Nafarroako Parlamentuak Foru Hobekuntzako eskumen denak lortzea onetsi du

Nafarroako Parlamentuak Foru Hobekuntzako eskumen denak lortzea onetsi du

Bezperako eztabaidaren sugarrak ez dira gaur goizean amatatu. Nafarroaren egoerari buruzko politika orokorreko eztabaidaren bigarren egunean, agenda politikoa markatzen duten gai nagusiak izan dituzte hizpide, eta autogobernuaren auzia oso presente egon da: Foru Hobekuntza berritzearen eta gaur egungo eskumenak burutzearen alde egin du gehiengoak.

Hain justu, onartutako testuen artean UPNk aurkeztutakoa dago. UPNk proposatu du Nafarroak Gizarte Segurantza zein lan ikuskaritzaren, Ikerketa eta Garapenaren eta beken kontrola izatea, eta EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak bat egin dute. Espainian egoitza nagusia duten bi alderdi nagusiak, PSN eta PP, abstenitu egin dira.

Aldiz, EH Bilduk gainerako alderdiei proposatu dienean «autogobernuan sakontzea», UPNk atzera egin du. Geroa Baiko Javier Ollori «kezkagarria» iruditu zaio PSNren abstentzioa, EH Bilduk bere betiko aldarrikapen historikoak atzean utzi eta «UPNrena bera baino proposamen apalagoa» egin baitu. EH Bilduko Mikel Zabaletak onartu dio, proposamen bat baino gehiago, «argazki bat» izan dela: «Gutxieneko testu bat zen, oso zuria, eta balioa izan du guztiei argazkia ateratzeko. Non dago arazoa?». 

Bezperan gertatu bezala, bi eredu islatu dira eztabaidan. Adibidez, etxebizitzaren arazoari aurre egiteko. «Eskuinarentzat etxebizitza aktibo bat da, zerbitzu bat; guretzat, aldiz, eskubide bat», esan du Zabaletak. Aitzitik, Javier Esparzak nabarmendu du UPNren garaian «babes ofizialeko milaka etxebizitza» eraikitzen zirela eta orain «hamarnaka batzuk». Zurekin Nafarroako Daniel Lopezek, ordea, gogorarazi du «UPNren erruz» etxebizitza horietako askoren jabego publikoa iraungitu dela.

Larrialdi klimatikoaren auzian, hirigintzari lotutako azterketa baten berri eman du, Nizan (Frantzia), Malmon (Suedia) eta Valentzian (Herrialde Katalanak) aplikatzen ari direna: 3-30-300 irizpidea —alegia, edonoren etxetik hiru arbol ikusi ahal izatea; edozein auzotan espazioaren %30 arbolak izatea, eta etxetik 300 metrora gune berde bat izatea—.

Geroa Baiko Mikel Asiainek uste du Nafarroak «industria lurralde» izaten jarraitzeko bultzada behar duela: zorua sustatu, azpiegituratan inbertitu eta eraldaketari aurre egin. Europako ekoizpena babesteko neurriak ere galdegin ditu: «Etor daitezela txinatarrak, baina hemengo langileekin eta zati bat bertako osagaiekin hornituta. Mundu guztian egiten den bezala».

Tentsioak eskuinean

Hauteskundeen gertutasunak bloke barruko tentsioak ere azaleratu ditu. Gobernuko bazkideen arteko kritikak entzun dira azken asteetan, baina eskuinean ere ez da dena armonia. PPk UPNri leporatu dio nagusikeriaz jokatzen duela. Irene Royoren arabera, PPk UPNren proposamenak onartzen ditu «ñabardurei» erreparatu gabe, baina alderantziz UPNk ez: «Zuek ere gobernu aldaketa nahi duzue, baina egiten duzue behar duzuen guztia?». 

Esparzak ez du ulertu PPren jarrera: «Ez dakit zertara datorren». Bi alderdi desberdin direla azpimarratu du, eta argi utzi die PPri eta Voxi zein den marra gorria: «Nafarroa forala izatea nahi dugu». 

Voxeko Emilio Jimenezek bota du Nafarroako Gobernuari esker «zorriak» datozela. Asaldura eragin du aipuak. Gero, UPNri zuzendu zaio.  «Ez didazue erantzun gurekin eseriko ote zareten. Gure botoak behar badituzue zer egingo duzue? Demontre, erantzun nazazue».

UPNko Cristina Lopezek erantzun du ez dutela bat egiten Voxen «lehentasun nazionalaren» kontzeptu xenofoboarekin. «Ez dugu bat egiten zuen ereduarekin eta diskurtsoarekin. Migratzailea deshumanizatzen eta mespretxatzen duzue». Lopezen arabera, jendearen haserreaz baliatzen dira, baina euren proposamen gehienak «konstituzioaren aurkakoak dira eta ezin dira bete». 

Eguneko anekdota PPk utzi du. Ahaztu egin zaie eztabaidan ebazpenak aurkeztea.

onartutako ebazpenak

UPN. Deia Nafarroako Gobernuari, Madrilekin beka, Ikerketa eta Garapena eta Gizarte Segurantza zein lan ikuskaritzaren eskumenak lor ditzan. Ildo beretik, trafikoko azterketen eta karneten kudeaketa zein Noaingo aireportuaren gestioa eskatuko du. 
PSN.

Osasuneko itxarote zerrendak murrizteko estrategia bat garatzea, zerbitzu publikoen legea berritzea eta xenofobiari aurre egiteko neurriak. 

Larrialdi klimatikoaren perspektiba politika guztiei aplikatu eta eraikinak egokitu

.
EH Bildu. Sei hilabetean garatu beharreko estrategia; fiskalitate ekologikoa; eraikin publikoen klimatizazioa; babesleku klimatikoak… Hutsik diren etxeak atzemateko erreminta automatizatuak sortzea; etxe hutsak dituzten inbertitzaile handiei etxeok alokatzera behartzeko neurriak; parke publikoa handitzeko beharra. 
Geroa Bai.

 Hamasei neurri trantsizioari, industriari eta azpiegitura elektrikoei begira. 

Foru Hobekuntzan jasotako eskumenak burutzea eta haren erreformari bide ematea

.
Zurekin Nafarroa. 

Autogobernuaren

 bidez aberastasunaren banaketa egokia ahalbidetzea. 

Sistema publiko komunitarioa bultzatzea eta zerbitzu publikoen erreforma sakona egitea.

PSN-GB-ZN. 

Demokrazia arriskuan jartzen duten diskurtsoen aurrean, erakunde demokratikoen, ongizate estatuaren eta elkarbizitzaren aldeko konpromisoa.

 Etxebizitza oinarrizko eskubide bat dela aitortzea, eta espekulazioaren aurkako neurriak ezartzea.