Urteotan guztietan bezala ez, baizik are zabalago hedatuko dute doinua aurrerantzean. Eta kantuaren oihartzuna iraunaraztea ere lortuko dute, gainera. Zinema izan dute hauspoa, eta 160. urteurrena aitzakia. Iruñeko Orfeoiak 160 urte bete zituen iaz, eta zenbait jarduera eta emanaldi berezi egin zituzten urteurren borobilaren karietara. Besteak beste, Bartzelonara bidaian joan, eta Sagrada Familian eta Tibidaboko basilikan kantatu zuten, eta, hain zuzen ere, emanaldi horien gainean dago ardaztua orain argia ikusi duen dokumentala: El Orfeón. Andres Salaberri Pueyo zinemagileak (Iruñea, 1979) zuzendu du, eta astelehenean estreinatua dute, Iruñeko Iturrama auzoko Civivoxen, NIFF Nafarroako Nazioarteko Zinema Jaialdian.
Orfeoiaren enkarguz egin du lana Salaberrik. Miguel Bravo komunikazio arduradunak helarazi zion proposamena, eta, zinemagileak oroitu duenez, hark hasieratik adierazi zion Bartzelonako bidaia baliatu nahi luketela erakundearen historia kontatzeko. «Egia esan, aukera bikaina zen, ateraldi horretan belaunaldi diferenteetako kideak biltzekoak baitziren, eta, bestalde, bidaien kontakizunek beti dute zerbait berezia: beste hasiera bat iradokitzen dute, aurrerapauso bat», onartu du zuzendariak orain.
2025eko apirilaren 5ean eta 6an egin zituzten kontzertuok. 5eko arratsaldean, Tibidaboko basilikan aritu ziren Iruñeko Orfeoiko haurren korua eta eskolania. Iluntzean, Sagrada Familiako aldarera igota egin zuten emanaldia abesbatza nagusiko kideek, eta han bertan, baina biharamunean, hiru abesbatzetako kideek bat egin zuten beste emanaldi batean. Igor Ijurraren zuzendaritzapean, 210 bat ahotsek elkarrekin egin zuten oihartzun Antoni Gaudik diseinatutako tenpluan. Hori eginda «amets bat» bete zutela esan zuten orfeoiko hainbat kidek orduan. Eta hitzok, zorionez, ez zituen haizeak eraman: dokumentalak jaso ditu.
Lanak 30 minutu irauten du osotara, film labur bat izateko moduan diseinatu baitzuten. Hala eta guztiz, Salaberrik hasieratik izan zuen garbi kontakizunak ezin zuela Bartzelonako egonaldia bakarrik bildu. «Derrigor kontatu behar genuen atzeko lana, ni ere horrek harritu baininduen, eta susmoa dut hori bera gertatuko zaiola jendeari: zenbat kantu eskola, zenbat entsegu, eta berdin astegunetan eta asteburuetan; inportantea zen hori erakustea».
«Zenbat kantu eskola, zenbat entsegu, eta berdin astegunetan eta asteburuetan; inportantea zen hori erakustea»
ANDRES SALABERRI PUEYO ‘El Orfeón’ filmaren zuzendaria
Horregatik, filmak Iruñean du abiapuntua. Orfeoiko kideen eguneroko martxaren erakusgarri diren dozenaka eszena ikus daitezke errenkadan. Haien artean dira, adibidez, helduek hamabostean behin eta bakarka egiten dituzten eskolak eta taldekako saioak, eta baita Pozo Blanco kaleko egoitzara ailegatzeko zenbaitek billabesan egiten dituzten bidaiak ere.
Eta, hain justu, ohartarazpena egin du Salaberrik: «Gogoan izan behar dugu Iruñeko Orfeoian ibiltzen direnak ez direla profesionalak, eta, profesionalen ligan aritzen badira ere, haiek artearenganako maitasun hutsez egiten dutela egiten dutena. Badira albaitariak, badira kafetegi batean lan egiten dutenak…». Tartean isilune txiki bat utzi, eta, hain zuzen orduan, zuzendariak hitz gutxitan laburtu du bere ustez dokumentalaren funtsa zein den: «Zergatik egiten dute? Orfeoiak zer du berezia, zer da jendeari halako gogoa pizten diona behar bezainbeste ahalegin egin dezan kantuan aritzeko? Galdera horri erantzun nahi genion filmean».
Erantzuna, emozioetan
Salaberriren arabera, berandu gabe aurkitu behar zuten erantzuna. «Kantua ere zentroan dago beti, baina loturak emozioarekin du zerikusia batez ere». Ezinbestean, hori ere islatu dute filmean.
Besteak beste, aparteko garrantzia dute orfeoiko hiru kideren testigantzek: Nerea Castellot, Joseba Goienetxe eta Patxi Garaikoetxea. Salaberrik elkarrizketa sakonak egin zizkien, eta, horri esker, modua egin du propio kantuari loturikoak ez diren beste alderdi esanguratsu batzuk ere azaleratzeko, anekdota eta guzti.
Esaterako, Garaikoetxeak xehe azaltzen du orfeoiak nolako garrantzia duen familian: bera ez ezik, arreba Sagrario ere aritzen da abesbatzan, eta bi alabak ere txikitan hasi ziren. Ama zenarena da istoriorik bereziena, halere: 16 urterekin hasi zen orfeoian, eta orduko zuzendariak zenbait agiri faltsifikatu behar izan zizkion, bakarlari aritzeko. «Gero, seme-alabak izaten hasi zen ama, eta, behin-behinean, utzi egin behar izan zuen orfeoia. Hamar gara guztira: pentsa zenbat atzeratu zitzaion itzulera azkenean, baina bueltatu zen, eta urteak eman zituen gero ere, zoriontsu», kontatzen du semeak filmean.
Iruñeko Orfeoiko abesbatza nagusia Sagrada Familiako aldarean, filmeko irudi batean. NIFF
Musika ere funtsezkoa da dokumentalean, ezinbestean. «Zentzua du, guztiz, musika emozioa baita», zehaztu du Salaberrik. Filmerako, tentuz zaindu dute soinuaren grabaketa —Sagrada Familiako emanaldia grabatzeko, adibidez, Bartzelonako soinu estudio bat kontratatu zuten—, eta zuzendaria pozik dago emaitzarekin, honengatik batez ere: dioenez, dokumentalaren bukaeran, Sagrada Familian orfeoia kantatzen ari den abestiak gora egin ahala, dokumentalak ere klimaxera jotzen du. Mahlerren obra bat da abesti hori, eta haren azken konpasekin batera heltzen da filma hondarrera. Ez bukaera-bukaerara, baina ia. Beste detaile bat ere jaso baitzuen Salaberrik: geroko besarkadak.
