Navarrabiomed enpresa publikoaren langile batzordeak hitzarmen propioa eskatu du

Navarrabiomed enpresa publikoaren langile batzordeak hitzarmen propioa eskatu du

Hitzarmen duina orain pankartaren atzean kokaturik hasi da Ainhoa Ostiz Urroz salaketa egiten. Lan baldintzak hobetzeko beharra nabarmendu du Navarrabiomed enpresa publikoko langileen batzordeko kideak. «Berrogei urteko ibilbidea duen fundazio publikoa bada ere, ez dugu hitzarmen kolektibo propiorik», gaitzetsi du. LABeko bederatzi ordezkarik osatzen dute fundazioko langile batzordea.

Nafarroako Gobernuaren egoitzaren parean egin dute elkarretaratzea gaur, 11:30ean. Nafarroako Gobernua, izan ere, bilduta egon da bitartean eraikinaren barruan. Langile batzordeak argi utzi nahi izan dio foru exekutiboari ezinbestekoa dela «etorkizuneko hitzarmen kolektiboa gauzatu eta aplikatu ahal izateko behar diren neurriak» hartzea.

Ekimenak bi helburu izan ditu. Batetik, herritarrei erakustea Navarrabiomeden egiten den lanaren garrantzia. Bestetik, enpresa publikoko langile guztientzako lan baldintza duinak aldarrikatzea.  

Gaurkoa ez da batzordeak langileen egoera salatzen duen lehen aldia. Ostizek ozen aldarrikatu du hiru urte daramatzatela «ikerketa biomedikoaren eremuaren berezitasunak» bilduko dituen eta aldi berean «erakundearen lan egiten duten pertsona guztien lan baldintzak duinduko dituen» testu bat negoziatzen.

Hitzarmen propioaren barruan, lan baldintza egonkorrak eskatzen dituzte, ikerketaren errealitateari egokitutako baldintzak. «Ikerkuntzak berezitasunak ditu ordutegietan edota lanpostuetan. Ez ditugu ohiko enpresetako lanpostuak, oso espezializatuak dira, eta horietara egokitzen diren soldatak eskatzen ditugu. Postuak eta soldatak erlazionatzen dituen taula jadanik egina dugu», azaldu du Ostizek.

Navarrabiomed biomedikuntzako ikerketa zentroaren jarduera Miguel Servet fundazioak kudeatzen du. Haren patronatuan, Osasun Departamentuko, Osasunbideko, NUPeko eta Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuko ordezkariak daude.

Talentuak ihesi

Enpresako langileen aldarrikapenek babes soziala dutela erakusteko, sinadura bilketa bat egiten ari dira. «Bilketa honekin Nafarroako Gobernuari jakinarazi nahi diogu Navarrabiomedeko langileentzako hitzarmen duin baten eskaera ez dela soilik lan kontu bat», jakinarazi du Ostizek.

Ohartarazi dute egun dauzkaten lan baldintza «txar» horiekin «kualifikazio handiko profesionalen ihesa» sustatzen duela Nafarroako Gobernuak. Talentua erakarri bai, baina mantendu ere egin behar dela diote.  

Gaineratu dutenez, zientzialarien errealitatearekin bat egiten duen hitzarmen batek mesede eginen lioke Nafarroako gizarteari ere. Ostizek horrela azaldu du: «ikerketa biomediko publiko sendo batek osasun sistemaren kalitatean eragin zuzena du, gaixotasunen prebentzioan, diagnostikoan eta tratamenduetan aurrerapenak bultzatzen dituelako».

Langile batzordeak borondate politikoa eta inplikazioa eskatu dizkio Nafarroako Gobernuari: bai negoziazioa desblokeatzeko, eta baita 2027rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan hitzarmena gauzatzeko behar diren baliabideak bermatzeko ere. Azken finean, «ikertzaileentzako eta teknikarientzako lan baldintza duinak bermatzeak Nafarroako osasun sistema publikoa eta gaitasun zientifikoa indartzea ekarriko duelako».