Iruñeko Udaltzaingoaren arabera, zaborra biltzeko kamioiaren gidariaren akats batek eragin zuen ekaineko istripua

Iruñeko Udaltzaingoaren arabera, zaborra biltzeko kamioiaren gidariaren akats batek eragin zuen ekaineko istripua

Iruñeko Udaltzaingoak amaitu du joan den ekainean Nabarreria kalean zaborra biltzeko kamioiak izandako istripuari buruzko ikerketa. Eta zera ondorioztatu du: gidariaren akats batek eragin zuela ezbeharra. Iruñeko Udaltzaingoak BERRIAri baieztatu dionez, epaileari igorri dion atestatuaren hipotesi nagusia da lanean zebilen kamioiaren gidariak ez zuela esku balazta behar bezala jarri. Istripu hartan pertsona bat hil zen, eta beste lau larri zauritu ziren.

Ezbeharra ekainaren 28an gertatu zen, arratsaldeko hirurak pasatxo zirela. Iruñerriko mankomunitateari zerbitzua ematen dion kamioia katedralaren plazak eta Nabarreria kaleak bat egiten duten bidegurutzean gelditu zen, maldan behera begira. Gidaria kabinatik jaitsi zen, motorra piztua zuela, beste bi kideei laguntzeko. Ibilgailua, ordea, berehala hasi zen mugitzen: mantso aurrena, eta azkarrago gero, malda handituz joan ahala.

Kamioiak 50 metro inguru egin zituen maldan behera, kontrola galduta, eta aurretik eraman zuen bidean aurkitu zuen oro: eraikinen kontra jo zuen, eta lurrean eserita zeuden hainbat lagun harrapatu zituen. Los Burgos taberna parean, lurrean eserita zegoen jende multzo baten kontra jo zuen. Lekukoen arabera, jende ugari zebilen kale horretan, LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunaren harira izandako manifestazioa zela eta.

Larrialdi zerbitzuak lanean, Nabarreria kalean. JESUS DIGES / EFE

Larrialdi zerbitzuak berehala bertaratu ziren, eta larri zauritutako bi lagunak Nafarroako Ospitale Unibertsitariora eraman zituzten; 38 urteko emakume bat eta 30 urteko beste bat. Zainketa intentsiboetako unitatean egon ziren. Antsietate krisiak izan dituzten hainbat lagun ere artatu zituzten osasun langileek. Kamioaren azpian harrapatuta geratu zen beste bat, baina ezin izan zuten ezer egin, eta bertan hil zen.

Balaztari eragin gabe

Udaltzaingoaren atestatuan jasotzen denez, gidariak hasieran esan zuen esku balaztari eragin ziola, baina ondoren aitortu zuen ez zuela «guztiz ondo gogoratzen». Adierazi zuenez, kamioia mugitzen hasi zela ikusi zuenean, kabinara igo eta ibilgailua geratzen saiatu zen, baina ez zuen lortu, jada abiadura handiegia hartua zuelako. Gidariak esperientzia handia zuen, eta negatibo eman zuen alkohol eta droga probetan.

Txostenak dio, halaber, ibilgailuak iragan martxoan pasatua zuela IAT ibilgailuen azterketa teknikoa, eta arazorik gabe gainditu zuela, akatsik gabe. Hala adierazi zion zerbitzua ematen duen enpresak Udaltzaingoari. Istripuaren ondoren, Udaltzaingoak berriz aztertu zuen kamioia, eta berretsi zuen balazta guztiek behar bezala funtzionatzen zutela. Iruñeko Udaltzaingoak epailearen esku utzi du txostena.