Guardia Zibilak eta Foruzaingoak gizon bat atxilotu dute gaur Iruñean, 60 urteko gizon bat hiltzea eta zatikatzea egotzita. Abuztuaren 4ean aurkitu zuten 60 urteko gizon baten gorpua Esako urtegian (Nafarroa), eta handik lau egunera hildakoaren etxebizitzan egin zuten miaketa. Frantziako nazionalitatea du hildakoak, baina Iruñean bizi zen; atxilotu berri duten gizona bere pisukidea zen, gutxienez duela urtebete. Ustezko hiltzailearen autoa ere miatu dute.
Ordutik ikertzen aritu dira bi polizia instituzioak elkarlanean, eta bere pisukidea den gizona atxilotu dute, ustez hilketa egin duelakoan. Hildakoaren gorpuzkiak bistan geratu ziren urtegiaren ur maila jaitsi egin zelako. Gorpuzkiak Nafarroaren eta Aragoiren arteko mugan topatu zituzten, eta kasua Ejea de los Caballeroseko epaitegiak darama (Espainia), eta kasua sekretupean gidatzen ari dira.
