Hainbat eragile memorialistaren kritika artean bada ere, Iruñeko Erorien Monumentua eraberritzeko prozesua aurrerapausoak ematen ari da. Hala, udalak gaur jakinarazi du Itzaletik argira proiektuaren alde egin zutela ekainean egindako prozesu parte hartzailean. Denera, 247 herritarrek bete zuten galdetegia, eta proiektu hark 6,1eko batez besteko nota eskuratu zuen; Harriak hitz proiektuak, berriz, 4,2koa.
Udalak emandako azalpenen arabera, egun lau jarrera ezberdin daude Erorien Monumentuaren etorkizunaren inguruan. Mutur banatan leudeke eraikina bere horretan uztearen aldekoak eta hura eraitsi behar dela defendatzen dutenak; hor kokatu dira hainbat eragile memorialista. Halere, beste bi aukeretan zentratu da Iruñeko Udala, eraikina eraberritzeko bi proiektu finalistei lotutako ikuspegietan.
Hain zuzen, proiektu horietako bakoitza eraikinaren etorkizunari buruzko jarrera batekin lotu dute. Batetik, «aukera eraldatzaile bat» defendatzen dutenak; eta bestetik, ikuspegi «kontserbadore» batekin jarraikortasuna bilatzen dutenak, aldaketa «mugatuen» alde eginda, eta «ondare eta arkitektura balioa lehenetsita». Eta bi horien artean, lehenengoa babesten du gehiengo batek, udalaren arabera; hain zuzen, Itzaletik argira proiektuak proposatzen duena.
Izan ere, Iruñeko Udalak argudiatu du landutako arlo guztietan Itzaletik argira proiektuak Harriak hitz-ek baino babes «nabarmen» zabalagoa eskuratu duela. Lehenaren puntuazioa hamarretik 6,1ekoa da batez beste, eta mediana 7,7 puntukoa. Bigarrenaren kasuan, bataz besteko nota 4,2koa da, eta mediana 4,6koa.
Hala, udalak uste du gehiengoak «esku hartze arkitektoniko sakon bat» defendatzen duela, «esanahi berri bat eman eta eraikina museo-memorial bihurtzeko». Finean, azaldu dute proiektu «positiboki eraldatzaile» gisa ikusten dutela herritarrek, nahiz eta baden hura «osoki baztertzen duen gutxiengo bat» ere.
Proiektuak alboetako arkuteriak ezabatzea aurreikusten du, kriptaren inguruan beirateak jartzearen alde eginda, baita kupularen oinarrian beirazko behatoki bat jartzearen alde ere. Horrek eraikinari esanahi berri bat ematen laguntzen diola uste dute. Era berean, baina, herritarrek kezka azaldu dute «azpiegitura berrien bideragarritasun ekonomikoaren» eta inguruko zuhaitzetan eragin dezakeen balizko kaltearen inguruan.
Harriak hitz proiektuaren kasuan, berriz, herritarrei eginiko galdeketatik ondorioztatu dute badela kezka iturri ea eraikinari esanahi berri bat emateko gaitasuna izan ote dezakeen. Izan ere, hark tenpleteak eta kupulako linterna kentzearen alde egiten du, kriptarako sarrera gisa zokalo handi bat eratuz, baina herritarrek «jarraikortasun» gehiago ikusi dute proiektu hartan, besteak beste, egungo arkuak mantentzearen aldekoa baita.
Hurrengo urratsak
Iruñeko Udalak maiatzean aurkeztu zituen eraikina eraberritzeko bi proiektu finalistak. Denera, 21 proiektu aurkeztu ziren nazioarteko lehiaketara, eta epaimahaiak bi horiek aukeratu zituen azken faserako. Puntuazio gorena (94 puntu) jaso zuten biek lehen fase hartan, «lehiaketaren oinarrietan jasotako helburu guztiak» betetzen dituztelakoan.
Ondoren, ekainean egin zuten prozesu parte hartzailea, eta behin haren ondorioak jasota, proposamenak egokitzeko aukera izango dute, eta horrekin, obra proiektua idazteko proposamena aukeratzeko bideari ekingo diote. Horretarako, kontuan hartuko dituzte nazioarteko lehiaketan lanek jasotako puntuazioak eta herritarrek betetako galdetegiak.
Udalak azaldu duenez, azken proiektuaren idazketa 2027ko urtarrilean hastea aurreikusten dute, eta 474.320 euroko aurrekontua izango luke.
