Sutea piztu zen atzo Iruñeko Etxabakoitz auzoan, lehen Jaso ikastolarena zen eraikinean. Eta, gaur, leku berean jazotako gertakari baten berri eman du Foruzaingoak: sutearen bezperan, herenegun, istilua egon zen ikastola zaharrean, eta gaur lau pertsona hartu dituzte atxilo, arma zuriekin eraso egin izana leporatuta. Bertze lau pertsona, berriz, ospitalera eraman dituzte.
20:30 aldera jaso zuen atzo deia Foruzaingoak, eraikinean liskarrak zeudela erranez. Ikastola zaharrera ailegatu zirenean pertsona bat ikusi zuten lurrean, «zaurituta eta odola zeriola», esplikatu dute agenteek. Eta egin zituzten haien hipotesiak: «Nahiko maiz beste egoiliar batzuk indarkeria erabiltzen dute bizilagunei dirua eskatzeko. Baina ez hori bakarrik: janaria eta bestelako gauzak ere lapurtzen dizkiete han bizi direnei». Alegia, Foruzaingoaren ustez, litekeena da bizikideen arteko liskarra izatea herenegungoa, eta horren ondorioz, atzo, sutea piztu izana.
Larrialdi zerbitzuek 14:47an jaso zuten herenegun sutearen gaineko abisua, eta hustu egin zuten eraikina: barnean bizi ziren etxegabeak eraikinetik atera zituzten, hiru bat dozena. Inor ez zen zauritu.
Lekukoen testigantzak baliatuta, gaur lortu dute istiluaren ustezko egileak identifikatzea, eta lau horien kartzelaratzea eskatu du Foruzaingoak.
