Arkitektoek beren mundutik atera eta lanbidea gizarteari gerturatu behar dietela uste du Sara Velazquez Arizmendik (Beasain, Gipuzkoa, 1973). Arkitektoa da hura ere, eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoko Nafarroako lehendakari izendatu zuten ekainean. Halere, aspaldi hasi zuen ibilbidea. VArquitectos estudioko zuzendaria da, eta, tartean, baita Passivhaus kontsumo energetiko baxuko etxeetan aitzindaria ere. Dena dela, lehiaketa publikoen inguruan ere mintzatu da Velazquez: haietako askotan arkitektoek jasaten duten prekaritatea salatu du.
Nolakoak izan dira lehen aste hauek karguan?
Oso politak izan dira. Elkargoko kideek besoak zabalik hartu naute. Hala ere, lan karga handia da, eta elkargoko lanari VArquitectosekoa ere gehitu behar zaio. Dena antolatzen nabil.
Nola gogoratzen duzu kargua eskaini zizuteneko telefono deia?
Ilusio handia egin zidan, baina hasieran ezetz esan nuen; nire izateko moduaren modus operandi-a da hori [barrezka]. Ordu batzuk igaro nituen proposamenari buruz hausnartzen, eta, azkenean, zuzendari izango banintz zer aldaketa egingo nituzkeen pentsatzeak bultzatu ninduen beldurrak alde batera utzi eta kargua onartzera.
Zer helburu bete nahiko zenituzke?
Irabazi-asmorik gabeko elkargo bat garen heinean, uste dut gizarteari zor diogula arkitekturaren ezagutza teknikoa hizkera errazago batera pasatzea: arkitektura gizartera gerturatzea. Nik beti esaten dut arkitektook gure mundutik atera behar dugula. Ez dugu hitz egin behar zurgintzaz, leihoez baizik. Bestalde, jasangarritasunaren alde ere egin nahi dut, bai eraikin berrietan, bai zaharretan.
Eta arkitekturaren aspektu teknikoagoei dagokienez, zein da asmoa?
Elkargokook dagoeneko bilerak egin ditugu administrazioarekin, eta lizentziak arinagoak izan daitezen egingo dugu lan haietan. Ekintzailetza errazagoa izan dadin nahi dugu, eta dena azkarragoa izatea.
Helburu asko dituzu.
Bai, eta denak lortu nahi ditut; ez diot ezeri uko egin nahi.
«Jaio zaren ospitaletik hasi, eta lo egiten duzun etxeraino, dena arkitekto batek pentsatu du»
Herritar oro bizi da arkitekturak inguratuta. Nola helaraziko zenioke jendeari arkitekturaren garrantzia?
Uste dut askotan ez garela konturatzen lanbide honek pertsonen egunerokoan izan dezakeen eraginaz. Jaio zaren ospitaletik hasi, eta lo egiten duzun etxeraino, dena arkitekto batek pentsatu du. Ez bakarrik alderdi teknikoak, alderdi emozionalak ere bai. Pertsona bat eraikinera sartzean nola sentituko den ere izaten dugu buruan.
Zuen jardunean, ohikoa da lehiaketa publikoen menpeko izatea. Zer dakar horrek?
Lehiaketek beste arkitektura mota bati ematen diote bide; esaterako, halakoen bidez eraiki daitezke eskolak edo ospitaleak. Lehen saria irabazi ezean, ordea, ez dugu ezer jasotzen egun horietako lanaren truke. Hala ere, ulertzen dut hori horrela izatea hiritarrek proposamenik egokiena lor dezaten.
Zer aldatuko zenuke lehiaketa publikoetan?
Nahi dugu proposamenak anonimoak izatea, puntuazio irizpideak argiak, ordainsari bidezkoak, eta, ahal bada, kalitate arkitektonikoa lehenestea, eta ez alderdi ekonomikoa, hori baita orain askotan gertatzen dena.
Elkargoaren Nafarroako delegazioak ez zuen parte hartu Iruñeko Erorien Monumentua berregiteko lehiaketa publikoan. Zergatik?
Iruditzen zitzaigun izen handiko arkitekto gehiago egon behar zirela epaimahaian. Baita oinarriak zehaztu behar zirela ere, aurkeztuko denak hasieratik jakin dezan zein diren jokoaren arauak. Jarraibide arkitektonikorik ez ezartzea ere nahi genuen, hau da, nola edo hala arkitektoei askatasun osoa uztea. Hala ere, oso eraikuntza konplexua da, bai arkitektonikoki, bai historikoki izan duen esanahiagatik.
«Iruñean badira etxebizitza bloke batzuk eraikinean gorantz eginez handitu litezkeenak, baina jendeari beldurra eman ohi dio horrek»
Etxebizitzaren krisiari aurre egiteko irtenbidea gehiago eraikitzea dela uste dutenetakoa zara? Edo birgaitzearen alde zaude?
Larrialdi egoeran gaude. Ikuspegi arkitektoniko batetik, gehiago eraiki behar da, baina zentzuz; ezin da urbanizazio bat eraiki galsoroz inguratutako zona batean. Adibidez, Iruñean badira etxebizitza bloke batzuk eraikinean gorantz eginez handitu litezkeenak. Jendeari beldurra eman ohi dio horrek, baina hirien dentsitatea handitzea askoz jasangarriagoa da, besteak beste, joan-etorriak aurrezten direlako eta lehendik zeuden zimenduak erabiltzen direlako. Aldi berean, jadanik badauden etxebizitzak birgaitu behar dira. Etxebizitza birgaitu baten gastuak berri batenaren berdinak izan ahal dira.
Nola aldatu dira birgaitzeak azken urte hauetan?
Energia eraginkortasunarekin zerikusia du birgaitzeetan egin ohi den aldaketa nagusienetako batek, etxeek ahalik eta gutxien gastatu dezaten energetikoki. Etxebizitzen diseinua ere aldatzen da, gizartearen beharrak aldatu direlako. Esaterako, lehen familiak handiagoak ziren; orain, orokorrean, etxebizitza txikiagoak behar dira.
Jasangarritasunaren harira, zuk zeuk Lezkairun diseinatutako proiektu bat izan zen Passivhause ziurtagiria lortu zuten lehenbiziko etxebizitzetako bat. Nola jaso zenuen hori?
Ziurtagiria lortzea oso polita izan zen. Izan ere, estudioan proiektua azaltzen hasi zen lehena nire anaia izan zen, eta inork ez zion sinesten orduan. Nola izango zen posible ile lehorgailu batek baino gutxiago kontsumitzen zuen etxebizitza bat eraikitzea? Bada, posible izan zen azkenean.
