Euskara ikasgela gehiagotan da

Euskara ikasgela gehiagotan da

Eguerdiko ordu biak izateko hamar minutu eskas falta direlarik, inurrien moduan eta norabidea buruz balekite bezala oinez doazen dozenaka herritarrei segitzea da eskola topatzeko biderik eraginkorrena Faltzesen. Haurrak 14:00etan puntuan aterako dira zentrotik, 1976an ireki zutenetik herriaren ertzean dagoen Doña Alvara Alvarez eskola publikotik, eta haien bila doaz gurasoak, etxeratzeko. Dagoeneko han, erne dira haien esperoan. «Hortxe duzu ama!», entzun da halako batean ateetako batetik, gaztelaniaz. Irakasle bat da, ume bati mintzo, eta zera ere esan dio segidan hari, aipatu ama hurbildu ahala: «Kontatu etxean kika bat erori zaizula, e? Eta oroitu motxilan duzula!». Gaztelaniaz hori ere. Hasiera batean, deusek ez du eman aparteko atentziorik eskola irteeran, baina kazetaria berehala ohartu da arreta zehazki zer haur talderengan jarri, hor egon zitekeela koska. Eta halaxe. Metro gutxira, irakasle batek euskaraz agurtu ditu haurrak. Eta guraso batek zera galdetu dio semeari: «Ongi eguna euskaraz? Zer egin duzue?». Eta hor dago nobedadea.

Estreinako aldiz, D ereduko lerroa ireki dute Faltzesko ikastetxe publikoan, eta hizkuntza eredu horretan hasi dituzte eskolak guztira hamalau umek: Haur Hezkuntzako lehenbiziko mailako sei umek, eta Haur Hezkuntzako bigarren mailako zortzik. Orain arte, zentroak G eta A ereduak bakarrik eskaintzen zituen. 

Aldaketa ez da bestela bezala iritsi. Batik bat, herriko hainbat familiak elkarrekin eginiko borrokak ekarri du euskarazko eredua ikastetxera, eta traba ugari izan dituzte prozesuan, gainera; Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarenak batez ere. «Orain oso pozik gaude, baina orain arteko bidea izugarri gogorra izan da; ez dizkigute gauzak batere erraz jarri», nabarmendu du, tinko, Susana Aranak. Faltzesen D eredua ezar zedin borrokan aritu diren gurasoetako bat da Arana, eta, haurraren bila eskolara heldu den honetan, pozik baina artean kritiko egin du gertatutakoaren balantzea.

«Orain oso pozik gaude, baina orain arteko bidea izugarri gogorra izan da; ez dizkigute gauzak batere erraz jarri»

SUSANA ARANA Faltzesko gurasoa

Tokirik ezaren aitzakian

Duela bi urte luze hasi zuten bidea. 2024-2025eko ikasturtea hasi zenerako, herriko 11 familiak egina zuten herriko eskolan D ereduko lerroa irekitzeko eskaria, udalarekin ere bildu ziren, eta udalak berak eskutitz bat igorri zion Nafarroako Gobernuari, «prozesuaren inguruko oniritzia emateko». Baina laster heldu zen Hezkuntza Departamentuaren ezetza bueltan, euskarazko eredua abiarazteko 80/2019 Foru Dekretuko eskola mapa aldatzeko eskatu zitzaienean preseski. Gobernuaren arabera, 2031-2032 ikasturtera arteko antolaketa aurreikuspenen arabera, zentroan ez zen «behar adina leku fisiko» D ereduko lerroa zabaltzeko. 

Hortik aurrera ere traba mordoa izan zuten bidean, Sandra Azkonak oroitu duenez; eskolako gurasoetako bat da hura ere. Hilabeteotan guztietan D ereduaren aldeko familiek eginiko zenbait ekintza ere gogoratu ditu: hala nola bilera informatiboak eta seme-alabak euskarazko ereduan aurrematrikulatzeko konpromisoa adierazten zuten eskakizunak biltzeko kanpaina. Azkonaren esanetan, hain justu ere matrikula kopuruei buruzkoa izan da aurre egin behar izan dieten presio iturri handienetako bat. «Gure lehen ahaleginean, gutxienekoa zortzi lortzea zela esan ziguten, baina azkenean baztertu egin zuten aukera, eta gogoan dut Gimenok esan zigula nahi bagenuen Azkoienera bidaltzeko haurrak».

D ereduko bi haur, heldu batekin, eskolatik atera berritan etxera bidean, Faltzesen. I. URIZ / FOKU

Azkenean, aurrekontu proiektuari buruzko negoziazioen barruan Geroa Baik Hezkuntza Departamentuari eginiko proposamen batek eman zion bultzada eskeari. Eskola handitzeko lanak egin dituzte, azkenik egin diote tokia D ereduari ere.

«Esperantzari ezin eutsiz ibili gara luzaroan, kostata egin dugu, baina begira zer lortu dugun», esan du Azkonak, harro. Gainera, dioenez, D ereduak askotariko familiei zabaldu dizkie euskararen ateak, eta jadanik antzeman daiteke poza haiengan guztiengan. 

«Erronka da euskara ez gelditzea ikasgeletan, eta zabaltzea aisialdira, kalera. Halere, hau dagoeneko bada zer»

SANDRA AZKONA Faltzesko gurasoa

Halakoa da Amara Sagardoiren kasua. Haren alaba Haur Hezkuntzako bigarren mailan hasi berri da, euskaraz. «Izugarri pozik nago ni, eta hala dago alaba ere», kontatu du. Aitortu duenez, etxekoek ez zuten euskararekin batere harremanik aurrez —«Hau guztia berria da guretzat»—, baina aise animatu zen urratsa egitera. «Zergatik ez? Beldurrak berehala uxatu nituen; haurrak berehala ikasiko du!». 

Aurrera begira ere ari dira familiak. Azkona: «Erronka da euskara ez gelditzea ikasgeletan, eta zabaltzea aisialdira, kalera. Halere, hau dagoeneko bada zer».