Adingabeen kontrako zigor prozedurak nabarmen ugaritu ziren iaz Nafarroan: salaketak %34, eta delituak %29

Adingabeen kontrako zigor prozedurak nabarmen ugaritu ziren iaz Nafarroan: salaketak %34, eta delituak %29

Helduen kontrako mota guztietako zigor prozedurak jaitsi egin dira Nafarroan; adingabeen kontrakoak, aldiz, nabarmen hazi. Iaz, 2024. urtearekin alderatuta, %34,42 salaketa gehiago jarri ziren adingabeen kontra, eta %28,97 delitu gehiago egotzi zizkieten. 

Nafarroako Fiskaltzaren iazko txostenaren ondorio nagusia da. Jaime Goiena Nafarroako fiskal nagusiak iazko jardueraren laburpena eman dio Unai Hualde Nafarroako parlamentuko presidenteari. Goienak agerraldi bat egingo du Nafarroako Parlamentuko Barne, Funtzio Pulbiko eta Justizia Batzordean, datuak azaltzeko.

Goienak zehaztu du adingabeen delituen hazkundea delitu mota ia guztietan izan dela: sexu askatasunaren kontrakoak, lesioak, ondarearen kontrakoak… Bada salbuespen bat: gutxitu egin dira ordena publikoaren kontrako delituak.

Genero indarkeria delitu gehiago

 

Adingabeen adin tarte guztietan izan da zigor prozeduren hazkundea: 14 urtetik beherako 290 adingabe salatu zituzten —189 mutil, 101 neska—; 14-15 urteko 457 —349 mutil, 108 neska—; eta 16-17 urteko 714 —606 mutil, 108 neska—. Goienak ohartarazi du 14-15 urte arteko adingabeek gero eta delitu gehiago egiten dituztela, eta 16-17 urtekoen kopurura iristen ari direla.

Helduen kasuan, aurretiazko prozeduren kopurua %5 gutxitu zen iaz 2024. urtearekin alderatuta: 31.381 izan ziren iaz, 33.029 2024an. Hala ere, Goienak gehitu du hazten ari direla genero indarkeria delituak eta delitu informatikoak. 2024an ere hazkundea «handia» izan zuten.