Bizirik erreskatatu zituzten, baina bietako bat hil egin da: 20 urteko gizon bat eta 25 urteko emakume bat erreskatatu zituzten atzo Beriaingo (Nafarroa) Morea urtegian. Nafarroako Ospitale Unibertsitariora eraman zituzten, oso larri. Gizona bertan hil da; emakumeak, berriz, egoera larrian jarraitzen du.
Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak EFE albiste agentziari baieztatu dio gizonaren heriotza. Bi gazteak atzo arratsaldeko 17:30ak aldera erreskatatu zituzten. Biak konorterik gabe zeuden.
Ezbeharraren ostean, Foruzaingoak Moreako urtegiaren arriskuez ohartarazi du: sei eta zortzi metro arteko sakonera du, hondo lohitsua eta aldapa handia. Gainera, sedimentua erraz altxa daiteke haizeak edo bainularien mugimenduak eragindako olatuen eraginez, eta horren ondorioz uraren azpiko ikuspena nabarmen murriztu daiteke.
