batekin eta istripuaren ondorioz hil zen.

Hildako 42 urteko gizona Funesen (Nafarroa) bizi zen. harekin, jada hemezortzi dira aurten, Nafarroan, auto istripuetan hildako lagunak.

Hala ere, istripuek behera egin dutela jakinarazi zuen atzo Nastat Nafarroako Estatistika Institutuak. Uztailean 43 auto istripu egon ziren lurraldean, eta horietan 52 lagun zauritu zituzten. Ez zen inor hil hilabete osoan. Datuok ekainekoekin alderatuz gero, istripuak %27,1 apaldu dira. Are nabariagoa da aldea iazko uztailarekin alderatuta: %35,8 gutxitu dira.