Nafarroako Parlamentuko presidenteak GEBehatokia babestu du Ricardo Zabalzaren aferan

Nafarroako Parlamentuko presidenteak GEBehatokia babestu du Ricardo Zabalzaren aferan

1940ko otsailaren 24an fusilatu zuten indar frankistek Ricardo Zabalza Elorga politikari nafarra. 1936ko gerran Espainiako Bigarren Errepublikaren alde lerratu zen, eta guda galdu ostean, Francisco Francoren gidaritzapean zeuden indarrek atxilo hartu zuten. Ondorengo gerra kontseiluan fusilatua izatera kondenatu zuten. Epai hori «legez kanpokotzat» eta «legitimitaterik gabekotzat» jotzearen aldeko aldarria babestu du Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidenteak.

Erratzun (Nafarroa) jaio zen Zabalza, 1898an, eta UGTn zein PSOEn egin zuen bere ibilbidea. Badajozko Gorteetako (Espainia) diputatu izatera heldu zen. Espainiako Gobernuari Zabalzaren kondena legitimitaterik gabekoa dela adierazteko eskatu zion GEBehatokiak ekainaren 5ean, politikariaren «memoria erreparatzeko eta duintasuna berrezartzeko» helburuarekin.

[articles:210077]

Publiko egiteaz gain, epaia legez kontrakotzat jotzeko dokumentazioa Nafarroako Parlamentuko presidentetzari, PSN Nafarroako Alderdi Sozialistari eta UGTri igorri zien GEBehatokiak, eskariarekin bat egin zezaten. Gaur jakinarazi dutenez, Hualdek bat egin du. «Behin eskaria aztertuta, 20/2022 Memoria Demokratikorako Legean oinarritutako egitasmoari nire babes instituzionala helarazten diot», adierazi du parlamentuko presidenteak, gutun batean.

Gainera, GEBehatokiak egiten duen lana goraipatu du, eta eskaria egiterako orduan ondutako txostenaren kalitatea txalotu du. Txosten hori Emilio Majuelo historialariak egin du, eta bertan Zabalzaren ibilbidea, kondena, familiak bizitako jazarpena eta epaia legez kanpokotzat jotzeko oniritzia azaltzen ditu. 

Argentina, abiapuntu

Zabalzak azkar egin zuen bidaia Hego Amerikara: 15 urte zituela, 1913an, Argentinara joan zen. Han hasi zuen bere militantzia sozialista eta sindikalista. «Askatasuna lortzeko bidea» kultura zela defendatzen zuen; horiek horrela, 1918an Almafuerte Herri Liburutegia sortu zuen, Buenos Airesen. Gero, irakasle gisa jardun zuen hamarkada batez Punta Altan (Argentina).

1930ean Uriburu jeneralak diktadura bat ezarri zuen Argentinan; hori dela eta, Iberiar Penintsulara itzuli zen Zabalza, Jakara (Espainia), hain zuzen. Han PSOEko kide egin zen, eta 1932an Nafarroan sozialismoa hauspotzeaz arduratu zen. Nafarroan lur komunalen berreskuratzean jarri zuen fokua Zabalzak, horretarako UGTrekin bat eginez. Hain izan zen garrantzitsua lan hori, non Espainiako Lurren Langileen Federazioko presidente izendatu zuten 1934an —UGT sindikatuko kargu horretan jardun zuen 1936ko gerra amaitu arte—. 1937an, berriz, Valentziako Gobernadore Zibil (Herrialde Katalanak) izendatu zuten.

Guda amaitutakoan kontzentrazio esparru batean izan zuten gatibu Zabalza, eta horren ostean, Madrilera eraman zuten, epaitua izateko. Han fusilatua izatera kondenatu zuten, 1940ko otsailean. Bere senitartekoek ere indar faxisten jazarpena pairatu zuten. Bere anaietako bat (zazpi anai-arreba izan zituen) ere fusilatu zuten, eta beste bat kontzentrazio esparru batean hil zen, tuberkulosiak jota.

156

1936ko altxamenduaz geroztik hildako Nafarroako kargu publikoak Espainiako Bigarren Errepublikaren aurka hainbat militarrek 1936an egin zuten altxamenduaren ondoren, Nafarroako hamaika kargu publiko jazarriak izan ziren. Are gehiago, guztira 156 erail zituzten. Gainera, irakaskuntzako ia 300 profesional errepresaliatu zituzten.