Nafarroako Gobernuak lehen urratsa egin du 2027ko aurrekontu proiektua aurkezteko. Gastu ez-finantzarioaren muga onartu du gaurko bilkuran, eta, Ekonomia eta Ogasun kontseilari Jose Luis Arastik azaldu duenez, diru gehiago izanen du gasturako eta inbertsioetarako. Zehazki, aurtengo aurrekontuekin alderatuta, gastu muga %8,4 handituko da heldu den urtean, 6.850,6 milioi euroraino —iaz onartutakoa baino 531,9 milioi gehiago—.
Nafarroako ekonomia «norabide egokian» doala esan du Arastik, gastu mugaren igoera azaltzeko agerraldian: «Eboluzioa goranzkoa da aurten ere, gobernuaren kudeaketa zuhur eta arduratsuari esker. Hori dela eta, aurrekontuak handituz joan dira urtetik urtera». Azken zortzi urteetako bilakaera nabarmendu du, zehazki: «2019an, gastu muga 4.000 milioi euro ingurukoa zen; 2027an, berriz, 2.834 milioi gehiago izanen ditugu. %70eko hazkundea da hori».
Edonola ere, diru poltsa horretatik deskontatu behar dira hala Espainiako Estatuaren ekarpena nola Nafarroako Toki Ogasunen Funtsera bidalitako dirua. Hala, heldu den urtean 996,1 milioi euro ordainduko dizkio Nafarroak Espainiako Estatuari, bere gain hartu gabeko eskumenen truke. 360,6 milioi, berriz, toki ogasunetarako erabiliko du Nafarroak. Hori guztia kenduta, 5.493,9 milioi euro izanen ditu Maria Txibiteren gobernuak gasturako eta inbertsiorako.
Zifrak
2027rako gastu muga, milioi eurotan. Aurten baino 531,9 milioi euro gehiago erabili ahal izanen ditu Nafarroako Gobernuak heldu den urteko aurrekontuetan.
Ekarpena zenbatekoa izanen den. Espainiako Estatuari ordaindu beharrekoa ere igoko da 2027an, ia mila milioi eurokoa izanen baita ekarpena.
Gastu mugaren igoera, ehunekotan. lazko datuekin alderatuta, gastu muga %8,4 handituko da datorren urtean. 2019az geroztik, urtetik urtera handitu da gobernuak gehienez ere gastatzen ahal duen kopurua.
Arastik esan du gobernua lanean dela jada 2027ko aurrekontu proiektua prestatzen, eta azaroaren 1a baino lehen aurkeztu asmo dutela zirriborroa Nafarroako Parlamentuan. Aurreratu du, dena den, gobernuko departamentu guztietan nabarituko dela gastu mugaren igoera: «Gaitasun handiagoa izanen dute denek aurrekontuetan».
Iragarri du, besteak beste, Osasun Departamentuaren aurrekontua %10 handituko dela, «departamentuak berak adierazi dituen beharrak asetzeko». Horrez gain, Eskubide Sozialetako eta Barneko departamentuen kontuetan ere igoera nabarmena aurreikusi du gobernuak: %16,6koa eta %17koa, hurrenez hurren. «Igoera horrek isla izanen du, besteak beste, mendekotasunaren arloko hitzarmen berrian, eta aukera emanen du Nafarroako egoitzetako langileen soldatak hobetzeko». Barne Departamentuari dagokionez, Arastik esplikatu du aurrekontua handituko dutela trafiko eskuduntza Nafarroara eskualdatu izanaren ondorioz.
EH Bildu: «Gizartearen erronkei erantzuteko balio behar du»
Gastu muga handitu izana «positibotzat» jo du EH Bildu koalizioak, eta ohartarazi du «Nafarroako gizartearen egungo erronkei erantzuteko» balio behar duela: «Garai konplexu honetan Nafarroak aurrera egiten jarraitu behar du, baliabide publikoek eraldaketa gauzatu eta oinarrizko eskubideak berma ditzaten». Koalizio independentistak uste du gobernuaren lehentasunak geroago zehaztuko direla, «departamentuen araberako banaketan», eta ordura arte, «elkarrizketa aktiboan segitzeko» konpromisoa berretsi du, aurrekontu akordio bat lortze aldera.
Zerga politiketan «koherentziaz» jokatzeko beharra ere nabarmendu du EH Bilduk, eta hain zuzen, Fiskalitate Mahaiaren bueltan akordio bat lortzeko gai izanen direla uste du koalizioak: «Fiskalitateak herritarren zerbitzura egon behar du, eta etxebizitza eskuratzearen krisiari, aberastasunaren kontzentrazioari eta larrialdi klimatikoari erantzun behar die».
