Helduen euskalduntzea eta alfabetatzea doakoa izateko bidean beste urrats bat egin dute Nafarroan. Iaz, euskarazko A1 mailan izena eman zutenei matrikularen kostu osoa itzultzeko konpromisoa hartu zuten Nafarroako Gobernuak eta tokiko entitateek, diru laguntzen bidez. Deialdi horrek hauspoa eman zion euskaltegietako matrikulazioari, inoiz baino gehiago izan baitziren euskara ikasteko erabakia hartu zutenak: 5.800dik gora, aurreko urtean baino %32 gehiago. Eta A1 mailako matrikulak soilik zenbatuta, igoera are nabarmenagoa izan zen: %54koa. Aurten, beste koska bat igoko dute apustua, doakotasuna A2 mailara ere zabalduta.
Gaur eman dituzte helduen euskalduntze kanpainari buruzko xehetasunak, Nafarroako Gobernuaren egoitza nagusian. Agerraldian parte hartu dute Nafaroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok, Euskarabideko zuzendari kudeatzaile Jabier Arakamak, Marta Diez Antsoaingo alkateak —toki entitateen izenean— eta Aitziber Garralda IKAko ordezkariak —gizarte entitateen izenean—. Kanpainaren erakunde laguntzaileetako ordezkariak ere izan dira aurkezpenean; hala nola Marisa Zubiri (Zubiarte euskaltegi publikoa), Xabier Martinez de Lezea (IKA), Beatriz Buldain eta Xabier Garcia (AEK), Carol Saez de Albeniz eta Santi Leone (Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskolak), eta Esther Korres (Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofiziala).
Helduen euskalduntzea bultzatzea «hizkuntza politikaren ardatz estrategikoa» dela esan du Ollo lehendakariordeak, «hizkuntza propioa berreskuratzeko eta erabiltzeko giltzarria» delakoan. Horrez gain, erakundeen arteko sinergiak eta elkarlana aldarrikatu ditu, euskara biziberritzeko bidean: «Agerraldi honek oso ondo irudikatzen du duela hamarkada bat baino gehiago, 2015ean, Euskarabideak hasitako elkarlan bateratua. Harrezkero sustatutako sinergia horiek zuzenean eragin dute politika publikoetan». Horren adibidetzat jo du «euskara ikasteko doakotasunean aurrera» egiteko konpromisoa: «Azken bi urteetan, konpromiso horrek bermatu egin du ikasten hasten diren helduek ziurtatuta izatea prozesuaren doakotasuna».
Arakamak eman ditu horren gaineko azalpenak. Esplikatu duenez, euskaltegian edo hizkuntza eskolan Euskarazko A1 edo A2 mailan izena ematen dutenek matrikula ordaindu beharko dute, baina Euskarabidearen eta tokiko entitateen laguntzei esker, kostu osoa itzuliko zaie gero. «Gainerako mailetako ikasleek ere 475 eurorainoko diru laguntza jaso ahalko dute aurrez aurreko ikastaroetarako, eta horiek bateragarriak izango dira toki erakundeek ematen dituzten laguntzekin», esan du Euskarabideko buruak. Laguntzak eskatzeko epea irailaren 1etik azaroaren 3ra arte egonen da zabalik.
Euskara ahora
Aurreko urteetan bezala, helduen euskalduntzea sustatzeko kanpainak Euskara ahora leloa izanen du ardatz. Irail osoan egonen da ikusgai, eta kaleko afixen, prentsa idatziaren, irratien, telebistaren eta sare sozialen bidez hedatuko dituzte iragarkiak.
Arakamaren esanetan, kanpainaren xedea da «sektore osoari bultzada eta babesa ematea». Aurten, gainera, hutsetik euskara ikasi nahi dutenez harago, bestelako ikasle potentzialak ere erakarri nahi dituzte: besteak beste, «kanpotik etorritakoak, eta baita, euskara jakinda ere, maila hobetu edo titulu bat lortu nahi dutenak ere».
Kanpainarekin bat egin duten 35 toki entitateen izenean hitz egin du Antsoaingo alkate Marta Diezek. Txalotu du udaletako euskara zerbitzuek hizkuntza sustatzeko egiten duten ahalegin handia, baina aitortu du euskararen erabilera normalizatua «urrun» dagoela oraindik: «Horren arrazoiak askotarikoak dira. Batzuk, herritarren konpromiso pertsonalarekin lotuak, baina beste batzuk, inportanteenak hain segur, instituzioen pasibotasunari edo erakunde pribatu eta publiko batzuen jarrera oldarkorrei lotuta daude».
Azkenik, euskara irakasteko gizarte ekimeneko zentroen izenean, IKAko Aitziber Garraldak «euskaltegiak mukuru betetzeko deia» egin die herritarrei: «Euskaraz ez dakiten herritar guztiei dei egin nahi diegu aurtengo urrian euskara ikasten has daitezen. Milaka nafarrek jada burutu duten bidea urratzen has daitezela. Ziur gaude ez direla damutuko».
732 ikaspostu Gasteizen
Gasteizko Udalak ere euskara ikasteko eskaintza aurkeztu du, 2026-2027 ikasturteari begira. Guztira, 732 leku eskainiko dituzte, soslai askotako kolektiboei begira: gurasoak, 55 urtetik gorakoak, atzerritarrak eta merkataritzako edo ostalaritzako langileak. Hiriko euskaltegietan, zentro zibikoetan, Bizan sarean eta zenbait ikastetxetan emanen dituzte ikastarook. Interesa dutenek irailaren 7tik 16ra bitartean eman ahalko dute izena, udal bulegoetan.
Euskara alorreko zinegotzi Maria Nanclaresek, Arabako Foru Aldundiko Berdintasun, Euskara eta Gobernantza diputatu Iñaki Gurtubaik eta IKAko zuzendari Imanol Mirandak aurkeztu dute aurtengo kanpaina, Hasi zaitez euskaraz arnasten lelopean. Euskararen ezagutzak Gasteizen izandako bilakaera nabarmendu du Nanclaresek: «1980ko hamarkadan, euskaldunen ehunekoa %3,5ekoa zen gure hirian, eta gaur egun halako hamar da ia: %30 ingurukoa».
herri txikietan ere euskara ikasteko bidea emanen du uema-k
UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak bat egin du euskaltegiek abiarazi duten matrikulazio kanpainarekin. Ikaztegietan (Gipuzkoa) eginiko agerraldi batean, UEMAko arduradunek adierazi dute «erdaldunen euskalduntzean ez ezik herritarren alfabetatzean ere» nabarmen eragiten dutela euskaltegiek: «Estrategikoak dira udalerri euskaldunei eusteko»
.
Hala ere, gogorarazi dute herri txiki askotan ez dagoela euskaltegirik, eta herri horietako biztanleek inguruko herri handiagoetara joan behar izaten dutela euskara ikastera. «Hori saihesteko eta herrien garapenean laguntzeko, euskara herrian bertan ikasteko taldeak sortzeko aukera emango dute aurten ere UEMAk, udalek eta euskaltegiek». Herrian bertan taldea sortzea zaila den zenbait kasutan, berriz, eskualdeko herri zehatzak hautatu dituzte eskolak emateko.
Hortaz, «koordinazio eta aholkularitza lanak» eginen ditu UEMAk: «Batetik, herrian bertan ikasle taldeak sortzeko koordinazioa, eskualdeko euskaltegiek eta udalek eskatuz gero. Eta bestetik, diru laguntzak jasotzeko arautegi, ordenantza eta antzekoen inguruko aholkularitza ere emango die horrelakorik behar duten udalei.
Euskaltegirik ez duen herri txikiren batean bizi eta euskara ikasi nahi izanez gero, udalera jo beharko du herritarrak, eta ondoren UEMAk koordinatuko du herri horretan ikasle taldea sortzeko egin beharrekoa, udalarekin eta eskualdeko euskaltegiekin adostuta», adierazi dute.
