Eurite bortitzak espero dira astebururako, eta litekeena da horrek eragina izatea Araba eta Nafarroako ibaietan. Ebroko Ur Konfederazioak (CHE) iragarri duenez, eurite horien ondorioz baliteke uholdeak izatea datozen egunetan Ebro ibaiaren arro osoan zehar, baita Araban eta Nafarroan ere.
CHEren arabera, baliteke «bat-bateko uriola puntualak» egotea datozen egunetan, bat-bateko euri jasek eraginda. Hala ere, halako gertaeren aurrean «ziurgabetasuna» handia dela adierazi du CHEk, datorren fenomeno meteorologikoaren ezegonkortasuna dela eta. Hortaz, eguraldiaren iragarpenaren aldaketei gertutik erreparatzeko gomendatu diete hiritarrei, baita inguruko erreka eta ibaien eboluzioari adi egoteko ere.