Arrosadian loratutako Larrosa

Arrosadian loratutako Larrosa

Behin baino gehiagotan zabaldu dira Iruñeko Arrosadia auzoan lokal bat atonduko zutelako zurrumurruak. Ahoz aho igaro dira marmar horiek, baina asmoa gauzatu eta errotu ez. Oraingoan, zurrumurrua ez, mezua zabaldu da, ozenki zabaldu ere: Larrosa gune autogestionatuak ateak ireki zituen abenduan. «Larrosa kontrabotere espazioa aurkezteko zenbait ekitaldi egingo ditugu», iragarri zuten antolatzaileek abendu hasieran. Olentzerok ohi baino lehenago utzi zuen oparia auzoan. Auzolanean oinarritzen den gune horri forma ematen aritu dira harrezkeroztik.

Ateak ireki zituenetik hona, apaingarriak agertu dira Larrosaren pareta zurietan: egin nahi dituzten tailerren zerrenda arbelean idatzita, mahai jokoak pilatuta, eta tinta beltzez margotutako pankartak. Proiektua pixkanaka ari da loratzen, baina, Iñigo Aleman Larrosako kideak azaldu duenez, egitasmoak lau oinarri ditu hasiera-hasieratik: «Klase elkartasuna, feminismoa, inklusibitatea eta euskararen defentsa bermatu nahi ditugu beti».

Oinarri horietaz gain, auzoko beste eragileekin harremanetan egon beharra ere azpimarratu du Alemanek: «Auzoko hainbat belaunalditako kolektiboekin batera lan egiten dugu, eta haiek aukera daukate gunea erabiltzeko, inongo arazorik gabe». Larrosako talde eragileak kudeatzen ditu han antolatuko diren jarduerak, baina, betiere auzokideek egindako proposamenak kontuan hartuta.

Larrosako gunean abuztu amaieran antolatutako ekitaldietako bat. LARROSAK UTZITAKOA

Auzokideekin sustatu nahi duten elkarrizketa horren adibide da izenaren eta logoaren aukeraketa. Izena hautatzeko, lehiaketa bat antolatu zen, eta, gero, aukeren artean bozkatu. Ia 150 pertsonak bozkatu zuten Larrosa izenaren alde. «Auzoak hala erabaki badu, hala da izena!», esan du Alemanek. 

Logoa aukeratzeko ere bide berari jarraitu zioten, baina tailer batzuk ere antolatu zituzten, eta gunean logoak marrazteko aukera eman. Barnean bihotz bat duen arrosa bat atera zen irabazle azkenean. «Uste dugu talde eragilea gunearen azpiegiturari eusteko erreminta bat dela, baina ez Larrosan zer egin behar den erabakitzeko erreminta bat», onartu du Alemanek.

«Azkenean, kontuan hartuta gaur egun zer errealitate material ditugun Iruñerrian, nahiko zaila da gaztetxeak eta gune autogestionatuak garatzea»

IÑIGO ALEMAN Larrosa guneko kidea

«Lokal irekia izango da, auzoak auzokideentzat eraikia. Antolatzeko gune, biltzeko leku eta askotariko jarduerak gauzatzeko txoko», adierazi zuten lokalaren aurkezpenean. Ateak ireki bezain pronto sumatu zuen Alemanek auzokideen harrera ona: «Hasieratik agertu da auzoko jendea, jendaurreko ekitaldiak egiten hasi ginenetik; hainbat belaunalditako jendea, gainera. Nabaritzen da jendeak nahi duela horrelako lokal bat izan dadin auzoan».

Lokalaren erreferentzialtasuna indartzeko asmoz, tailerrak antolatuko dituzte udazkenean. Batetik, jada antolatuta dauden kolektiboei beren proiektua garatzeko lekua eskaini nahi diete; bestetik, egitasmo propioak ere antolatu nahi dituzte. Udan ere izan dituzte horrelako jarduerak: hitzaldiak, auzoko pegatina historikoen erakusketa, gaztelania ikasteko eskolak, eta zinema saioak, besteak beste. Eta are eskaintza zabalagoa prestatu dute orain, udazkenerako: euskara eskolak, pilatesa, kakorratz tailerra eta pole dance ikastaroa, besteak beste. «Helburua da Larrosan askotariko dinamikak antolatzea, sistema kapitalistatik kanpokoak eta ikuspuntu inklusibokoak. Jarduerak denontzat dira, eta denontzat eginak», nabarmendu du Alemanek.

Esate baterako, Matias Cruz artista arduratuko da arte tailerrak gidatzeaz. Marrazkien bitartez zenbait gauza hobeki adierazten direla uste du Cruzek, eta hori helarazi nahi du ikastaroan: «Lehen helburua da auzoan arte komunitate plural bat osatzea, eredu kapitalistarekin bat egiten ez duena». 

«Azken finean, arteaz hitz egiten dugunean gizakiak sortutako hizkuntza pertsonal batez hitz egiten dugu. Bakoitzak bere modua du munduari oihu egiteko»

MATIAS CRUZ Larrosa guneko arte irakaslea

Astean behin elkartuko dira ikasleak Cruzekin, eta urrira arte izango da izena emateko aukera. Irakasleak arte plastikoan sakonduko du batez ere: «Azken finean, arteaz hitz egiten dugunean, gizakiak sortutako hizkuntza pertsonal batez hitz egiten dugu. Bakoitzak bere modua du munduari oihu egiteko». Oraindik guztiz zehaztu gabe dute gainerako jardueren zerrenda, baina pilatesa, pole dance-a eta tankerako kirolak izango direla aipatu du Alemanek: «Betiere ikuspuntu antikapitalista eta ez-lehiakor batekin. Larrosara ikastera eta auzoko bizitza sustatzera etortzen gara, ez hoberenak izatera».

Eredutik at

Zurrumurruak oihu bihurtzeko bidea ez da batere erraza izan, Alemanek aipatu duenez, eta, etorkizunari begira, helburu bakarra dute: bizirik irautea. «Azkenean, kontuan hartuta gaur egun zer errealitate material ditugun Iruñerrian, nahiko zaila da gaztetxeak eta gune autogestionatuak garatzea», argudiatu du Larrosako kideak.

Pixkanaka beste petalo batzuk agertzen ari zaizkio Larrosari, abenduan aipatu zuten etorkizun horretara hurbiltzeko bidean: «Logika kapitalistak itotzen gaituen honetan, kontrabotere espazio gisa loratuko da Larrosa. Arrosadian borroka komunitate sendoa sortzeko asmoz».