Baso suteetan ere eragina du klima aldaketak: suak pizteko aukerak nabarmen ugaritzeaz gain, haiek itzaltzeko lanak asko zailtzen dituzte udan gero eta ohikoagoak diren beroaldiek eta lehorteek; seigarren belaunaldiko suteak deitzen dituzte horiek, askoz bortitzagoak baitira. Zorionez, aurten ez da horrelakorik gertatu Euskal Herrian; gertu bai, ordea. «Zaila da asmatzea datorren urtean zer gertatuko den», aipatu du Mikel Reparaz Chaconek (Iruñea, 1963). Basoko Suteei Aurrea Hartzeko Nafarroako Gobernuaren Bulegoko burua da. Hala ere, «baikorrak» izatera deitu du Reparazek, suteei aurre hartzeko politiketan lanean ari baitira.
Baso suteei dagokienez, zer aurreikuspen duzue?
Ez da sute handirik izan aurtengo udan, baina horrek ez du esan nahi aurrerantzean ezin daitezkeenik izan, inguruko erkidegoetako landaredia eta bestelako ezaugarriak antzekoak baitira. Baldintza meteorologikoak ere berak izan dira: euri oso gutxi, tenperatura oso beroak, eta hezetasun oso txikia. Gainera, suak ez ditu muga administratiboak bereizten. Nafarroari dagokionez, Aragoi [Espainia] iparraldean izandako suteek sortu dute kezkarik handiena: Riglos inguruan piztutakoa erraz zabal zitekeen Leireko mendilerrora eta Kasedako mendietara. Cinco Villas eskualdean gertatutakoaren ondorioz, berriz, Nafarroako Petilla Aragoi herria hustu behar izan zuten.
Esan ohi da neguan hasten direla itzaltzen udako baso suteak. Ados al zaude?
Nik zera gehituko nuke: oso garrantzitsua da basoak egoki kudeatzea, suak ez daitezen hain bortitzak izan. Nafarroak milioi bat hektarea inguruko eremua du, eta hektarea horietatik 600.000 inguru dira belardiak, sastrakak eta zuhaitzak. Beraz, lurralde osoaren %70 dago basoak kudeatzeko planen eraginpean. Gainera, [foru erkidego osoan] esku hartzen da eremu horietan, zuhaitzak moztuz eta aziendak kudeatuz [abeltzaintza ere funtsezkoa baita suteei aurrea hartzeko]. Helburua da material erregaiak gutxitzea.
Zein dira aurretik egin beharreko lanak?
Diagnostiko bat egiten ari gara dagoeneko, jakiteko zer gunetan izaten den sute gehien. Ondoren, zona horietako landaredi dentsitatea zenbatekoa den aztertu beharko dugu, bide sare egoki bat antolatu ahal izateko, eta sua piztu ohi den toki horietara iristeko. Horretaz gain, simulazioak egiten dira bitarteko informatikoen bitartez, suteek nora jo dezakeen jakiteko. Horren arabera erabakitzen da sua gelditzeko lanak non egin: suebakiak non jarri, eta landaredi dentsitatea non gutxitu, besteak beste. Hala ere, sakonago aztertu behar dugu zer gunetan izaten den sute gehien.
«Sakonago aztertu behar dugu zer gunetan izaten den sute gehien. Horretan ere lanean ari gara»
Behin sua piztuta, nola aurre egiten zaio?
Sute bat pizten denean, teknikariek atzerapauso bat ematen dute, eta suhiltzaileek aurrera egin. [Nafarroatik kanpo] uda honetan izandako suteak oso bortitzak izan dira: oso azkar egin dute aurrera, haize bizia zebilelako edo material erregai asko zegoelako. Suhiltzaileei ezinezkoa zitzaien suteei zuzenean aurre egitea, izugarrizko sugarrak baitzeuden. [Seigarren belaunaldiko suteak edo megasuteak deritze halakoei]. Horrelakoetan funtsezkoa izaten da igartzea suteak non galtzen duen indarra, eta itzaltze lanei leku horretan ekitea. Tamalez, askotan, baldintza meteorologikoak aldatzen direnean baino ez dute indarra galtzen suteek: tenperatura freskatzen denean, eta euri jasa izaten denean.
Seigarren belaunaldiko suteei aurre egiteko, berriz aztertu behar izan dituzue protokoloak?
Sute bati aurre egiten zaion bakoitzean, lehentasunak zehaztu behar dira: premiazkoa da jendearen bizia babestea, eta, sugarrak herri batetik gertu badaude, sua itzaltzeko baliabide gehienak hara bideratzea. Zein da arazoa? Herri bat babesten ari zaren bitartean, suari bere kabuz aurrera egiten uzten diozula basoan. Jendearen ongizatea bermatuta dagoenean soilik aldatzen da su horri aurre egiteko estrategia. Hori da seigarren belaunaldiko suteen erronkarik handiena.
Basozainek zer egiten dute suteen harira?
Suteei aurre hartzeari dagokionez, Ingurumen Ataleko teknikariek administrazio lanak egiten ditugu gehienbat. Basoan, berriz, basozainak dira gure begiak. Sute bat pizten denean, suhiltzaileek teknikariei eta basozainei eskatzen diete aholkua eta laguntza: batetik, lurraldea hobeto ezagutzen dutelako, eta, bestetik, teknikariek eta basozainek badakitelako baso lanak eta egur mozketak non egin diren. Hori jakiteak suhiltzaileei lagundu dakieke suari aurre egiteko estrategia zehazten.
«Premiazkoa da jendearen bizia babestea, eta sua itzaltzeko baliabide gehienak horretarako baliatzea»
Uzta biltzeko lanek ere eragin ditzakete suteak, ezta?
Suteei aurre hartzeko arauen barruan, baditugu hainbat zehazten dutenak urte osoan eta bereziki udan zer lan egin daitekeen, sua pizteko arriskua txikiagoa izan dadin bereziki. Nekazaritza arloan ere istripuak gertatzen dira: posible da uzta biltzeko makina batek su hartzea motorra gehiegi berotu delako, eta sute bat piztea.
Bi suhiltzaile Riglos inguruan (Aragoi, Espainia) piztutako sua amatatzen. JAVIER BLASCO / EFE
Baina arriskua ez dagokio arlo horri bakarrik: jendea oraindik ez da ohartu zigarrokin bat lurrera botaz gero sute bat pitz daitekeela. Ibilgailua errepide bazter batean edo landa batean aparkatzea ere oso arriskutsua da, autoen motorretako katalizatzaileak asko berotzen baitira; aurtengo udako baldintza meteorologikoak izanda, are gehiago: zelaiak lehor daude. Barbakoei dagokienez, baliteke askok txantxatzat hartzea: askoz seguruagoa da entsalada edo tortillaren bat eramatea saiheski batzuk kozinatu beharrean. Oso garrantzitsua da jendea arrisku horietaz jabetzea eta ildo horretan lan egitea.
Ezkorrak izateko arrazoiak daude?
Nafarroan nahiko lasai ibili gara aurtengo udan, ez baita sute bortitzik egon. Auskalo datorren urtean zer gertatuko den: zaila da asmatzea. Suteei dagokienez, iragarpenak ez dira onak: tenperaturek gora egingo dute aurrerantzean ere, eta euri jasak gutxitu. Gizateria osoari eragiten dion auzi bat da, eta argi dago ezin dugula horrela jarraitu. Hala ere, beharrezkoa da baikorrak izatea. Bestela lan latza izango dugu hemendik aurrera. Suteei aurre hartzeko politiketan lanean ari gara dagoeneko, eta bide horretatik jarraitu behar dugu.
