Etxean euskara eta gaztelania erabiltzen dituztenen ehunekoa bikoiztu egin da Nafarroan: %6tik %13ra hamar urtean

Etxean euskara eta gaztelania erabiltzen dituztenen ehunekoa bikoiztu egin da Nafarroan: %6tik %13ra hamar urtean

Nafarroako etxeetan entzuten diren hizkuntzen mapak gero eta kolore gehiago du. Duela hamar urte, argazkia kolorebakarra zen kasik: nafarren %86,7k gaztelania soilik erabiltzen zuten etxean. Gaur egun, erdaraz bakarrik aritzen direnak gehiengo dira (%77), baina gero eta handiagoa da gaztelaniaz gain beste hizkuntza batean mintzo direnen multzoa: %22,1. Nastat estatistika institutuak argitaratu berri ditu datuak, 2025eko Gizarte eta Bizi Baldintzen Inkestaren barruan.

Inkesta horretan ez dute zehaztu zenbat etxetan egiten den euskaraz soilik, baina badago modua datu hori ere ezagutzeko, zeharka bada ere: elebakarren ehuneko orokorrari (%77,4) gaztelaniaz soilik mintzatzen direnen datua kenduta (%77), ondoriozta daiteke euskara hutsean solastatzen direnak gainerakoak direla: %0,4, alegia. Etxeko erabilera neurtu zuen VII. Inkesta Soziolinguistikoak ere, 2021. urtean. Horren arabera, Nafarroan 16 urte edo gehiagoko biztanleen %6,4k «euskara erdara beste edo gehiago» erabiltzen dute etxean, %3,9k euskara darabilte «erdara baino gutxiago», eta gainerako %89,7 erdaraz aritzen dira soilik.

Nafarroako estatistika institutuak 15 urtetik gorako herritarren artean egin du galdeketa, eta jasotako erantzunen artean bi joera nagusi antzeman daitezke: alde batetik, euskaldun elebidunen goranzko handi bat —zazpi puntu portzentualekoa—; eta bestetik, migrazioak gizartean duen pisu gero eta handiagoa. Lehen multzoan, deigarria da etxean euskara eta gaztelania erabiltzen dituztenen hazkundea, 2016koak halako bi baitira gaur egun: duela hamar urte, biztanleen %6 baino gutxiago ziren, eta 2025eko datuetan, berriz, %13.

Etxean bi hizkuntza edo gehiago erabiltzen dituztenen artean, euskaldunak dira nagusi: %58,5. Hala ere, nabari da beste hiztun komunitate batzuen goraldia ere. Etxe elebidunen %10etan, esate baterako, arabieraz eta gaztelaniaz egiten dute. Ingelesak ere hiztun ugari ditu Nafarroan: etxean ele bitan aritzen direnen %9,9. Koska bat atzerago daude errumaniera (%4,2), frantsesa (%4,1) eta portugesa (%3,8); eta zerrendan beherago oraindik, katalana eta galegoa —inkestan multzo berean elkartu dituzte, Espainian ofizialak diren beste hizkuntzak izenpean—, eta txinera. %2ko langaren azpitik daude horiek.

Iparraldean, euskara

Nafarroako elebidunen banaketa, baina, ez da homogeneoa lurralde osoan. Badu lotura handia Euskararen Legeak ezarritako zonifikazioarekin eta migratzaileen komunitateen banaketarekin. Eremu ez-euskaldunean, esate baterako, etxean bi hizkuntza dituztenen %12 baino ez dira euskaldunak, eta %84, berriz, beste hizkuntza batzuetan aritzen dira. Eremu euskaldunean, banaketa alderantzizkoa da: elebidun ia denak euskaldunak dira (%93,3), eta beste hiztun komunitateak, berriz, ez dira %7ra iristen.

Eremu euskaldunean, zehazki, oso nabarmena da etxean bi hizkuntza edo gehiago erabiltzen dituztenen goranzkoa. Hamar urtean, %23,7 izatetik %67 izatera igaro dira. Nastaten txostenean ez dago fenomeno horren gaineko azalpenik, baina uste izatekoa da, euskaldun elebidunen goranzko orokorraz harago, beste faktore batek ere eragin izana: lehen euskaraz bakarrik hitz egiten zuten etxe batzuetan euskara eta gaztelania erabiltzen hasiak direla.

Hiztunen adinari eta banaketa sexu-generikoari erreparatuta, berriz, aldea ez da hain handia. Gizonezko elebidunen artean, euskara eta gaztelania darabilte %58,8k; eta %41,2k, berriz, gaztelania eta beste hizkuntza batzuk. Banaketa bertsua da emakume elebidunen artean ere: etxean euskara erabiltzen dute hamarretik seik, eta beste hizkuntza batzuk, berriz, hamarretik lauk.

Adin taldeei dagokionez, azkenik, gaztelaniaz besteko hizkuntzek parekatzeko joera dute sektore gazteenen artean: 15-29 eta 30-44 urte arteko kategorietan, esaterako, etxean euskara erabiltzen dutenak erdia baino apur bat gehiago dira (%52); beste hizkuntzaren bat darabiltenak, berriz, %45 inguru. 60 urtetik gora, berriz, aldea handiagoa da euskaldunen alde: etxean bi hizkuntza edo gehiago erabiltzen dituztenen %80 inguru euskaraz aritzen dira, eta %19,8, berriz, beste hizkuntza batzuetan.