Gazte Komunistak erakundea protesta egitekoa zen gaur 18:00etan, Iruñean, etxegabetzeen aurka. Elkarretaratzea, baina, bertan behera utzi behar izan dute, Espainiako Gobernuko ordezkaritzak debekatu baitu. EPK-PCEren gazte erakundeak berak sare sozialetan azaldu duenez, Espainiako Gobernuak gaur bertan eman die debekuaren berri. Gobernu ordezkaritzak argudiatu du gazteek ez zutela elkarretaratzea «garaiz» jakinarazi, eta horregatik ukatu diotela baimena.
Gazte Komunistek ez dute ontzat eman argudioa, eta kritiko azaldu dira Espainiako Gobernuak izandako jokabidearekin: «Ezezkoa komunikatzeko, polizia agenteak militante baten bizilekura bertaratu dira, eta, larderia erabiliz, jakinarazi diote gaur arratsalderako baimena ukatu diotela», adierazi dute, ohar batean. Protestaren antolatzaileen iritziz, horrek erakusten du «noren alde dauden bai gobernu zentrala bai haren ordezkariak Euskal Herrian».
Bereziki larritzat jo dute Polizia bidali izana debeku bat jakinaraztera: «Poliziaren presentzia gero eta itogarriagoa da, eta gure etxeetako ateetara iristen da». Are: uste dute gertatutakoak agerian utzi duela gaurko elkarretaratzean salatu nahi zutena: hau da, «erakundeek errentariekin duten konplizitatea», alde batetik, eta «errepresio indarren erabilera klase antolakuntzaren aurka», bestetik.
