Desokupazio enpresa bat Erriberriko familia bati jazarri zaiola salatu dute

Desokupazio enpresa bat Erriberriko familia bati jazarri zaiola salatu dute

Okupaccion desokupazio enpresa Erriberrin (Nafarroa) ibili da egunotan. Erdialdea Antifaxista taldeak salatu duenez, herriko bi laguni jazarri zaie, «presio eta mehatxu artean», etxetik joan daitezen. «Egoera ikusita, familiari babesa adieraztera eta desokupazio enpresari aurre egitera bertaratu ziren zenbait herritar, baina Poliziak herritar horiek identifikatu zituen, enpresa horren jarduna zalantzan jarri gabe», adierazi du taldeak, ohar batean.

Gertatutakoa salatze aldera eta Erdialdea Antifaxistak deituta, dozenaka lagunek elkarretaratzea egin zuten atzo iluntzean Erriberriko Karlos III.aren plazan. Desokupei aurre egin, faxismoa borrokatu! lelopean egin zuten protesta, eta desokupazio enpresa horien jarduna salatu: «Etxejabeek enpresa horiei deitzen diete maizterrak inolako prozesu legalik gabe etxetik botatzeko».

Etxegabetze guztiak «justifikaezinak» direla gaineratu du Erdialdea Antifaxistak, «legezkoak izanagatik ere», baina desokupazio enpresen bidez eginikoak «bereziki larriak» iruditzen zaizkie, «teknika biolentoak erabiliz, mehatxu artean eta presio eginez» egozten baitute jendea etxetik. «Langile klasearentzat etxebizitza eskuratzea gero eta zailagoa den honetan, etxejabe batzuk aberasten ari dira. Desokupazio enpresek diru erraza nahi dute, eta beldurra erabiltzen dute teknika gisa, eta jazarroiak bidali».

Bestalde, ohartarazi dute enpresa horiek lotura estua dutela faxismoarekin. «Faxismoaren gorakada honetan, zeregin jakina betetzen dute: alderdi faxista parlamentarioek etxebizitzarako sarbidea oztopatzen duten legeak bultatzen dituzte, eta eskuadroi faxista hauek, kaleak kontrolatu nahian, bete egiten dute ultraeskuineranzko joera».

Erakundeen rola ere kritikatu dute Erriberriko antifaxistek, uste baitute «joko zikinean» aritzen direla: «Horren adibide argia da Poliziak inpunitate osoa ematea enpresa horiei, eta, aldi berean, antifaxistak zigortzea. Hain justu, horixe gertatu da Erriberrin».

Horiek horrela, «kalera ateratzera» eta «antolatzera» deitu dute; «antifaxismoak hortzak erakutsi behar dizkie halako enpresei, eta autodefentsa mekanismoak antolatu behar ditugu gure klasearentzat». Ohartarazi dute desokupazio enpresek ez dutela tokirik «ez Erriberrin, ez inon», eta eskerrak eman dizkiote Etxebizitza Sindikatu Sozialistari, familiari aholkularitza lanetan laguntzeagatik.