Turisten atsekabea

Turisten atsekabea

Oporretan joan aurretik, ustez gehien erabili behar izango nituen hitzak bilatu nituen hiztegian, eta, halaber, nola ahoskatu jakiteko, hitz bakoitza bina aldiz entzun nuen. Bom dia. Muito obrigado. Desculpe. Adeus. Hizkuntzaz gain, tokian tokikoa ere lehenetsi nuen, eta bertako bai dendak, bai tabernak, bai jatetxeak bilatu nituen. 

Bilaketa guztien ostean, bezperan, konturatu nintzen ez nuela turista arruntaren itxurarik izan nahi, hots, turista izanda ere, turistifikazioaren kontra dagoen turista atsegina eta abegikorra izan nahi nuen. Baina denok dakigunez, ez da horrelako izakirik existitzen; gaur egun turista orok hauspotzen baitu era batean zein bestean errukirik gabe murtxikatzen gaituen turismo-eredua.

Nik banekien sei egunez turismo-eredu horren partaide izanen nintzela, baina ezjakite hutsez pentsatu nuen maletan arropa estandarra sarturik, tokiko zenbait hitz buruz ikasirik eta bertako komertzioak zerrendatuta eramanez gero, akaso, turista apala izanen nintzela; are gehiago, nire turismoak ez zuela hainbesteko kalterik eginen.

Inuzentea izan nintzen, zalantzarik gabe: batetik, arestian esan dudanez, ez delako horrelako turismo orbangaberik existitzen, eta, bestetik, kaleak zapaldu bezain pronto, azkar batean edozein turista bezalakoa nintzela ikusi nuelako.

Bertakoei bost axola zitzaien zein hizkuntzatan agurtzen nituen; haientzat, guztiz ulergarria denez, guztia zen hello, thanks eta sorry. Berdin zuen itxurak, berdin zuen sorterriak, guztiok berberak ginen, eta, azken honen ondorioz, munduko hizkuntzarik hegemonikoenak, ingelesak, biltzen gintuen.

Itsumustuan ibili ginen kaleetan, batzuetan aldats gora eta besteetan aldats behera, ezin turista masa likatsuari bizkarra eman; Google Maps erabili behar izan genuen, hori bai, bolumenik gabe, ingurukoek martxan genuela ikus ez zezaten; zenbait turistaren jarrera gaitzetsi genuen; euskaldunak topatu genituen dendetan, eta benetako eguneroko samurra erakusten duten zuri-beltzezko postalak erosi genituen.

Bertakoei bost axola zitzaien zein hizkuntzatan agurtzen nituen; haientzat, guztiz ulergarria denez, guztia zen ‘hello’, ‘thanks’ eta ‘sorry’

Jakin badakit honakoa turista negarti baten kopla dela. Dena den, ez dakit koplatik harago zer egin, ez dakit gaur egun jada turismo kaltegaberik existitzen ote den, nahiz eta existitzen ez delako susmoa izan.

Gertutik ezagutzen dugu masifikazioa gurean. Aurtengo udan, 5.000 biztanle inguruko herri batean, hainbat etxebizitza turistiko daudela jakin dut; nik oporretan egin nuen gisara, turista gutxi batzuk euskaraz agurtzen saiatu dira, baina gehienak ez; guztiz lehortutako basabideetan barna, aupa, egun on, eta tankerako agurrez gain, erdara ere maiz entzun dut; sarri, turismoa zela-eta, karrikan barna ibiltzea jasanezina izan da.

Haatik, turismoak sortutako arazoez gero eta gogaituago dagoen gure gizartean, gero eta ohikoagoa da uda sasoian gure inguruko norbait Vietnamera, Japoniara, Thailandiara, Maldivetara, Txinara, Sri Lankara edota modan dagoen beste lekuren batera joatea; eta sentitzen dut, baina horrelako bidaiek are gehiago sustatzen dute guk gurean zorrotz epaitzen dugun turismoa. 

Turista negarti baten koplak, besterik ez.